LEHENENGO GRABAZIOAK LOIOLAN
Joxe Mari Iriondo
Imuntzo eta Belokiren Ganbaran bai
diskoaren sarreratik, 2004
1961eko otsailaren 11n hasi zen irratia. Eta handik laster grabatu ziren lehenengoz trikitilariak, Loiolan, ordura arteko diskografia oso urria eta ahula zen eta. Ez zegoen bizpahiru disko besterik irratian erabili ahal izateko. Eta, zoritxarrez, ez zuten balio gainera, arbel lodian egindako bi-hiru grabazio kaskar haiek.
Kontuak kontu, entzuleek gustura entzungo luketen hemengo musika behar zuen irrati hasiberriak. Eta miraria, berriz ere! Zein hasiko soinua grabatzen, eta Aita Joxe Mari Bergara jesuita bera izan zen beharrizan hori inork baino lehenengo ikusi eta sentitu zuena.
Halabeharrez, soinu handia grabatu zen lenenengo Loiolan. Azkoitiko Gillermo Aldalur Pikua-ri hots egin eta zortzi bat pieza grabatu zizkioten, arratsalde batean: Txalintxo fondangoa, Txalintxoko arin-arina, Oletako erromeria, Etxesoga-Korta bidean eta abar. Aire horiek oraindik ere belarrietan dauzkat, bizi-bizirik. Urrutira antzemango nuke soinu haren hotsa. Hurrena, Migel Sagastume El mago de Urki eibartarra gonbidatu zuten, soinujole aparta baita. Gero, Kandido Beristainen txanda izan zen, soinu txikiarekin.
Sakabi eta Egañazpiren lehenengo grabazioa 1962ko udazkenean egin genuen, ordura arte ausartzen ez-eta, diru askotxo eskatuko zigutela pentsatuz. Justo Goikoetxea Akotei-Orkazarre zenarekin etorri ziren, eta gero Columbian grabatu zituzten Zure urte betetzeo, Ehiztorien gozamena, Oraingo gazteok eta abar eskaini zizkiguten. Hura ten gure poza, eta hura entzuleen zoramena! Hurrengo grabazioak, 1965, 1967, 1970 eta 1972an egin genizkien.
Laja eta Beizamako Motza-ren (Urdanpilleta) txanda izan Zen hurrena, 1963an. Hiru-lau ordu pasatu genituen grabatzen, baina bai sorta ederra bildu ere: trikitixa, porrusalda, fandango, arin-arin eta bideko, bederatzi edo hamar grabatu genituen. Uzta ederra eta erraza, guretzat. Gero, 1965, 1968 eta 1970ean grabatu zuen Lajak berriro.
Auntxa-Iturbide eta Zabaleta-Uittererekin 1964an eta 1968an hiruna saio grabatu genuen. Ordukoxeak dira Antonio Arana Auntxa-ren Urrestillako fondangoa, Endoizpeko arin-arina eta abar. Baita Zabaletaren Baserri eta kale, Neskata bidean, Tapia segolaria eta beste dozena erdi bat fandango eta arin-arin ere. Zendoia anaiak eta Epelde-Egurrolaren grabazioak 1965eko udan eta 1968ko udazkenean egin genituen.
Kataolatza-Juliana, 1965 eta 1969an, Arbe-Iturbide eta Maltzeta-Landakandarekin, 1966 eta 1968an.
Eta horrelaxe, giro haren ondorio izan zen 1970eko irailean Donostiako Trinidade Plazan egin ten txapelketa handi hura. Tartean, Kataolatza-Juliana, Bitarte-Iturbide, Mardu zaharra, Tapia eta Juan, Zialtzeta, Felix Illarramendi Errata, Kasiano Ibarguren Lizartzako Itsua, Felix Aranzabal Angiozarko Itsua, eta Esteban Larrañaga (soinu handia azkenengo hirurok), eta besteren batzuk ere grabatu genituen, gogoan dudanez. Esker onez aitortzekoa da, deitu, mesede eskatu, eta inork ez zigula sekula ezezkorik eman. Trikitia ezagutzera emateko erromeria-toki egokia zen nonbait irratia, eta horrelaxe onartu zuten orduko trikitilari askok. Garai bateko koplariren batek esango zukeenez:
Gezurra dirudi baina
gezurra dirudi baina
horra egia osoa
gezurra dirudi baina...
Ordainez diru asko eskatuko zigutela irudituta, asko kostatu zitzaigun orduko trikitilariak irratira ekartzen hastea. Baina, guk halaxe pentsatu ez arren, egundo ez zigun inork ez oztoporik jarri, ez txakur handi bat eskatu, ordainez. Eta bai ederki baliatu ere gu, sona eta probetxua alderdi bientzat ona zela ohartuta.
Hamaika astindu eman genien zinta horiei, jira eta bira. Bereziki geuretzat bakarrik egindakoak zirenez, diskoek baino askoz ere estimazio gehiago izan zuten, benetan. Askotan, goizean, eguerdian eta arratsean, egunean laubost aldiz errepikatzen ziren trikiti, porrusalda, fandango eta arin-arinak baziren, alafede! Eta halere, gure entzuleak aspertzen ez. Halakorik!
Ostegun arratsetako Gure Erromeriak (21:00 - 22:00) saioak arrakasta handia izan zuen, urteetan zehar. Eta benga berriz ere trikitixa! Kaikukeria omen zela hura esan ziguten inoiz. Baina, biba baserritarkeria! Urte askoan iraun dezala horretan.