MUSIKAREN ETA INSTRUMENTUAREN IRAKASKUNTZA
Soinu txikiaren eta panderoaren irakaskuntza da trikitixaren jarraitasunaren giltzarria. Euskal kulturaren adierazpena den trikitixa edozein musika formatutan erabat integratua dagoen honetan, edo eta irakaskuntza baliabideak hainbeste aldatu diren garaietan, instrumentuaren eta musikaren transmisioa modu berdinean egokitu den edo zein norabide hartu behar duen aztertu nahi dugu.
Ibilbide ezberdineko irakasleak eta musikariak gonbidatu ditugu Inpernuko Poza Trikitixaren XV. Jardunaldi hauetan. Musikaren unibertsaltasuna ahaztu gabe, trikitixaz haratagoko esperientziak alderatu eta mahai gainean jarriko ditugu.
EGUNA: Irailak 7, osteguna (19:30etan)
LEKUA: Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan
MAHAI INGURUA: Edurne Iturbe, Erika Lavillard-Isasi, Aritz Alustiza Moderatzailea: Ander Malbadi
TRIKITIXAREN IRAKASKUNTZA
Norbere aiton amona edo gurasoek eskolan ikasten zutena eta norberak eskolan ikasitakoa desberdina den modu berean, trikitixaren irakaskuntza ere etengabeko aldaketa batean murgilduta dago. Horrela Elgeta, Auntxa edota Sakabiren garaietan aurrez aurre ez zen metodo batekin baserri giroko soinu txikia irakastea pentsaezina bazen ere, gaur egun metodo ezberdinen bitartez ikas daiteke. Garaiak ere aldatu dira eta horrekin batera baliabide gehiago izateaz gain (audioak, partiturak, bideoak, liburuak, etab.) soinu txikiarekin jotzen den errepertorioa ere aldatu egin da, batez ere fandango, arin-arin, rantxera eta pasodobleak jotzetik, beste instrumentuekin jotzen diren erritmoak jotzera ere iritsiz: ska, reggae, pop, rock, etab. Zer bilatzen dute ordea gaur egungo ikasleek trikitixa ikasterakoan? Gaur egun entzuten dena ala ohituago gauzkan errepertorio klasikoa? Zer eta nola irakasten zaie? Galdera hauei erantzuna ematen saiatuko dira Edurne Iturbe, Aritz Alustiza, eta Erika Lavillard-Isasi trikitixa irakasleak.
Ander Malbadi
EGUNA: Irailak 8, ostirala (19:30etan)
LEKUA: Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan
HITZALDIA: Maite Arroitajauregi Mursego
MUSIKAREN IRAKASKUNTZA
Musika, sortzez barruan daramagu, txikitatik erritmoa eta melodia antzemateko gai gara, hizkera baino lehen zentzu musikala garatzen dugu. Musika gozatzeko eta ikasteko, bizi egin behar da, esperimentatu, gorpuztu eta mugimendu bihurtu. Musika bereganatzeko metodologia irekia behar dugu, ikasleari egokitutakoa, bere sormena bultzatuko duena, praktikoa eta malgua.
Maite Arroitajauregi Mursego