Azpeitiko Basazabal jauregiaren solairu tartean kokatuta dago Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen egoitza, eta dagoeneko bertatik egiten dute lan
Azpeitiko Udalaren eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen urte luzeetako elkarlan onak emaitza ugari eman ditu. Elkarlan horren emaitzarik ikusgarriena urtero Azpeitian antolatzen den San Josetako Trikiti Jaialdia da. Hara ere, jaialdi horretatik haratago, elkarlan horren baitan, proiektu ugari ari dira ontzen bi erakundeen artean.
Elkarlan horren bueltan, Trikitixa Elkartearen egoitza Azpeitira etortzeko aukera sortu zen, eta duela zenbait astetatik Azpeitian dute egoitza nagusia. Elkartearen egoitza Azpeitian izateaz gain ordea, trikitiari dagokion garrantzia aitortu eta ezagutarazteko proiektuak ere badituzte esku artean.
Azpeitiko Udalarentzat Trikitixa Elkartea herrian izatea “pozgarria” dela azaldu du Eneritz Albizu Kultura Batzordeburuak: “Azpeitian kultur mugimendu bizi eta aberatsa izateko lanean daramagu azken hamarkada luzea. Trikiti Elkartea mugimendu hori aberastera dator”, gaineratu du. Trikitiak bailaran izan duen indarra eta garrantzia nabarmendu nahi izan ditu Albizuk: “Trikitiak indar handia izan du Azpeitian eta eskualdean hamarkada luzeetan. Euskal kulturaren eta bizitzeko modu baten ardatza izan da, eta kultura hori ezagutarazi eta gordetzeko beharrezko baliabideak jartzea dagokigu guri”. Kulturalki ez ezik, “historikoki eta gizarte ikuspegitik ere balio handia” duela Trikitixa Elkarteak eta egiten duen lana azpimarratu du: “Izan ere, gure aurrekoen izateko eta bizitzeko modua islatzen dute trikitixak eta haren bueltako guztiak, baita gure hizkuntzaren eta gizartearen joan-etorriak ere. Horregatik, guretzat ohore bat da Trikitixa Elkartearen bidelagunak izatea, kasu honetan eta gainontzekoetan”.
Agurtzane Elustondo Trikitixa Elkarteko Lehendakariak, bere aldetik, Trikitixa Elkartearen egoitza Azpeitian kokatzearen “garrantzia” azpimarratu nahi izan du. “Azpeitiko kultur mugimendua erreferente bihurtzen ari da Euskal Herrian” eta testuinguru horretan parte hartzea “aukera ezin hobea” dela azaldu du. “Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibarekin eta Azpeitiko Udalarekin elkarlana” estrategikotzat jo ditu, Trikitixa Elkarteak datozen urteetan dituen asmoak aurrera eramateko. “Azpeitiko Udalaren laguntza eta elkarlanerako borondatea” ezinbestekotzat jo ditu; “urte asko dira Trikitixa Elkarteak eta Azpeitiko Udalak zuzeneko elkarlana dutena hainbat proiektutan ezberdinetan eta lankidetza hori sendotzera gatoz herriko kultur eragileekin batera indarrak batuta”. Bestalde, ez du aipatu gabe utzi nahi izan “bailarako trikiti komunitateari esker eta Kulturaz Kultur Kooperatibaren laguntzaz” eman dela pausu berri hau.