LEHENGO ERROMERIAN

Kaxiano, 1994

Zahar gazte eta haurtxoak

jartzera noa bertsoak

oroituz lehengo erromeri ta

dantza erasoak

gora jasota besoak

oinak berriz airosoak

dantza mota hau berekin zuen

gure Euskadi osoak

Fandangoan ahalegina

da gero arin-arina

korrokoa ere noiz eta behin

zuten atsegina

hura dantzarako grina

inon gelditu ezina

gaur ez bezala eskertu ohi zen

txistua ta danbolina

Lehenbizitik mutilak jai

taberna zuloan lasai

trago batzuak egindakoan

jartzen ziren alai

berotzen zirenean bai

neskatxakin ibili nahi

baina hala ere ez ziren noski

dantzon hasiko nolanahi

Arratsaldea aurrera

mutilak plaza aldera

hurbiltzen ziren neskatxengana

dantza egitera

orduan denak batera

elkarri txanda kentzera

etxerakoan joategatik

denak neska laguntzera

Batzuk plaza bazterrean

besteak denan aurrean

faborez eske joaten ziren

ohitura zaharrean

baina ilunabarrean

ardoaren indarrean

zalapartaka neskei segira

elkar ito beharrean

Askotan gertatzen zena

bi mutil neska batena

bitatik batek bueltatu behar

hura zen txarrena

gero horren ondorena

gorrotoa elkarrena

harrika ere hartu ohi zuten

nesketatik zetorrena

Neska laguntzen izanda

bueltan etortzen ziran da

beren buruak haundi eginaz

gezurrak esanda

ez zutik ta ez etzanda

ezer egitera etzan da

muxu pare bat ematea ere

pekatu izaten zan da

Horra hor bertso berriak

emanaz lehengo berriak

gaurko gazteak jokin ditzaten

propio jarriak

egun gogoangarriak

ta une zoragarriak

lehenago ere bizitzen zitun

bai gure Euskal Herriak