SOINUAREN ETORRERA

        Ezin konta ahal dira baserriaz egin diren azterketa antropologikoak. Ezin konta ahala koaderno etnografiko dauzkagu nekazarien eta arrantzaleen bizimodua argitzeko. Zenbat ikerketa ez ote dira egin ihauteriari buruz?

        Jakin litekeen guztia dakigu burdinolaz, abarkagintzaz, artzantzaz, ikazkintzaz... eta ez dakigu nola heldu zen esku-soinua Euskal Herrira. Baserriaren hiztegi etnografikoan ez da ageri, ez da etxeko tresnatzat hartzen.

        Ezta panderoa ere, egia esan.

Pio Barojaren poema

        Pio Barojak omenaldi berezi bat egin zion esku-soinuari. Paradox zikloko nobela batean, Paradox, rey izenekoan, nostalgiaz beteriko poema eskaini zion. Prosan idatzia, baina poesiaz gainezka. Esku-soinua portu guztietan entzuten zen 1906 hartan...

                Elogio sentimental del acordeón

Aingeru Berguices-en iritzia

        Oraindik osorik argitaratu gabea daukan ikerketa sakon baten egilea dugu Berguices jauna. Kepa Perez Urrazagarekin batera, Bizkaiko trikitixa inoizko sakonen dauka aztertua. Berak harrotu zuen Pio Barojaren testua, eta baita portutasuna zalantzan jarri ere.

                Unido fundamentalmente a la tierra

Rafael Aguirre Francoren tesia

        Martin Musika Etxeak editatu argitaratu zuen autore honek Trikitixa izeneko liburua gaztelaniaz eta Bitez itzulpen zerbitzuek egindako euskaraz. Bertan, trikitixa Bilbotik hedatu zelako usteari aurre eginik, Gipuzkoako Goierritik zabaldu zela defendatzen du, Txirritak kantatu zuen "Norteko ferrokarrillari" tunelak egitera Piamontetik etorritako langile eta teknikari italiarrek ekarrita.

                Soinu Txikia, su introducción en Euskal Herria

Zehaztapen bat Aingeru Berguicesen iritziari

        Italiako etxe guztietan esku-soinu bat, munduko itsasontzi guztietan esku-soinu bat. Eta Bilbaon ingelesak auspoari eragiten. Ez bakarrik ingelesak... Margotu izan den soinujolerik ederrenetariko bat marinela da, marinel euskaldun bat.

                El acordeonista

        Topikoa izan liteke, baina marinelen kantu guztiek daukate esku-soinua lagun Bretainan, Alemanian, Marseillan, Inglaterran, Estatu Batuetan...

Zehaztapen bi Aguirre Francoren tesiari

        Gipuzkoako trikitilariek soinu txikia Bizkaitik heldu zelako ustea nekez egozten ahal zaio Pio Barojari, Aguirre Francok hala egiten duen arren. Ez dugu uste Barojaren berri handirik edukiko zutenik Elgetak eta konpainiak. Eta Urola, ez dezagun ahaztu, hurbilago dago Bizkaitik Goierritik baino.

        Autore honek froga ugari ematen ditu Gipuzkoako Goierri aldeko burdinbidea Piamonteko langileek egin zutela ziurtatzeko. Hori uka ezina da. Alabaina, Gipuzkoako argazki artxibo nagusien zuzeneko ezagutza daukan arren, Aguirre Francok ez du argazki bat bera ere ekarri ahal izan, Piamonteko langileak Goierrin ageri direnik esku-soinuarekin. Langile haien etxeetan ez zela esku-soinurik falta, San Petesburg-eko museoa eraikitzera joandako italiarrek ere eraman zutela... Ez agiririk, ez bestelako frogarik.

        Bitxia da, Zumarragako Trikitixa gure formaziorik zaharrenetakoa da, eta ez du aipatzen. Haatik, Zumarraga Goierrin dago.

Ondorio eta galde

        Funtsean, lehendik beste zer edo zer bazegoen lekuetan hartu zuen sustrai esku-soinuak, trikitia edo, hobeto esanda, panderoa indarrean zegoenetan, tresna ahulagoak ordezkatuz. Horrek ez du esan nahi portuetatik heldu ez zenik. Ezta portuetatik bakarrik heldu zenik ere. Erromerietara hurbiltzen ziren kanpoko eta hirietako musikari sasi-profesionalek ere edukiko zuten eraginik...

        Noiz zabaldu ote zen Cengotita soinu-etxea Bilbon?

        Noiz ageri da aurrenekoz esku-soinua Mundakako ihauterian?

        Baina lanak edukiko ditugu soinuaren etorrera gaurko trikitikatik abiatuta argitu nahi baldin badugu. Esku-soinua ez da trikitixa bakarrik.

        Eta oso eremu urria da Bizkaia-Gipuzkoa kanpoko eragina eta berritasunen etorrera argitzeko.

        Baionako portuak, ez du zerikusirik esku-soinuarekin?

        Noiz sartu ote zen esku-soinua Lanzko ihauterian?

        Noiz sartu ote zen esku-soinua Zuberoako pastoraletan eta maskaradetan?

        Miarritzeko orkestinek zer eragin eduki dute dantza taldeetako musikariengan?