‘Gauaren helduan’ diskoa kaleratu du Imuntzo eta Beloki bikoteak; helduta dantza egiteko gonbita
Pertsonen arrimuan, harreman fisikoaren epelean dantza egin ahal izateko doinu gozoak dira gehienak: balsak, kunbiak, baladak… Baina ez da falta fandango, arin-arin edo porrusaldarik ere. 14 kantu dira orotara. Gehienek herri kantak dituzte oinarrian -Imuntzok berak egin ditu moldaketak-.
Aurreko lanean bezala, zenbait doinu zahar eta tradizional berreskuratu dituzte. Aita San Antonio pieza ezagunean, esaterako, Andolin Eguzkitza zenak erakutsitako hitzak erabili dituzte: «Festa baten ondorenean kantatu zizkigun, eta berriak iruditu zitzaizkigunez, eskatu egin genizkion. Bidali zigun letra bere garaian eta orain argitaratu dugu», argitu du Belokik pandero jotzaileak.
Ohi den moduan, Belokirena berarena izan da letren ardura kasurik gehienetan. Zenbaitetan umorez landu ditu piezetako bertso edo koplak, eta beste zenbaitetan «maitasun» sentimenduz.
A.H.T.? izeneko kantuko bertso batek dio: «Baserri eta lurrak betiko gunean / beraien gunean/ betiko gunean/ geltoki bat ipini Kontxaren aurrean/ besterik behar bada, Ajuriaenean». Madarixatik itsasora deiturikoan, aldiz, naturaren gorazarrea egiten dute, Etxaun Iruriren doinu batez baliatuta. Markesaren alaba izenekoaren hitzak Amets Arzallusek idatzi dizkie. Hainbat kantutan bateria, kontrabaxua eta gitarra doinuen laguntza izan dute, eta Maider Ansa kantari nafarrak ahotsa jarri du beste pare bat kantutan: «Egun, Euskal Herrian dugun ahotsik ederrenetakoa da», Belokik adierazi duenez.
Imuntzo eta Belokik elkarrekin atera duten seigarren diskoa da. Jo ezak (1991), Trikrisia (1993), Saturnotrik (1996), Louisianara noa (2000) eta lehen aipaturiko Ganbaran bai (Urolako trikitixa) dira beste bostak, guztiak Elkar etxearekin argitaratuak.
Diskoak argitaratu ez ezik, hamaika erromeria eta jaialditan parte hartu du bikoteak 15 urtetik gorako ibilbidean: «Gure erromeriak egonkorturik daude. Leku txikietan jotzen dugu normalean. Ezagutzen gaituzte eta badakite zer eman dezakegun, eta guk ere bai beraiek zer nahi duten».
Belokiren iritziz, Euskal Herrian jende askok daki dantzan eta ezin da esan erromeria garaia amaitu dela. «Hori bai, jendea probokatu egin behar da, bultza- tu egin behar da dantza egin dezan. Horretan trikitilariok zeresan handia dugu eta baita erromerien eta jaialdien antolatzaileek ere».