Irakaskuntza aldakuntza
Jose Ignazio Ansorena Miner
2004.eko irailaren 28. 19etan, Koldo Mitxelena Kulturgunean
Jose Ignazio Ansorena: Arratsalde on, hona hurreratu zareten guztioi. Gaurko mahai inguruan ondoan ditudan aspaldiko bi lagun arituko zaizkigu solasean: Sabin Bikandi eta Joxan Goikoetxea. Eta niri sarrera gisako hizketaldia eskatu didate, baita ondorengo solasaren moderatzaile izatea ere. Baietza eman dudanez eta hona etorri naizenez, besterik gabe eginkizunari ekingo diot.
Hasieratik hastea omen da logikoena eta ulerterrazena gehienetan. Izenburua dago hasieran: Irakaskuntza aldakuntza. Itsusiagorik jartzea ba al zegoen? Gezurra ematen badu ere, bai. Ez, ordea, hau oso itsusia ez delako, baizik eta benetako astakeria negargarriak ikusten direlako bazterretan.
Hala ere, aukera ere ematen digu Irakaskuntzan, oro har, eta herri musikarenean ere, dagoen akats larrienetako bat somatzeko: kuntza gehiegi. Euskaraz biraorik ez zegoela zioten gure panegirista zaharrek: ez zuten kuntzakera ezagutu.
Ziur aski sarrera hau egiteko aukeratu naute antzeko tresna baten irakaskuntza ibilbidean dudan eskarmentuarengatik. Txistu eta danbolinarenean. Kontatuko dizuet bada zein den eskarmentu hori.
Orain dela hogeita hamar bat urte, Donostian eta inguruan geunden txistulari batzuk, gure tresnen irakaspenen ofizialtasuna aukeratu genuen jomuga eta hori lortzeko hamaika lan egin genituen. Garai hartan ikusten genuen beharrezkoa zela alderdi askotatik:
-Giroan mailakatze maltzurra zegoen. Euskal Kontserbatorioetan bazeuden txistu eskolak,danbolintero zahar batzuen lan eskergaren ondorioak. Baina honelako zerbait pentsatzen zuten Kontserbatorioetako arduradunek: “Honek ez du benetako interes musikalik, baina geurea denez kupidaz txoko bat utzi beharko diogu”. Donostiako Kontserbatorioko gelaren atean honelako txartela zegoen: “Músicos juglares”. Horregatik, kalifikazioetan eta paper guztietan jartzen zen, “Sin valor oficial”. Debeku modukoa bazegoen giroan: zuek zuen alorrean. Eta ez mugitu. Gaizki zegoen geure eremutik ateratzea (beste tresnekin batera aritzea…). Eta noski, gure alorra balio eskasekoa zen.
-Gure ibilbide musikalei zegokion guztia krisi latzean zegoen. Tresnak oso kalitate eskasekoak ziren (afinazioa, hots kalitatea...). Tresna txarrak lortzea ere ez zen samurra! Eta inor ez zen hobetzeaz arduratzen. Ikasteko materialak ere oso eskasak ziren. Teknika ez zegoen behar bezala aztertua, zer esanik ez pedagogiari zegokionez. Errepertorioa ere eskasa zen eta ia dena tankera berekoa. Obra modernorik ez zegoen.
-Alderdi ekonomikoa ere tartean zegoen noski. Ofizialtasun ezak, danbolintero eta txistu irakasleen kalifikazio profesionala oso leku txarrean kokatzen zuen eta soldata benetan barregarriak kobratzen zituzten, kobratzen zituztenean, bai lanpostu publikoetan, zein pribatuetan.
-Behar bada beste hau zen okerrena. Geurok ere, txistulariok, nor ginen ez genekien. Abertzaletasun diskurtsu autoktonista eta goragutarzalea, maiz merke samarra, ezagutzen genuen eta asko gainera diskurtsu horrek bultzatuta hurbildu ziren gure tresnetara. Somatzen genuen hura propaganda —beharrezkoa agian— besterik ez zela. Baina ez genekien besterik.
Hauxe zen gure kalkulua: ofizialtasuna lortuta, alderdi ekonomikoa bere onetara eramanda (irakaskuntzan eta Udaletxeetako Bandetan), irriki berri bat sortuko zela iruditu zitzaigun eta jende ugari lanean hasiko zela aipatutako arlo guzti horietan.
Gaur egun, txistu danbolinaren irakaskuntzan ofizialtasuna lortu genuela urte dexente igaro direnean, esan dezakegu, iragarpen hori ziertoa izan zela. Ikasle asko hurreratu ziren gure tresnetara, irakasle tituludun asko sortu ziren, lanpostuak ere bai; pedagogian, konposizioan, diskogintzan, geure buruaren ezagutzan lan ugariak egin dira… Eta berriro krisian gaude. Baina bizitzaren legea da. Krisiak beharrezkoak dira bizirik jarraitzeko. Fosilek ez dute krisirik izaten. Bizirik daudenek bai.
