PANDEROAREN SOINUA
Zenbait aditu berrik antropologia merkea egin nahi izan dute, adieraziz, zuzen ez bada hitz erdiz, interesgarria litzatekeela emakumearen rola aztertzea trikitixan, alegia, bigarren maila batera egon dela baztertua tradizionalki...
Trikitixa, ordea, ezer baldin bada, panderoa da. Arrabita, zarrabetea, alboka, gitarra, esku-soinua... horien guztien aldean ikusten dugu panderoa. Lagungarri izan barik, esan liteke, oinarri dela panderoa, panderoaren ritmoan dela kanta eta dantza egiten. Eta hainbesteraino da hau egia, non autore zaharrek dioskuten trikitixa, hasieran, pandero hutsarekin kantatzen eta dantzatzen zela, eta emakumeek erabiltzen zutela.
Panderoari, pendero zaharrari, oraingoa baino handiago eta hots sakonagoko hari, le tambour du basque esaten zitzaion, Victor Hugok berak horrelako bat ikusi zuen Piriniotako etxe zahar batean 1843an. Euskaldunen tresna tipikoa zen beraz, panderoa.
Panderojolea, betalde, kantaria izan dugu beti. Esku-soinua azaldu baino lehenagoko bikoteetan, garrantzi berezia zeukan emakume panderojoleak, bera zen kantaria. Eta laguna bertsolaria zuen kasoan ere, ez zen isilik egongo: Segurako Itsuak (Joakin Luzuriaga, 1824an jaioa, gitarrajolea) andreak eta biek kantatzeko bertsoak egiten zituen, "elkarri jarritakoak".
Gaur, panderista ez ezik, soinujolea ere bada emakumea.