URKIOLAKO ERROMERIA
Kirikiño
Euzkadi, 1913-VI-14.
Eraspen edo deboziño andia dautsoe euskaldun baserritarrak, eta baserritar ez diran askok be bai, Deun Andoniri Urkiola mendiganeko eleizan.
Urtean urtean, euri naiz aterri, giza-eme (jente) oste andiak eltzen dira Urkiola mendira Bagilleko 13 garrenean, antxe Deun Andoniri otoi egiteko eskatu dagiola bere besoetan dauken Ume Jaunari eurak bear daben eskerren (mesederen) bat, edo bai eurak eskerrak egiteko lendik artuta dauken on bat edo geiagoren ordez.
Ia urte oneekaz Durangoko uriak egiten dauz jaiak Deun Andoni egunetan; eta onetara, ez Deun Andoni ikertzearren (bisitau) dantzan egin eta jatedakada bat egitearren baiño, Urkiolara lenago joaten ziranak, orain Durangotik aruntz ez dira igaroten, banakaren bat izan ezik.
Urteokaz Urkiolaraiño eltzen diranak geien-geienak, ia guztiak, geutarrak dira, euskaldunak, geure odoleko giza-eme garbiak, ta orregaitik, Durangotik Urkiolara ta ostera, ez da agertzen ez asarrerik ez begirada itzalik, poza ta alaitasuna baiño; erdera gitxi entzuten da an.
Askok egiten dabe aurregunean (bezperan) joan ara, bertan gaba igaro, ta biaramonean goizetik meza entzun eta jaunartu ondoren, bereala alde egiten dabe etxeruntz.
Beste askok, Deun Andoni eguneko goizean igoten dira mendira, eguerdian Durangora jatsi ta bazkaiteko. Ba dira Urkiolan bertan be bazkaiten dabenak.
Urterik geienetan, eguraldi sargoritsuak edo eguzki berodunak izaten dira Deun Andoni egunak, eta amaika izerdi ta arnasots izaten da bide artan.
Durangotik ara 10 kilometro dagoz, ta eurotatik 6 kilometro aldapa andiaz; onez ganera a bitxabala (karreterea) gerizpe gitxikoa da. Anka ta bular sendoak bear dira, ta gogoa sendoago mendigane artara igoteko oiñez. Baiña euskalduna ez da ikaratzen oiñez ibilteko; enda ona dauko orretarako; jatorriz da ibiltaria.
Batez be, euskaldunak ba dauko musturra nun busti, ez da beingo-beingoan ukatuta geldituko.
Eta zorionez, ba dago musturra bustiteko aukerea bide artan. Durangotik urten eta bereala eskumatara edatetxe bat; Ixurtza erri txikitxoan iru; eta Mañarin, sei bakarrik!
Sei oneetarik bat dago aldatzaren asiera-asieran, Barrueta tabernerua; onexek golpe egiten dau, batez be beruntz datozanakaz, egin-egiñean arrapatzen dauzalako aldatza-bera etorriaz belaunak zerbait nekatuta. Eta gero, taberneru barregarria da Barrueta. Erderazalea da oso; bere etxean beti erderaz egiten da; baiña euskeraz ez dakienai, batez be sumetan badau jeltzalea dala, euskeraz bakarrik itz egiten dautso; ez irakastearren, adarra jotearren baiño. O Barrueta taberneru andia! euk gura ez dokala be, euskerea zabalduko dauskuk jeltzale erdaldunen artean.
Aitatu doguzan edatetxeez ganera, Ixurtza ta Mañarin, txitean-pitean dagoz emakumeak bide bazterretan, maitxo baten ugorra edo aborrintea, azukailloak eta ur otza daukezala salgai.
Aurten eguraldi ederra izan da. Gu, EGUNEKOA egiten dogun gizajook, ementxe gagoz kateaz lotuta dagoan txakurra lez, iñora urteteko unerik arrapau ezin dogula... automobillak erosi daiguzanean beste gauza bat izango da.
Orregaitik, lotutze orregaitik, ez gara joan Urkiolara; baiña joan ez arren ba dakigu jente izugarria izan dala.