TRIKITIXA IKASTAROA ZUGARRAMURDIN, TROBADA

Joan den asteburuan, uztailak 7 eta 8, trikitixa ikastaroa ospatu zen Zugarramurdin arrakasta handiz.

Bizkaiko, Iparraldeko eta Herrialde Katalanetako errepertorioan sakontzea izan zen helburua eta guztiz bete zela esan behar da.

Xabi Aburruzagak Bizkaiko errepertoriotik Rufino Arrolaren jotzeko modua bereizi zuen, haren jota bat irakatsi zielarik bertaratu zirenei.

Patrick Larraldek berriz, mutxikoen inguruan bildu zuen bere jarduna. Hegi ezagunarekin hasi eta Garazi aldean jotzen den dantza erritmoa eta haren berezitasunak irakatsi zituen.

Carles Beldak azkenik, Herrialde Katalanen inguruko xehetasunak eman zituen, bertako geografia ez oso ezagunetik hasi eta sardana bezalako musika erritmoekin amaituz.

Ikastaldia amaitzeko igande eguerdian kalejira egin zuten ikasle eta irakasleek Zugarramurdiko ostatuetan eta soinu jotzea bazkalondoan luzatu zen.