PATXIKO ABARKADUNA

Domingo Agirre

Garoa, 1912

        "Eta ikasi zazu, bide batez, abarkadunetatik abarketak eta beste oinzorroak jazten dituzten gizonetara dagoan gora bera ta ezberdintasuna. Nere iritziz, abarkadun gizonak menditarragoak, benatsuagoak, patxadagokoak, gizaseme zar ta aginpidekoai begirune obean itz egiten dakitenak dira; abarketadunak ostera arintxoagoak, txoro ta txakillagoak, beren buruen irizte andikoak eta bestientzat destaña erreza daukatenak. Basetxetarrak, nere ustez, lenbiziko abarketa jantzitzean galdu zuten apur bat beren baserritartasuna, ta larruzko oinzorro argitsuak jazten berriz, ia uritartzat artu daizkegu".

        "Naigabe andia ematen dit neri onek, bada urietako euskaldunak, danak ez baña bai askotxo, azaletik bakarrik dira euskaldun, mingañez dira sorterri zale. Tximista gorria! Ezadazula arpegi beltzaz begiratu. Beadarka esango dizut, albiste berria ezta baña. Urietan izurri txarra dago euskerarentzat; urietan jazkera zarrakin batera joan zitzaizkigun gure oitura zarrak, eta jazkera berriakin batera datorkigu erdera, birao, nasaikeri ta txankamekeria. Baserritarrak eztira gizon doneak, ez. Bai zera! Entzun didazu zer esan detan batzuekatik, ta eztitut guztien zauri ta zornak erakutsi. Orraztu bear andia daukate askok, badira norbaitzuk akerraren adarra baño okerragoak eta pozik astinduko nituzke gorosti makillaz pozik; baño ala ere, baserritarren artean, abarkadunen artean daude Euskalerri barruko euskaldunik egiazkoenak. Abarkadun gutxi ikusiko dezu erderaz mintzatzen edo abanera, xotis ta beste arrotz dantza nastuetan. Orretarako abarkak kendu bear dira lenbizi".