es | fr | en

Aza 28 2016

Laja, trikitixaren zubia

EGILEA: JOXEMARI IRIONDO UNANUE

LIBURUA + DISKOA

Elgetaren jakituria, Sakabiren soinua jotzeko zehaztasuna –notak garbi markatzea gustatzen zitzaion Lasturkoari– eta Joxe Mari Altuna musikalari azpeitiarraren trebezia ikasi eta ondu zituen, lehengo trikitilari zaharretatik abiatu eta oraingo trikitilari gazte ondo hezietara zubia egiteko. Eta aurrekoen eredua jarraituz, ate-joka etorri zaizkion gazteei bere jakituria transmititzen saiatzen da, aurrerantz ere iraun dezan trikitixak sendo eta indartsu. Nekez izango da Gipuzkoan herri eta auzorik inoiz edo behin Laja soinua jotzen izan ez denik. Hasi Gorostietako saletxe ondoko erromeriatik eta Kataluniako Arsèguelera, plaza txiki eta handi asko ezagutu du bere ibilbide luze eta oparoan. Azkenengo urte hauetan, berriz, Bizkaian, Nafarroan eta Iparraldean ere ezaguna da Lajaren irribarre gozoa eta lanerako gogoa. “Soinua ondo jo ez ezik, inportantea da herriarekin elkartzen jakitea, bat egitea -zioen-. Eskatutakoa ematen saiatzen bazara, berriz ere itzuliko zara herri horretara. Maila ona eman behar da, jendearekin ondo konektatu, eta eskatzen dizuna ematen ahalegindu”, esaten du.