Description
EGILEA: JOXEMARI IRIONDO UNANUE
Liburua + Diskoa
“Artean haurra edo oso mutiko nintzela ezagutu nuen Auntxa, zortzi edo bederatzi urte nituela, gutxi gorabehera . Izan ere, haren anaia zaharragoa, Juan (Auntxa zaharra izengoitia ematen genion guk), Arizumarraga-goikoako Mª Inazia Kerejetarekin ezkonduta zegoen, eta guretik (Arizumarraga-azpikoatik) gora joaten ikusi nuen behin baino gehiagotan, San Isidro jaietan-eta, anaiaren familiakoak bisitatu eta zaindariaren jaia haiekin ospatzeko, jaietan gonbidatuak egiteko ohitura baitzen orduan.Auntxaren ezagutza horrez gainera, eskusoinua edo soinu txikia (orain trikitixa deitua) zerbait harrigarria zen niretzat orduan, Aratz-errekan, Kizkitzan, Belokin, Oletan, Pagotxetan eta inguruko erromerietan umetan ikusi nuenez gero. Ahoa bete hortz egon ohi nintzen soinua jotzen zuenari begirik kendu gabe, harriduraz . Hauspoaren itxi-irekian ateratzen zuen soinuaren hotsa hezur-muinetaraino sartzen zitzaidan niri orduan; eta hamaika amets egin nuen gure amonak kontatu ohi zidan ipuinetako soinu-jotzaile bekatari haren istorioak entzuten nituenean. Soinu-jolea mutilzaharra omen zela esaten zidan, eta Elgeta zenari buruz ari ote zen pentsatu izan dut geroztik askotan.…txundituta, liluratuta, harri eta zur utzi ohi nindutela soinu-joleek, benetan . Izan ere, eskusoinua hala jotzen zuten gizonak , supergizonak-edo zirela pentsatu ohi nuen, ez zirela besteak bezalako gizon arruntak, alegia . Eta halaxe pentsatu izan ez banu, saiatuko nintzen, agian, nonbaitetik eskusoinu xahar bat inguratu eta ikasten, Xaxurrek egindako dultzaina ikaragarri zail harekin saiatu ohi ginen bezalaxe, fita (dultzainaren puntakoa) noiz puskatuko beldurrez, berria erosteko dirurik ez genuen-eta”.