KOPLA "LOHIEN" ONDARE UGARIA

Koldo Izagirre

Elgeta, sasiaren sustraiak, 2001

        Trikitixak bi kalte nabarmen ekarri zizkion Euskal Herri zintzoari: dantza lotua erantsi zien fandango eta arin-arinen erromeriei, eta ezkutuan zegoen bertso eta kopla "lohien" ondare ugaria bideratu zuen: Tturrukuttu ez neri ikuttu... / Barregarriak dira katuan arrautzak... / Lizarrari hostoa atera baino lehen... Eta hasiera Oraingo neskatilek... emanda egin diren aldaera guztiak, esate baterako. Lotsa galtze horretan ez zen Urkiolako erromeria bera ere salbatu:

                Urkiola gaineko

                pagoan onduan

                akordatzen al zera

                zer egin genduan? 

        Ez erromeria, ezta santua ere zen errespetatu. Aurreko kopla alusioz baino ez dugu "txarria", hitzek irudimena kitzikatu besterik ez dute egiten, erotismoa entzulearen konplizitatean dago oinarritua. Alabaina, Aita San Antoniyo Urkiolakua... kopla ezagunak santu debotua eta uztartutakua ez beste amaiera gordinago batzuk ere baditu, eta, aitor dezadan Kirikiñoren eskandalarako, Donostiako apeztegian ikasten ziharduten herritarrek zizkidaten irakatsi aspaldiko uda zoragarri batean.