TRIKITIAK

Gregorio Muxika

Argia, 1923

        Dantza egiteko oitura aundia da Euskalerrian. Erri geienetan, txikiak izan arren, txistulariak izaten dira, ta txistuari ta danborrari ateratako soñuaz bapo dantza egiten dute neska-mutillak.

        Askotan, ordea, beste soñu bat erabiltzen dute dantzariak: panderoa. Oitura au Gipuzkoa osokoa izango zan lenago noski, baña orain, Bizkai-aldeko muga-ondoan dauden erri batzuetan bakarrik dirau, nere ustez. Bizkaia'n bai, Gipuzkoan baño geiago iraun du.

        Neskatx batek panderoa jo ta kanta, ta beste guztiak dantza: ori izaten da guzia. Kantatzen dituzten gauzatxoak, ordea, laburrak izan arren, askotan bitxiak eta politak izaten dira. Erri bakoitzean ezagutzen diranak bildu ta zabaltzea, lan atsegiña ta ondorengo onak ekarriko lituzkena izango litzake.

        Ona emen nik dakizkitanak.

        Onoko au guztiok dakigu, ta billera oietan asmatua izango da noski; antza ala dauka, ta ortarakoxe aukera-aukerazkoa da.

                Baratzeko pikuak

                iru txurten ditu

                neska mutil-zaleak

                oñak arin ditu.

                Oñak ariñak eta

                burua ariñago...

                dantzan obeto daki

                arta-jorran baño.

        Beste onen zuztarra ere or nonbait ibilliko da:

                Zaldibi'ko plazan

                iru atso dantzan

                irurak ez dute

                ardit bana poltsan.

        Oiek biak Gipuzkoa'n ezagunak dira. Beste au Bizkaia'n entzuten da oraindik.

                Ai, Peru, Peru

                zu beti alperra

                ostabe ixango zu

                alkondara zarra.

                Alkondara zarra

                prakaren zulotik

                baita txapel txatala

                belarri ondotik.

        Beste au ere kantatzen da Bizkai-aldian:

                Baserriko mutillen

                atsegingarria

                kolkuan arto-zati

                ikaragarria.

        Orain beste bi, emakumetxo beltxaran atsegin bati entzunak. Kortezubi aldian ezagun-ezagunak ziran oraindik urte asko ez dirala.

                Arin arin egiten du

                soruan erbiak

                utsak egiten ditu

                pausoen erdiak.

                Au dek pandero berria

                Gernika'tik ekarria

                amar erreal pagatzeko

                ez da, ba, urregorria!...

        Oitura au aztuta zegoan Donosti-aldean: zanik ere ez zekiten askok. Donosti'ko Ayuntamentuak, ordea, beste jai batzuen artean au ere agertu zuan, eta oso atsegin izan zitzaion erriari.

        Euskal Esnalea'k eratu duan euskerazko idazti-sariketan, trikiti oietan abesten (kantatzen) diran kanta politenak biltzen dituanari emateko sari bat dauka jarrita.