Trikizio taldea Zegaman (Gipuzkoa) osatu zen 1999an. Trikizio taldeak hainbat musikariren sartu-irtenak izan baditu ere, taldearen bizkarrezurra eta gidaria den Xabi Arakama da hasierako kideetatik geratzen den bakarra. Musikariak aldatu dira, baina Trikizio taldearen sorrerako ideiek bertan diraute: duintasunez kanturik entzutetsuenak jo, beste batzuk sortu eta alaitasuna barreiatu.
Trikizio taldea Euskal Herriko plaza-talde bat da baina egungo partaide guztiek badute gauza bat komunean: denek Donostiako Musikene Goi mailako Musika Eskolan lizentziatura lortu dute. Trikizio taldeak, besteak beste, honako lan hauek egin ditu: “Buru-belarri” abestia egin zuen 2000ko Nafarroa Oinezentzat (Zizur); Xabi Arakamak eta Kepa Junkerak 2003ko Araba Euskaraz ekitaldiko “Orobil borobil” singlea sortu zuten, eta AEKantuz disko-bilduman Xabier Letek abestu zuen Julen Lekuonaren “Itsasoan urak haundi” kantuaren bertsioa egin zuten.
Trikizio taldearen lehen diskoak “EusCat” izenburua du. “EusCat” diskoarekin bi kultura senidetu nahi dira, Euskal Herria eta Katalunia, eta, horretarako, bi herrialde hauetako kantu, artista eta talderik ospetsuenetarikoak bildu ditu. Euskal Herriaren eta Kataluniaren artean beti egon da harreman kultural estua. Kataluniako talde asko izan ditugu bisitari Euskal Herrian eta Euskal Herriko musika talde andana ibili da Katalunian barna jotzen. Horren adibide da Trikizio taldea bera, azkeneko hiru urteetan asko ari baita Mediterraneoko herrialdean jotzen. Hori guztia ikusirik, bi herrien arteko lotura musikala islatuko duen proiektu bat argitaratzea pentsatu da, eta emaitza “EusCat” diskoa da. Lan berezi bezain ausarta. Bi hizkuntzak partekatzen dira disko berean, euskal kantuak katalanez abestu dira eta Kataluniakoak euskaraz, era horretan talde eta musikari horiei omenaldia eginez. Beraiek dira protagonistak “EusCat” diskoan, eta Trikizio dute interprete eta ordezkari. Diskoak dituen laguntzaileen zerrenda luzea bezain garrantzitsua da.
Trikizio taldeak abesti hauek bertsionatu eta moldatu ditu “EusCat” diskoan:
1.- Mª MERCE
(POMADA)
2.- JO TA KE
(SU TA GAR)
3.- PERQUE VULL
(OVIDI MONTLLOR)
4.- ESAIOK (eusk)
(HERTZAINAK)
5.- LA GALLINETA (eusk ) (LLUIS LLACH)
6.- MARTXA BATEN LEHEN NOTAK (MIKEL LABOA)
7.- SARRI-SARRI
(KORTATU)
8.- FESTA SI, LLUITA TAMBÉ (INADAPTATS)
9.- CAÇA DE BRUIXES
(OBRINT PAS)
10.- EL CANT DELS MAULETS
(ALL TALL)
11.- NERE AMETSA
(KAXIANO)
12.- ESAIOK (kat)
13.- LA GALLINETA (kat)
1.- Trikizio taldeak, nahiz eta plaza-taldea izan, “EusCat” proiektuarekin musikariaren nortasuna aldarrikatu nahi du.