PRETRATXARRIRENEAN

Koldo Izagirre

Elgeta, sasiaren sustraiak, 2001

        Soinu txikiak gure kulturan ezagutu duen bazterketa handia, gure kulturari ezarritako debeku handiagoaren barruan bizi behar izan zuen frankismoan. Azak ontzeko, Elgeta alderrai bizi izan zen, bakarti, eta laster beteko dira berrogei urte hil zela. Ez da batere samurra, beraz, biografia zehatza moldatzea. Informatzaileek nahasi egiten dituzte garaiak, zeharbidez jakindakoa zuzenekotzat hartzen dute, eta anekdotak, ahoz aho, edertu egiten dira. Hala entzunak gara gauero nahi zuen emakumearekin oheratzeko eskubidea zeukala, jotzen zuen lilitegian. Baina soberatu nabarmenaren azpian, egia: Jazinto Rivas "putetxeko pianista" izan zen. "Petratxarri" esaten zitzaion —Kirikiñoren itzal luzea— etxemaitean hain zuzen, Zuzenbide kalean, Eibarren alegia, sasia suak erraz hartzen zuen hartan, Mateo de Uriartek ohartarazia zuen bezala:

"(Eibar) atrae a sí la juventud libertina de otras localidades que aquí, libre de la presión del ambiente de sus pueblos, viene a dar rienda suelta a sus desahogos en espectáculos, bailes y casa de lenocinio."

        Ez genuke "pianista" hitza estuan hartu behar, sustraituriko esamoldea da gisa horretako etxeetako musikariak izendatzeko. Fox, bals, pasodobleak... halakoak jo beharko zituen "sasitegi hartan." Tangoa Maria la Vasca-ren burdelean berritu zen bezala berritu zen Eibarko Petrarenean gure soinu txikiaren errepertorioa.