BONIFAZIO ARANDIA, FASIO-REN OMENEZ

Joan den mendeko trikitilari ezagunaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu ditu Igorreko Udalak udagoien honetarako. Fasio Igorren jaio zen 1909ko abuztuaren 30ean, hortaz, aurten bere jaiotzaren mendeurrena bete da. Udalak herriko ondarearen berreskurapenarekin lotzen ditu omenaldiko ekitaldiak, Oihane Goioaga Kultura zinegotziaren esanetan: “Abuztuaren 30an herri-omenaldia antolatu genion Fasiori, bere jaiotzaren mendeurrenean, ekitaldi hunkigarri eta jendetsua izan zan. Orain trikitixaren eta XX. mendeko erromeriaren inguruan sakontzeko aukera emon gura dugu. Herri-musikaren mundu aberatsa hurbildu gura diogu herritarrari, modu atsegin batean. Horretarako prestatu dira jantza-tailerra, XX. mendeko erromeria, Fasioren mendea ikuskizuna edo gaiaren inguruko erakusketa“.  

Egitarauari dagokionez, irailaren 23an jantza-tailerra egongo da, Kultur Etxean, Aiko-ren eskutik 19:00etan. 24an, mahai-ingurua burutuko da 19:30etan, Fasio eta Bizkaiko trikitixa tradizionalaren inguruan. Gonbidatuak Aingeru Bergices eta Jose Jabier Abasolo Tiliño adituak eta Joseba Tapia musikaria izango dira, Jon Etxebarri moderatzailearen gidaritzapean arituko direnak. Orduan zabalduko da Fasio eta trikitixaren inguruko erakusketa, urriaren 4ra arte Kultur Etxeko erakusketa gelan ikusgai egongo dana. Irailaren 25an erromeria egingo da, Kultur Etxeko plazan, Aiko eta Arantzarte-ren eskutik, 19:00etatik aurrera. Azkenik, irailaren 26an Fasioren mendea ikuskizuna eskainiko da Kultur Etxean. Bertan, hainbat trikitilari eta bestelako musikarik parte hartuko dabe, Arantzarte dantza-taldeagaz batera: Esti eta Olatz; Maixa, Ines eta Maite; Xabier Aburruzaga; Ibon Koteron; Oxabi taldea eta Laja, Narbaiza, Izer eta Alabier. Gaueko 22:30etan izango da.

Ekitaldiok Igorreko Udalak antolatu ditu eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dute.

Biografia laburra

Bonifazio Arandia, Fasio 1909an jaio zen, Igorreko Mikele auzoan. Bere lehen eskusoinua ilara bateko akordeoia izan zen. Trikitixa geroago erosi zuen. Hamahiru urterekin hasi zen plazan jotzen. Urte askotan utzita izan zuen, gerra ondoren, etxean zituen bi soinuak lapurtu zizkiotelako. 1971ean itzuli zen, Leioan txapelketa irabaziz. Arteako Benantzio Bernaola ‘Karakol’ hil ondoren, beronen emaztea zen Maurizia Aldaiturriaga eta Leon Bilbao albokariarekin batu zen entzute handiko hirukotea osatzeko. Bizkaiko trikitixa estiloa zabaldu zuten plazarik plaza. 1987an hil zen, Igorreko bere etxean.