INPERNUKO POZA, TRIKITIXAREN V. JARDUNALDIAK: TXAPELKETAK

Txapelketan iragana, oraina eta geroa aztertu nahi da jardunaldi hauetan. Zer eman edo zer kendu ote dio txapelketak trikitixari edo beste edozein generori? Trikitixak bere berezitasunak izanda zertarako balio dezake txapelketak? Zein onura ditu? Zein arrisku?

Gaur egun trikitixak dituen ezaugarriak aztertzeko ere balio du hausnarketa honek, gizarte moderno honetan trikitixaren eta herri musikaren funtzioa ulertzeko helburuarekin.

Irailak 4, asteartea 19:30

Hitzaldia:

Txapelketa bilako udako ibiliak

Mielanjel Elustondo

Egia ala gezurra, agiriek diote 1933an izan zela lehenengo txapelketa nagusia, Kandido Beristainek irabazi zuela, ondoko bi urteetakoa bezala. Agiriek ez diote ezer 1936tik 45era bitarteko txapelketen gainean, 1945en Angiozarko Itsuak irabazi zuela besterik. Ondoko bi urteetan ere jokatu zen txapelketa, baina kito: 1970 arte ez zen berriro txapelketarik egin. Handik atzera eta 1991 bitartean ia urtero egin zen. Harrezkero ez da izan txapelketa nagusirik, nahiz eta artean 1990ean, ordu arteko lehiaketak antolatzen jardundako batzordeko buruak fuerte jo erronka: “Bi txapelketa antolatu behar badira antolatu egingo ditugu. Bata, estilo zaharrari eutsiz (…) piezen baremo modura. Bestea, pertsonaren abildadea eta digitazioa erakusteko”.

Irailak 5, asteazkena 19:30

Hitzaldia:

Txapelketaren zauri goxoa

Joseba Tapia

Esperientziatik abiatuta bere ikuspegi pertsonala emango du Joseba Tapiak txapelketan inguruan. Txapelketek zer ekartzen duten barrutik nahiz kanpotik begiratu ezkero. Trikitixari zertan egiten dioten on edo txar, guztia bizi izandako anekdota eta pasadizoekin bildurik.

Irailak 6, osteguna 19:30

Mahai ingurua:

Trikitixa: txapelketak eta biharra

Moderatzailea: Koldo Tapia

Parte hartzaileak: Koldo Iparragirre, Imanol Urkizu, Oier Araolaza

Txapelketa metodo bezala aztertzea da mahai inguru honen helburua, gaur egungo egoeraren  diagnositik abiatu eta txapelketak zertan lagun dezakeen aztertzeraino. Lehengo formulek gaurko gizartean balio ote duten aztertu beharra dago, bai eta txapelketek eta trikitixak berak gizarte honetan bete dezaketen funtzioa zein den.

Menua