Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak bere artxiboko argazki zaharren artean aukeraketa egin ondoren eta argazki horiei buruz datu bilketa egin ondoren aurkezten ari garen “Zuriak eta beltzak jotakoak” argazki-liburua argitaratu du.
Liburu hungikarri honetan, XX. mendeko trikitixaren errepasoa egin da irudiak baliaturik, EHTEk bere artxiboetan dauzkan argazkien lagin bat harturik eta erregistratuta dauzkan argazkiak kontutan hartuta.
Molde ezberdinetako enkuadreak ikusten dira, bakarka, taldean, erromerian, kalejiran, atarian, sukaldean … Begien gozagarri! Trikitixak Euskal Herri osoan izan duen eta daukan garrantziaren adierazgarri!
Tamalez, ez daude EHTEren datu basean izan diren eta oraindik ere badiren hainbeste trikitilari edo panderojoleren irudiak. Deialdia egin nahi genuke beraz, etxeko kutxa gotorretan ondo gordeta dauden altxorren kopia bat EHTEren esku jartzeko, ez nahitaez beste argazki liburu bat ateratzeko, etorkizunean erregistroa gera dadin baizik, eta beti jabearen baimenarekin dudarik gabe.