Xabi Aburruzagaren bakarkako lehen lanak ere ikusi du argia. Dudarik ez, trikitixazaleentzako lan polita dela aitortu du egileak, baina hain zale ez direnentzako ere lan gustagarria izan daitekeela gaineratu du, diskoan trikitixa beste oinarrizko hainbat instrumenturekin nahasteko ahalegina egin baitu. Hain zuzen ere, bateria, gitarrak, baxua, perkusioak eta biolina entzun daitezke, besteren artean.
2007an grabatutako lana da, egilearen beraren estudioan. Pixkanaka-pixkanaka jardun du kantuak moldatu eta grabatzen. Grabatu ahala, emaitza entzun eta horren araberako aldaketak egiteko aukera izan du, eta, horregatik, denbora asko behar izan du diskoa taxutu eta argitaratzeko. Gainera, lan egiteko modu horren ondorioz, ideia berriak landu ahal izan ditu. Liburua egitea baino lan nekezagoa izan dela argi utzi digu Aburruzagak.
Rufino Arrola eta Bizkaiko trikitilarien piezak, Bizkaiko dantzen errepertorioa eta Xabier Aburruzagak berak konposatutako kantu bat dira diskoaren ardatz. Lan hau egiteko, betiko lagunekin bildu da Aburruzaga. Taldekide dituen Irkus Ansotegi, Alberto Rodriguez, Igor Peña, eta Igor Telletxearekin, hain juxtu. Soinu-teknikari lanetan Alberto Rodriguez aritu da. Beste hainbat laguntzaile ere aritu dira, ordea, tartean: Amaia Oreja, Leturia, Mikel Markez, Xabi Zeberio, Unai Arteaga, Rakel Pujana, Koldo Iturbe, Fredi Paia, Iñaki Aurrekoetxea eta Meabe-Narbaiza.
Lan honen ondotik, zuzeneko aurkezpenak datoz, eta plaza batzuk egiteko asmoa ere bai. Beraz, Rufino Arrolari egindako omenaldi txiki hau ez da diskoaren argitaratzearekin bukatzen. Jarrai dezala trikitiaren oihartzunak.