TONTOTZAT HARTZEN GAITUZUE

Xabier Gantzarain

Epelde, mende baten soinua, 2004

        Hala ere, soinu txikiarekin, baserritarrak kaletarrari barre egiteko modu bat ere aurkitzen du. Ezjakintzat eta basatitzat hartzen duen horrek berak, ordaindu egin beharko du baserritarraren soinu txikiaz dantza egin nahi badu. Baserritarrak, esan gabe adierazten du: nire jakinduria bestelakoa da. Ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi pasatako kantuak eta bertsoak ikasi nituen, orain instrumentu arrotz hau jotzen dut. Tontotzat hartzen gaituzue, motzak garela uste duzue, baina oker zabiltzate.

Baserritarrak, bizimoduaren gogorragatik eta lekuaren urrunagatik edo, musika, kantua eta dantza beti izan du oso gogoko, eta ahozko tradizio hori, belaunaldiz belaunaldi irristatu den jakinduria modu hori, hobeto gorde du. Ez zeukalako paperik eta buruz ikasten zuelako errepikatzearen poderioz.