PRIMI EROSTARBE: URRATZEN EZ DEN EZTARRIA

Mielanjel Garana / Malores Etxeberria

Argia, 1984

        Non ibili zarete gehienbat; festarik festa?

        Festetan eta, beti deika ziren. Hiru aktuazio egindako egunak ere izan ziren: Lehenbizi Logroñon, gero Zestuan eta handik 18 de Julio plazara. Gogoan daukat Urnietara ere zazpi egun segidan nola joan ginen jotzera. Gogorra izan zen hura. Trikitia jotzea beti ere nekagarriagoa da eta heldutakoa jotzen hasten ginen tarteka. Baina neska koadrila bat etorri zitzaigun heldutakorik jotzeko esanez, trikitia jotzeko! .

        Festaz aparte, Goizaldi dantza taldearekin 20 urte egin ditut, teatroetan e.a. Argiarekin ere ibili izan naiz.

        Eta Euskal Herrian zein aldetan.

        Euskal Herri osoa pasatu dugu guk. Gehienetakoa Gipuzkoa izango da. Herri askotatik deitzen ziguten, hango festetan plazan jotzeko. Bodatan ere asko ibili gara Gipuzkoan. Lehen orkestinarik ez zegoen eta... Orain, berriz, "rockero" edo direlako horiek sartu dira eta akabo!. Neri ez zaizkit gustatzen, ran, ran, ran, haien meneoa eta historia!.

        Bizkaian ere dexentetan izan gara: Arrigorriagan, Mungian, Mundakan, e.a. eta baita teatroetan ere. Baina Bizkaian soinuarekin baino albokarekin gehiago aritzen nintzen. Gasteizen eta Iruñean ere egin genituen geure saioak, teatroetan hauetan ere. Frantziako Euskal Herrira ere joan ginen Goizaldirekin: Donibane Lohitzunera, Donibane Garazira, e.a.

        Euskal Herritik kanpora ibili al zarete?

        Bai horixe! Makina bat bazter ikusitakoak gara. Suiza, Alemania, Austria, horiek denak pasatu ditugu Goizaldirekin joanda. "Sección Femeninarekin ere joan nintzen Parisera. Beste behin ere horrelaxe Paristik honaxeagoko herri batean, Dijon uste dut zuela bere izena, kalean zehar gindoazela, desfile moduko batean, irrintzi bat egin nuen eta frantses guztiak harrituta geratu ziren. Ezin zuten sinetsi pertsona batek horrelakorik egin zezakeenik eta inguratu eta honela esan zidaten: "Zuk txilibituren bat edukiko duzu eztarrian, bestela ezinezkoa da", eta gure gizonak erantzun zien: "Ekarri medikua eta begiratu". Ez zuten sinesten.

        Txapelketa batean ere parte hartu genuen Madrilen, "Coros y Danzas de España" zelakona, orain dela 20 urte. Aurreneko bueltan irabazi egin nuen irrintziarekin. Bigarren egunean irrintzi bera egin behar nuen baina aurreko egunean, irabazi nuenean, koadrila batek bizkarrean hartu eta han ibili ninduten eta kokakola ere eman zidaten edateko. Edaria hotz samarra zegoen nonbait eta eztarria erabat itxita utzi zidan. Ibizakoek irabazi zuten.

        Zuk panderoa jetzeaz gain kantatu ere egiten zenuen. Inportantea al da ondo kantatzea?

        Panderoa eta kantua, biak dira inportanteak. Panderoa bakarrik jotzea "más soso", da ezta?. Beti ere "IUfiiiii" edo " HOrri, horri, gazte horri....! egin eta...

        Ni honelako gauzak egiten "eroa" izandu naiz. Eroa ez, zelebrea.

        Nolako kantak kantatzen zenituzten, letra berderik ba al zen orduan?

        Horixe baietz! Guk ere noizean behin kantatzen genituen horrelakoak. Lehen lehenago, hasi berrian "kanta berdeak kantatuko al ditugu Balentin?" esaten nion, eta honek, "erreparatu apaizarik edo frailerik ote dagoen". Apaizak baldin bazeuden bestelako kantak kantatzen genituen: Aita gureak amari gona gorria ekarri gona gorria ekarri berriz ere nahiko dio ama neureak aitari.

        Letra pikanteak, horrek du bada grazia, jendea kontentu jartzeko horrelako pixka bat behar da.

        Zuk asko al dakizkizu?

        Asko, ez dakit. Neri ahaztu egin zaizkit oraintxe. Hau kantatzen genuen batzutan: Urkiola gaineko haizearen hotza / hantxe bilatu nuen praile buztan motza...