KONTZERTUAK HERRI MUSIKAREN TXOKOAN

Hiru hilabetetik behin, dagokion urtaroarekin bat eginaz, kontzertua antolatzeko ohitura dugunez iritsi da udaberri honi dagokionaren txanda. Besteetan bezala, oraingoan ere Euskal Herriko musikaz gain kanpokoa entzuteko aukera ere izango dugu:

2009ko apirilaren 4an. Larunbata, arratsaldeko 6,30etan.

Herri Musikaren Txokoan.

Bizkai’ko ROBERTO ETXEBARRIA ETA KEPA ARRIZABALAGA

Bikote moduan euren hasiera 1984an kokatzen bada ere, aurretik trikitixaren inguruan ibilbidea eginak dira.

Kepa Arrizabalaga, Tomas Arrizabalaga “Tomasitze”, bere aita zenarekin hasi zen panderoa astintzen; hasieran famili giroan, eta denborarekin plazaz plaza. Ondoren, Rufino Arrolarekin ere hainbat urtean ibilitakoa da, baita sasoi hartako beste trikitilari batzuekin ere. Roberto Rufinoren ikaslea zelarik eurekin jotzen hasi zen. Ordutik gaur egunera arte Euskal Herriko hainbat plazatan ibilitako bikotea osatzen dute. Tradizioa teknika, errepertorio eta estilo berriekin uztartu dituzte estilo propio eta naturala bereganatuz.

Txapelketei dagokienez, urte ezberdinetan zehar aurkeztu izan dira Euskal Herri mailan antolaturiko txapelketetan. Euren artean, nabarmentzekoak ditugu 1991n eta 1992an irabazitako Pieza Berrien Txapelketa, “Bihotzetik Bihotzari” jotarekin eta “Mutil Zahar” porrusaldarekin, hurrenez hurren.

Bikoteak dirauen urteetan nazio eta nazioarte mailako folk jaialdi ugaritan aritzeko aukera izan dute. Horien adibide dira Expo Sevilla 1992, Italia 1993, Estatu Batuetako Euskal Jaia, 1992, 1996 eta 2000, Teruel 2004 eta 2007.

1995 eta 1999 bitartean, bertsoak eta koplak oinarritzat eduki zituen “Paperetik Plazara” taldeko kide izan ziren.

Diskografiari erreparatuz 1993an argitaratu zen bikote moduan duten diskoa: Bihotzetik Bihotzari. Horretaz aparte, kolaborazio asko egin dituzte bestelako disko eta grabazioetan parte hartuz.

Herbehere’etako FRANS HATTINK ETA DICK VAN DER HARST

“Herbehereetako kornamusa”

Frans Hattink kornamusen munduan murgildurik dabil 70. hamarkadaz geroztik. Era batera edo bestera soinu-tresna honen aukerak esploratzen aritu da eta gaur egun bere lanbidea da kornamusak egitea, baita jotzen erakustea ere. Kontzertu honetan Dick van der Harst-ekin arituko da. Hau Ganteko konpositore ofiziala da eta hainbat soinu-tresnaren artean kornamusak jotzen ditu. Frans aditua da azken bi mendeetako musika herrikoian eta Dick berriz Erdi Aroaren hasierako musikan. Elkarrekin Holanda, Belgika eta Frantziako doinuak joko dizkigute, dantzarako soinuak batez ere. Batzuetan elkarrekin joko dute eta besteetan bakarlanean entzungo ditugu. Joko duten guztia musika herrikoia oinarritzat hartuta beraiek egindako moldaketak izango dira. Tarteka interpretazioa jatorrizkora hurbilduko da eta besteetan Dick-ek ematen dion ukitu berezietatik gertuago egongo da. Edozein kasutan beti errespetatuko dute musika eta tradizioa.

Soinu-tresnei dagokienez, kontzertuan erabiliko dituztenak Frans-ek egindakoak izango dira eta Frantzia erdialdeko kornamusan oinarrituak daude. Esan beharra dago Erdi Aroko, eta lehenagoko, Belgikan ez dela MUCHOSA ez den kornamusarik ezagutzen. Beraz, Holanda eta Belgikako soinu-tresnen egileek Frantziako kornamusak hartu zituzten oinarritzat hainbat ikerketa eta moldaketaren ondoren soinu-tresna berri bat sortzeko: kornamusa belgikarra edo alemaniarra deitzen zaiona. Hotsa sortzeko bi sistema erabiltzen dituzte. Hala, punteroan mihi bikoitza erabiltzen da gure arteko dultzainak egiten duen moduan. Bordoietan berriz mihi bakuna erabiltzen da, gure alboketan bezala. Oinarri armonikoa jartzen duten bordoien kopurua ez da beti berdina izaten. Badira bakarra duten tresnak, baina bi eta hirukoak ere topa daitezke.