Uste genuen dena konponduko zitzaigula ofizialtasunarekin. Eta ez da horrela gertatu. Beti sortzen dira arazoak bizitzan. Esaterako kuntzatuta dagoela irakaskuntza. Ez leku guztietan, ez kasu guztietan. Betikoa gertatzen ari da. Nik neure ikasleei maiz errepikatzen nien: bere bizitza osoan, irakasle on bakar bat topatu duenak ez daki zein zorte handia izan duen. Benetako maisu edo maistra ona Ama Birjina agertzea bezalakoa da, miraria. Nik askotxo izan ditut eta esker onez gogoratzen ditut. Eta ikasle ezin hobe ugariak ere bai. Nire bizitza miraritsua izan da.
Gaur eguneko gure krisian zer dagoen, Sabinek aipa lezake geroago nik baino hobeto. Baina, nire ustez, denetarik:
-Irakasle asko inertziak jota, lanpostu bat lortu eta akabo.
-Irakaskuntzaren kuntzakera. Jo gabe, baina irakasten duten irakasle asko.
-Musika eskolen haurtzaindegi bihurtzeko prozesua. Irakaskuntza aldatu baino gehiago ikaskuntza aldatu da eta ez gara konturatu. Zer nahi dute ikasleek eta gurasoek gugana jotzen dutenean? Garai bateko helburuekin zer ikusirik ez daukala iruditzen zait.
-Musikaren ugariegitasuna, leku guztietan musika entzuteak sortzen duen neke eta nazka.
-Agian trikitixaren konpetentzia ere bai.
Kontatu izan dut neure esperientzia pertsonala. Haurra nintzela, Konstituzio Plazan, Donostian, jaiero danbolina zegoen goiz eta arratsaldez. Gazte asko biltzen zen dantzan igande arratsaldeetan. Udaleko danbolinteroek garai bateko arautegian zuten eginbeharra hauxe zen: “fiestas de guardar” guztietan jo. Uztaileko 18, “Alzamiento Nacional”-aren eguna, ez zen horrelakoa. Gobernu Zibilak erromeria antolatzen zuen plazan. Baina txistulariak ez ziren jotzera joaten (arautegiaren aitzekia ondo erabiltzen zuen Isidrok), baizik eta trikitilariak. Bestetik, trikitilari famatuenek nire haur denboran erdaraz kantatzen zuten. Donostiako Parte Zaharrean, garai batean, ez genuen maite trikitixa.
Azken hogeita hamar urteetan horrek iraultza ezagutu du. Arrazoi asko tartean (batzuk soilik teknikoak: errazagoa da soinua sonorizatzea txistu danbolina baino, soinuak armonia ere egiten du… Beste batzuk sikosoziologikoak: danbolinen eginkizun protokolarioak sortutako ezinikusiak, PNV-EAJrekin identifikatu izana, danbolinteroak pop eta folk-etik urruti samar ibili garela, etab), txistu eta danbolina ez ditu euskal gazte jendeak maite eta soinu txikia euskal tresna autoktonorik autoktonoena dela sinistu nahi dute. Hori dela medio, trikitixak urrezko urte batzuk ezagutu ditu. Baina ematen du pattaldia ere etorri zaiola. Eta guri gertatutako berbera ari zaio orain gertatzen. Urte batzuk geroago. Horixe da aldea.
Ostikada asko hartutako danbolintero batek zerbait esango dizue honen inguruan:
-Lasai. Itxuraz, gezurra ematen badu ere, tradizioa modak sortu du. Garai bateko modu eta modak beste garai batean tradizio bihurtzen dira. Balio duten seinale. Ezertarako balio ez duten modak desagertu egiten baitira. Adibide bakarra: XIX. mendearen hasieran polkaren moda haize bortitz baten antzekoa izan zen Europa osoan. Geroago charleston, twist edo rock and roll-aren antzera Europako bazterrak erotu egin zituen. Gaur egun, polka ez dago modan. Baina Mendebaldeko folklore osoan bizi bizirik dago.
-Tradizioak ere modak izaten ditu. Txistu eta danbolinaren nagusitasuna euskal musika tradizionalean XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran izan zen (lehenago ez zen tradizionala, baizik eta bizi bizia. Eta geroago… badakigu). Trikitixarena 1975tik hona izan da (lehenago ere, soinu bizia zen). Baina, sinestu, moda, tradizionala edo ez, pasatzen denean patxada ederra hartzen da.
