KORROA

Pako Aristi

Gelatxo, soinuaren bidaia luzea, 2001

        Lan horretan hasi zen Pedro umea zelarik. Bere aitak jotzen zuen bitartean, bera kobratzailea zen korroan zegoen jendearen artean. Korroa dantzan ari zen jende multzoari esaten zitzaion. Elgoibarren, esaterako, Pedrok lau korro ezagutu ditu, alegia, lau musiko ezberdin, bakoitza bere publikoarekin. Batek sueltoa joko zuen, eta beste hirurek agarradoa, helduta dantza egiteko musika, herri batzuetan, urte askotan, apaizek heldutako dantza debekatuta eduki zuten arren. Bat soinuarekin arituko zen, bestean orkestina egongo zen. Hori bai, denak altabozik gabe garai hartan. Jendea libre zen nahi zuenarengana joateko, beraz, musikoek saiatu beharra zeukaten ondo jotzen eta modako piezak ikasten. Kobratzaileari pezeta bat, edo bi, eta geroago ogerlekoa ordaintzen zitzaion.