TRIKITIXAREN ORAINA ETA GEROA
“Inpernuko Poza” Trikitixaren Jardunaldiekin hasi zenetik 13 urte igaro diren honetan, lehen urteko gaiari berari heltzea erabaki da aurten, 2003an hitz egin zen etorkizuna iritsi baita. Gaur egungo soinu txikiaren eta orokorrean euskal kulturaren errepasoa egin nahi genuke alde batetik, eta bagabiltzan bide honek nora eraman ahal digun ere aztertu nahi genuke euskal kulturgintzan esanguratsuak diren izenen begietatik.
EUSKAL KULTURA LEGITIMAZIOAREN BILA
EGUNA: Irailak 7, asteazkena (19:30ean)
LEKUA: Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan
HITZALDIA: Pako Aristi
Sormenaren esparruko edozein adierazpide artistiko bezala, trikitixak ere badu bere ekosistema, bizirik irauten laguntzen diona: euskal kultura. Hau, ordea, ez da kultur sistema estandarra, ez daukalako botere sistema propio bat atzean, legitimazioa emango liokeena. Kultura hegemoniko espainol eta frantsesaren azpi-zatia da euskal kultura, eta hortik datozkio aje nagusiak: ikusezin izatea, hierarkia falta, erreferente ez izatea eta definizio falta. Kultura oro prozesu sozio-politikoa da, eta historikoa ere bai. Honek munduan nola funtzionatzen duen aztertuko dugu, gurean nola funtziona zezakeen irudikatu dezagun.
TRIKITIXA, KANPOTIK BAINA GERTUTIK
EGUNA: Irailak 8, osteguna (19:30ean)
LEKUA: Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan
MAHAI INGURUA: Gotzon Barandiaran, Juan Carlos Perez, Mikel Markez. Moderatzailea: Juan Luis Zabala
Trikitilariak izan gabe ere, beren jardunetan trikitixa ondo ezagutzen dutela erakutsia dute Juan Carlos Perezek, Mikel Markezek eta Gotzon Barandiaranek. Kanpotik bada ere, gertutasun horretatik begiratuta, trikitixarekin izan duten eta duten loturaz ez ezik, trikitixaren orainaz eta geroaz mintzatuko zaizkigu hirurak mahai-inguru batean, gaiari ikuspuntu askotatik helduta: formatuak, diskoak, plazak, irakaskuntza eta transmisioa…