OSTOLAZA ETA PUJANAK DISKO BERRIA DUTE

Ostolaza eta Pujana trikitilariek zuzenean grabatu duten diskoa kalean da. Bertan Sakabi, Elgeta, Gelatxo eta Txankarta soinujoleek Lastur-Itziarko plazetan jotzen zituzten piezak dira entzungarri. Grabazioan, oraindik ere indarrean dirauen erromeri giroa jaso nahi izan dute. Horretarako, zuzeneko bi grabaketa burutu ziren eta bertan jendearen txalo eta irrintziak entzuteaz gain, dantzariak ere somatzen dira.

Lastur inguruan, jendearen musika gosea asetzeko, trikitilari askok parte hartu izan du erromerietan. Baina, Itziar eta Lasturrekiko zeukaten harremanagatik, Sakabi, Elgeta, Gelatxo eta Txankarta izan dira disko honetarako Ostolaza eta Pujana trikitilariek aukeratu dituztenak, haiek jotzen zituzten piezak. Lau soinujole hauek elkarri piezak erakusteaz gain, txistularien, musika banden, dultzaineroen, albokarien, etab.-en errepertorioak bere egiten zituzten. Baina entzulegoa asetzeko horrekin nahikoa ez eta garai hartan modan zeuden abestiak irratietan entzun eta beraien instrumentuetara egokitzen zituzten. Horrela, fandangoa, fox-trot, baltsa, kalejira, pasodoblea arin-arina.. ditugu entzungai disko berezi honetan. Hainbestetan aipatzen den fusioa aspaldiko gauza da. Eta hemen froga.

Hona hemen bildu:

1.-Arbil (fandango)

2.-Taberna zahar (arin-arina)

3.-Maiteak ihes (trikitixa)

4.-Katua ehiztari (porrusalda)

5.-Elia (pasodoblea)

6.-Soarte (fandangoa)

7.-Pertike (arin-arina)

8.-Saka (fox-trot)

9.-Ziolar (fandangoa)

10.-Plazaola (arin-arina)

11.-Festara-Okataba (kalejirak)

12.-Kisketa (trikitixa)

13.-Bristi-brastia (arin-arina)

14.-Ixama (fandangoa)

15.-Zergatik negarrez? (porrusalda)

16.-Milia (baltsa)

17.-Elorretzu (arin-arina)

18.-Itxaropena (fandangoa)

19.-Perlakua (fox-trot)

20.-Bistau!-Larraskanda (fandangoak)

21.-Tarina-Palo (arin-arinak)

22.-Lastur bidean (kalejira)

Menua