KARLISTAK ERROMERIAN
Kirikiño, 1914
Urtean-urtean Urrillako bigarren igandean erromeria izaten da Urkiolan. Emen inguruko jendeak Urriena esaten dautso egun orri. Bagilleko Deun Andoni egunean gaiña lagun ez da batuten, baiña orraitiño asko bai, ta baserritar jendea geien-geiena, Txorierri ta Arratiatik aldra andiak etorten dirala; inguru errietatik zer esanik ez dago.
Aurten, eguraldi onak diralako edo, gizadi andia etorri da, aspaldian egun onetan ezagutu ez dan lakoa.
Esan bearrik ez da notin edo persona nagusien artean gazte asko, neska ta mutil, etorri oi dirala, dantzan egiteko gogo geiago dakarrela ostantzerako baiño. Gazte aldra asko joan oi dira bidean soiñu joten, duntzaiíia, pandero, atabal, auspo soiñu ta onakoekaz, ikotika ta ujuka zoro-zororik. Onetariko mutil aldra azitxo bat (durangarrak uste dot zirala) igon ziran emendik goizeko zortzirak inguruan duntzaiña ta atabal otsez euzko soiñu politak ederto joten. Atsegiña zan eurak ikustea ta eurei entzutea. Ederto mutillak!
Arratsaldean berantz jendea etorrenean ni be urreratu nintzan Mañari kalera ikusigura, ta orra: mutil bat etorren zaldi ganean, onen urrengo beste bat oiñez atabalean joten pan ... parapan ... pan ... parapan ... eta gero mutil-neskak biña-biñan alkarri besoetatik elduta (egin-egiñean be atzenengo neskeak eroian lepotik ostera dingiliz zato edo ardau bota bat zimel-zimelik). Beti be, aldra onetako mutil batek didar egiten eban: Viva la boda! ta beste guztiok: Viva!! Eta gero: Viva el novio! Viva!! ... Viva la novia!! Viva!!
An urtxo egoan astokraziako bati egin neutson:
Zer diñoe? Boda ori, nor da?
Errukiz irribarre egin eta buruari eraginka erantzun eustan:
Coitao ... coitao! ... No saber boda que es? Vivir tapoco no sé como pueden haser estos así, sin saber nada! Gizona, ori ezkontza da.
Beraz ezkontzea ... Onetan neska-mutillak gelditu ziran eztarriak garbitzen karlista baten tabernan eta orduantxe igarri neban ezkontza edo boda ori izango dala Don Jaimerena, ta aldra guztia joan izango zala Urkiolara Deun Andoniri eskatzen ezkontza zorionekoori. Ba daukozue, gazteak, zati baterako lana, orren eske bazabiltze!
Oneek baiño gerotxoago igaro ziran mutil bi ta iru neska, alkarri besoz buztartuta estu-estu ta neska batak buruan eroiala mutil bataren txapela. Oneek guztiz txarriro joiazan. Itxi eben zeresana gure erri onetan. Euretarik bat, ezagutu neban, mutilla; ez da jaimetarra ez jaltzalea. Geroago, nik alde egin baiño lentxoago, igaro ziran beste neska-mutil sokatxo bi, oneek be alkarri elduta, ikotika, ta bertan asi ziran abestuten: ..."y ven y ven y ven"...
Abesti au ez dakit neuk zelan dan, baiña entzunda daukot txarri, zikin, loi-sats, urde, iguingarria dala, Bilbaoko goikaleetako txarritokietan erabilten dana. Neure alboko bati esan neutson:
Gazte orreek, nungoak ete dira?
Orreek Durangokoak jatzuz; ara, neska bi orreek bigarren erreskadako eskuma aldetik doiazanak Urkiaren alabak dira; aurreko beste a, Berendiarena; ta olantxe besteak be.
Ikaratzen nozu! Orreek guztiok ez dira ba jaimetarrak, eta beraz, elizatikoak? Jokatuko neuke mutillok dirala Deun Koldobika Batzakoak, eta neskok dirala Mirenalabak.
Bai auza; baiña zer gura dozu? Gaztea beti gazte, ta gero be ez gaizan ainbeste estutu iñoren pekatuagaitik geure buruekaz ez daukogu zeregin makal-makala ta.
Zer estutu ta zer dakazu zeuk ostera? Iñok ikusiko ez dauzan lekuan egin daiezala txarrikeriok eurak alan gura izan ezkero, baiña ez daitezala etorri orain arte garbia izan dan Urrillako erromeri au zikinduten eta gure erri onetako gaztetxo ta umeei bide txarrak erakusten... bestelakoak!
Irakiten asi nintzan eta bearbada garratzegiak esango ete nebazan bildurrez, txikerdi ardao garbituta etxera joan nintzan.