KALEAN DA “SASI ARTEAN ELGETA” KOMIKI LIBURUA

2018an Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen ekimenez eta Dani Fanok gidaturik Ikastolen Elkartearekin eskutik abiatutako bidaiak bere azken fruitua eman du: SASI ARTEAN ELGETA komiki liburua.

2019tik 2021era Xabiroi komiki aldizkarian atalka argitaratu dira Jazinto Rivas “Elgeta”ren bizitzako pasarte garrantzitsuenak.

Koldo Izagirrek izan du kontakizunaren gidoia egiteko ardura. Erronka berria izan da berarentzat, eta bidailagun ezinbestekoa komiki liburu honetarako: lehendik ere, Elgetaren biografia liburua argitaratua dauka EHTEren Soinuaren Liburutegia bildumaren baitan (Elgeta, sasiaren sustraiak – [::////::] Trikitixa Elkartea).

Dani Fanoren eskuek eman diote komikiari eta Elgetaren irudiari forma eta bizia, eta, Garluk-ek koloreztatu du komikiari behar zuen giroa eta argia emanez. Euskal komikigintzan aski ezagunak dira biak ere.

Euskal Herriko kultur adierazpen ezberdinak elkarlanean jarri gara beraz komiki liburu hau plazaretzeko.

Ohiko liburudentean aurkituko duzu, eta webgune honetako denda atalean ere bai: Sasi artean Elgeta – komikia – [::////::] Trikitixa Elkartea