Nazioarteko Trikitixa Jaialdia seigarren urtez egingo da aurten. Horretarako Mexiko Berria, Italia, Belgika eta Herrialde Katalanak gonbidatu ditugu.
Azaroak 9 Getxoko Getxo Antzokian kanpotar hauetaz gainera Agus Barandiaran eta Mikel Romero, Eneko Odiaga, Galder Elortza, Victor Muñoz eta Irkus Ansotegi izango dira.
Donostian berriz, Azaroak 10 Kursaal-eko Ganbara Aretoan, 19.00etan , kanpotarrez gain Ospas eta Janire, Kristina eta Amaia, Jexux eta Ruben eta Kristian eta Sebas izango ditugu.
Donostiako jaialdiko sarrerek 15 euroko prezioa dute EHTE-ko bazkideek 10 euro. Ondoren afaria izango da Lasarteko Goiegi jatetxean 20 eurotan. ERRESERBAK trikitixa@trikitixa-old.ametza.com edo 943 832 828.
MEXIKO BERRIA
Ken Keppeler eta Jeanie McLerie
Ken Keppeler eta Jeanie McLeriek Bayou Seco taldea sortu zuten, badira 20 urte Estatu Batuetako hego mendebaldeko musika jotzen hasi zirela eta ikerketa ugari egin dituzte. Tradiziotik jasotako hego mendebaldeko musika aurkezten dute. Jeanie McLerie musikari profesionala da 1962. urtetik eta biolin tradizionaleko eskola bat sortu zuen. Ken Keppeler, musikari familia bateko laugarren belaunaldia da, eta txikitatik ezagutu zuen bere eskualdeko musika. 1972 urteaz geroztik musikari profesionala da. 70. hamarkadaren erdialdean Jeanierekin Louisianan bat egin zuen.
ITALIA
Simone Bottasso
Musikari familia batean jaio zen 1987an eta 7 urterekin soinu diatonikoa ikasten hasi zen. Musika ikasketak bukatu ondoren ikastaro askotan parte hartu zuen Frantzia eta Italiako soinujole ospetsuak ezagutuz. Soinu diatoniko, inprobisazio eta Balkanetako musika ikasketak egin ditu. Okzitania eta Frantziako txapelketetan parte hartu izan du, bertako txapeldun izendatuz 2001 eta 2002an. 1998an kontzertuak ematen hasi zen Cuneoko gazte talde batekin, dantzarako musika eginez. Geroztik hainbat taldetan parte hartu du dantzarako musika, esperimentala, folk musika etab eginez.
BELGIKA-KATALUNIA
21 BOuTONS Marinette Bonnert eta Pere Romaní
Bikote hau Vienan (1829an akordeoi diatonikoa asmatu zen hirian) sortu zen. Beren errepertorioa Katalunia eta Belgikako herri musikatatik abiatzen da, baina akordeoi diatonikoaren beste hainbat ildo tradizionalekin ere osatzen da: hots, frantziarra, euskalduna, sorkuntza berriena… 21 BOuTONS herrialde desberdinetan barrena ibilia da: Austrian (Vienako Akkordeonfestival, Festival Glatt & Verkehrt), Belgikan, Italian, Katalunian (Fira Mediterrània de Manresa), Euskal Herrian (Azkoitia, Oiartzun), sarritan dantza eta akordeoi tailerrak uztartuz. Bikote honek KD bat du argitaraturik 21 BOuTONS izenburupean.
EUSKAL HERRIA
Ospas eta Janire
Bitoriano Loiola Mutrikuko Abeletxe baserrian jaio zen 1926an. 1953az geroztik ordea Mendaroko Ospas baserrian bizi da eta hortik datorkio izena. Mutrikun erromeria jaiero ezagutu zuen umea zela, 14 urterekin bere kasa soinua jotzen ikasi eta Santa Eskean hasi zen. 19 urterekin Larroskaineko erromerian jotzen zuen jaiero. Hainbat pandero-jolerekin ibili izan da tartean Juliana Zubizarreta edo Astiasaranekin. 2004an omenaldia jaso zuen Kursaal-ean eta aurten bere biloba Janire Elordirekin batera parte hartuko du jaialdian.
Kristina eta Amaia
1.994-ean bikote bezala hasi ziren soinu eta panderoarekin, aldez aurretik beste trikiti taldeetan ibiliak badira ere. “104 ilargi bete” kantarekin ezagutzera eman ziren eta 2.001-ean “M-n ezten” izenpean diskoa kaleratu zuten. Taldearen ibilbidea utzi eta berriz bikote gisa hasiak dira.
Jexux Aranburu eta Ruben Caballero
Jexux Aranburuk akordeoi eta piano ikasketak oso goiz hasi zituen. Zuzeneko nahiz grabazioetan pianoarekin bere lana ugariagoa bada ere akordeoiarekin proeiktu ezberdinetan dihardu. Bandoneoia da bere hirugarren instrumentua eta errepertorio herrikoian nahiz modernoan esperimentatzeko instrumentu baliotsua zaio.
Ruben Caballero gitarra-jole autodidakta dugu. Gaztetan hasi zuen bere ibilbide profesionala euskal talde ezagunetan. Geroztik, folk eta pop doinuetan murgildu da bere ikutu pertsonala emanez, estudioan nahiz zuzenekoetan. Egun, Euskal Herriko zein Estatuko izen handiko taldeetan aritzen da.
Kristian Borda eta Sebastian Othaburu
Kristian eta Sebastian Lapurdiko bikotea dantza munduan dabil gehienbat. hainbat eta hainbat dantzaldi girotu dituzte bere taldearekin. Iparraldeko dantza errepertorioaren ezagutzaile sakonak, akordeoia eta biolina uztartuko dituzte gure jaialdia, lantzen duten musika joeraren erakustaldi bikainean.
Donostiako jaialdiko sarrerek 15 euroko prezioa dute EHTE-ko bazkideek 10 euro. Ondoren afaria izango da Lasarteko Goiegi jatetxean 20 eurotan. ERRESERBAK trikitixa@trikitixa-old.ametza.com edo 943 832 828.