FABOREZ 01 PARTITURA LIBURUA KALEAN DA

FAborez 01 diskoaren partitura liburua argitaratu berri da.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak FABOREZ  izeneko disko bilduma lehengo urtean abian jarri zuen. FABOREZ neska dantzara ateratzeko eskaera zen garai bateko erromerietan. Dantzarako errepertorio honetan ez dira soilik lotuko piezak biltzen (fox-ak, pasodobleak, boleroak, kunbiak…) baita ere fandangoak, arin-arinak, trikitixak, porrusaldak eta kalejirak.

FABOREZ 1 diskoaren ondotik honako beste egitasmo hau etorri da, disko horretan grabatu ziren kantak solfeo bidez partituretan bihurtzea.  Xabi Aburruzaga izan da transkripzioen arduradun. Jon Ostolazak berak jotako piezak transkribatu ditu.

Liburuaren hitzaurrea Mielanjel Haranak egin du eta hona hemen bertako pasarte bat:

 “Partitura hauen iturri den diskoa entzun, eta lau soinujoleek aitormenez beteta utzi dituzte Auntxa, epeldetarrak, Zumarragakoak, Rufino Arrola, Laja, Madariaga Txikia, Sakabi, Txankarta, Juanito Tapia, eta beste hainbeste; haiengandik hartu baitituzte jakintza puskak, eta gure belarri eta behatzetara ekarri.

Zaharrak maisutuz, berriak maisu agertu zaizkigu. Eta ausart.

Soinu txikia mugatua da: tonalitate batzuetan bakarrik jo daiteke pieza bat osorik eta konbentzio musikal ohikoen arabera. Beste tonalitateetatik jotzea, zaila ez ezik,  inkonpletoa ere bada akonpainamenduz; berez dakar abstrakzioan murgil egin beharra. Bide errazak hartu ordez zailetik jotzeko aukera eginak asko adierazten du trikitilarien ausardiaz. Eta erakusten du haiek egin duten esfortzua, gozagarri bihurtu nahian, tonu arraroek –melodia ez-melodikoek– belarrietan egin dezaketen mina”.

 

Egitasmo honen helburua trikitixa eskoletako irakasle eta ikasleei euren eskoletarako material berria eskaintzea da. Errepertorio tradizionala ezagutaraztea belaunaldi berriei.

Bertan bildu den errepertorioa:

1. EN LA FABRIKA Kalejira

2. IGO ZAITEZ PALMARA Baltsa

3. URTE ZAHAR GAUA Pasodoblea

4. LATZA Bolero-pasodoblea

5. ELZISA-TXISTULARIENA Fandangoa

6. KIZKITZAKO FANDANGOA

7. URIGOITI Pasodoblea

8. MENDI MENDITIK Kalejira

9. DONOSTIAKO KALIEN Trikitixa

10. NERE KANTUA ZERA Fox-kunbia

11. DANTZAZALE BAZAUEZE Trikitixa

12. AMAREN PREGUNTIA Porrusalda

13. KAMIÑEROKUA Fandangoa

14. SARGOATE-IRUKURUTZETA Arin-arina

15. ZALDUN GARAIA Pasodoblea

16. ALA PORAI! Trikitixa

17. INKIRRINKI Porrusalda

18. FANDANKOA Fandangoa

19. PUTXUNIKETAN Boleroa

20. ZIRRARA Fandangoa

Liburuaren prezioa 12 eurokoa da eta erosteko idatzi edo deitu trikitixa elkartera: 943832828 /  trikitixa@trikitixa-old.ametza.com