SAKABIREN ESTILOA
Iñigo Aranbarri
Sabaki, soinu txikiaren handitasuna, 2003
Imuntzok ondo gogoan du, fandango bat jotzen hasi eta, tartean-tartean, dotoretze aldera, beheko notaren bat pikatzea edo akorderen bat sartzea bururatzen zitzaionean, zein izaten zen Sakabiren keinua:
"Ez, horrela ez."
Akorderik gabeko soinua maite zuen. Banaka aletutako notak, garbiak, sotilak, xareak. Bazuen horretan urteetan lagun izan zituen musikarien eragina. Beharbada Elgetarena berarena ere bai. Akorderik gabeko piezak. Askora jota, oktabaren bat sartuko zuen.
"Elgeta eta Sakabi, jotzen, igual-igualak hituan", dio biak hamaika erromeriatan elkarrekin jotzen ikusi zituen Oñederrak.
42ko argazkia etorri zait burura.
"Eta Auntxa?"
"Hark diferente jotzen zian."
Litekeena da horrela izatea. Irakasleak ere, bestelakoak izan zituzten. Sakabiren eta Elgetaren arteko harremana estua izan zen oso. Auntxak, berriz, berak esanda dakigu Kandido Beristain izan zuela maisu.
Berehala argituko du, ordea, Oñederrak, bazela bien artean alde txiki bat:
"Sakabik gutxiago zabaltzen zian hauspoa Elgetak baino."
Bada honetan aldaketarik trikitilari zaharrekiko. Garai batean, gehiago zabaltzen zen soinua. Gaurkoen aldean, soinujole zaharrek gehiago jotzen zuten ilara bakarrarekin, eta hauspoari ere, gehiago eragiten zitzaion. Hauspoaren arnasa entzun egiten da, ordea. Gerta liteke baldar antxean ari dela iriztea ere. Eta Sakabi perfekzioaren bila dabil...
Bizi, ordea, garbi adina bizi jotzen zuen soinua.
"Gezurra esan diat! Beste zerbaitetan ere bahituan diferenteak. Elgetak ez zian soinurik jotzen dantzari gutxi bazuen aurrean, Sakabik berriz, baita inor ez egonda ere."