SOINUA PAPEREAN BILDUMAKO ALE BERRIA

SOINUA PAPEREAN BILDUMA

Soinua Paperean bildumaren barruko hirugarren alea aurkezten dizuegu, hain zuzen ere Faustino Azpiazu Sakabi (1916-1995) partitura bilduma.

Aurreko bi lanak Manuel Sodupe Gelatxo (1888-1953) eta Jazinto Rivas Elgeta (1906-1964) trikitilarien inguruan eginikoak izan ziren.

Egitasmo hau trikitixaren aro berrirako oso baliagarria dela uste dugu. Batetik, errepertorio zaharra eta jotzeko estilo zaharrak biltzen ari garelako, eta bestetik, pixkanaka-pixkanaka jasotzen ari garen guztia belaunaldi berrien eskura jarri nahi dugulako, jotzeko molde berrien oinarrian gure estilo zaharrak eta historia egon daitezen.

Izan ere, lehengo ondarea hedatzeko bidea da, aldatu gabe, baina gaurkotuz, gaurko formatura bihurtuz. Hau da, ez dadin trikitixaren lekuko soil bihurtu, eta bihur dadin egungo trikitixaren parte.

SOINUA PAPEREAN III. FAUSTINO AZPIAZU SAKABI  (1916-1995)

Faustino Azpiazu, Sakabi, 1916an jaio zen, Debako Lasturren.  Etxetik zetorkion zaletasuna, eta Donostiako Egia auzotik ekarritako Larrinaga-Guerrini batekin hasi zen, osaba Antton Baltzolarekin lehenengo, Madarixa Txikiarekin gero, Elgetarekin azkenik. Elgeta Eibarren bizi zen orduan, eta hara biltzen zitzaion Sakabi. Ez ibili gabe, horregatik. Ordu eta erdi oinez Azkarate gaineraino, autobusez gero Elgoibarrera eta trenez Eibarrera. Bide luzea maixuarengana heltzeko. “Soinua bizkarrean beti, badakizue, afizioa”, ekartzen zuen gogora omenaldiak zirela-eta, kazetariak hurreratzen hasi zitzaizkionean.

60ko hamarkadan Sakabi eta Egañazpiren lanak erromerietatik kalera egin zuten, menditik mundura: “Madalen Madalen”, “Anttoni eta Antton”, “Basatxoritxu”, “Urruti nire menditik”, eta nola ez, garaiko hit-parade hura, “Zure urtebetetzean”.

Columbia etxeak kantuok diskoan grabatzeko aukera eskaini zien, eta ohartzerako, Donostian ziren, Trinitate plazan, Centro de Atracción y Turismok babestutako “Trikitilarien lehen txapelketa” hartan. Ordurako, gauzak aldatzen hasita zeuden. Jendez mukuru zegoen plaza, bi mila bat lagun batu ziren, askok ezin izan zuen sartu. Sakabi eta Egañazpik jaso zuten txapela. Ez ziren ondorengo deialdira aurkeztu.

Handik zazpi urtera, hirurogei urte zituela, eta aginduta zuen bezalaxe, hala esan zion Egañazpiri Zarautzen jo eta gero:

–          Hauxe izan diat azkena.

1977a zen. Halaxe utzi zuen jende artekoa trikiti doinuak Gipuzkoan zabaldu eta ordura arte estima handirik ez zitzaion soinu txikiari duintasuna eman zion trikitilariak. Bazekien bazetozela gazteagoak.

Hona bada, liburuxka honetan, haren piezetako batzuk. Esan beharrik ez dago zein zituen dohainak, zeu ohartuko zara, jo ahala, Sakabiren musikaren ederraz.