-Debeku hitzaren inguruan ibiliko zarete egun hauetan. Debekurik handiena norberak bere buruari jartzen dio. Modaz pasatuta egonda ere, bada komunikaziorako eta arterako zirrikiturik. Baina —aipatu dizuet lehenago horixe zela gure arazorik handiena— nor garen garbi jakin eta batez ere sentitu behar dugu. Zuen benetako lekua bilatu behar duzue, eten gabe bilatu. Musika gehiegi baitago gaurko egunean. Benetan diotsuet: “kontua ez da sagua edo mamuta izatea. Saguak izan arren, pozik eta osasuntsu bizi gaitezke... mamutak garela inori, eta are gutxiago geure buruei, sinestarazi nahi ez badiogu”.
Galdera batez hasiko naiz eta bioi botako dizuet. Nola dago egoera? Nola dago musika tradizionala irakaskuntzan?
Sabin Bikandi: Ezagutzen ditudan kasuak, txistua eta trikitixa hedatuenak direlarik, teknikari edo irakaskuntza teknikoari begiratuz aurrerakuntza batzuk izan dira, metodologian asko hobetu dugu. Tresnen kalitatean eta kopuruan ere bai, baina agian funtsezko ikusten ditudan hainbat gauza, adibidez, dantzaren errepertorioa ezagutzea, dantzan jakitea, dantza maisu izatea, tradizio batean nik ikasi dudan hori irakasterakoan hutsune nabaria ikusten dut. Badaude beste tresna batzuk gaur egun martxan jartzen ari direnak edo suspertzen, alboka bezalaxe. Eta hor gauza bera esango nuke, dultzaina eta gaitarena ere bide beretik esango nuke, hau da, nik eskas samar ikusten ditut.
Joxan Goikoetxea: Irakaskuntza bilakatu da lanbide inportante bat, trikitilarientzat lanbiderik inportanteena. Jendeak gero eta emanaldi edo erromeria gutxiago egiten ditu. Urte dezente dira txistularitzaren esparruak beharra sentitu zuela hausnarketa edo teorizazio prozesu bat irekitzeko bere instrumentuaren inguruan, trikitilariek badirudi behar hori ez dutela sentitu edo sentitu badute oraindik ez dira elkartu eztabaida hori serioski bideratzeko. Hori izan daiteke trikitixaren diagnostikorik txarrena, irakaskuntzaz hitz egin behar badugu zuzenean azken 10 urteetan hemen gertatu den hezkuntzaren erreforma, LOGSE ditxoso horretara joan behar dugu. Musika tradizionalera eta trikitixara heldu da eta agian trikitilariak oraindik ez zeuden eta ez daude prestatuak. Zuek eduki duzuen teorizazio maila hori oraindik ez da heldu trikitixara eta badirudi trikitixa munduaren kudeaketa trikitilariak ez direnen eskuetan egon dela ia beti.
J.I. Ansorena: Trikitixaren munduan badirudi kontzientzia txar bat, arazo bat badagoela. Gure mundutxo hauetan joera asko egon daitezke, denok dakigu zer den talde dinamika, taldeak ez dira gauza amorfoak eta talde bezala mugitzen dira. Talde horiek liderrek gobernatzen dituzte. Lider maila desberdinak daude, lider potente bat, bigarren mailako bat edo hiru lider potente. Izan daitezke onerako eta txarrerako, positiboak eta negatiboak, oilar borrokan ibil daitezke eta kolaboratzeko prest egon. Oro har euskal tradizioaren alorrean, ziur aski gure kulturaren arazo bat izango da, ez gara egoera honen jabe izan eta kostatu izan zaigu liderren arteko kolaborazioa lortzea. Hemen lider asko sortzea behar da eta oso ahalegin handia egin behar da lider horiek ondo konpondu daitezen. Nik ez dakit trikitixaren munduan hori gertatzen den, gerta daitekeen, hori izan daitekeen arazo horien konponbideetako bat.
S. Bikandi: Lidergoari buruz hitz eginda, jotzailea bide batetik eta irakaskuntza beste batetik doazela ematen du. Ansorenaren kasuan biak uztartzen ziren, irakaslea eta jotzailea. Orokorrean ikusten dudan beste kontu bat, Joxanek esan duenari jarraituaz; trikitilarien artean ikasi gabe jakin nahi duenik asko dago. Irakasle izan bai, ogibidea hortik atera baina ikasteko asmorik ez.
J. Goikoetxea: Gure trikitilari zaharrak ere irakasle ziren gehienak, edo hori ere egiten zuten: Elgetak, Sakabik, Auntxak. Beraiek zuten metodologi horrek funtzionatu egiten zuen, beste pertsona batekin aurrez aurre jarri eta modu mekaniko batean erakutsiaz, beste pertsona horrek ikasi egiten zuen pieza bat edo bestea modu berdinean jotzen. Ez dakit metodo horrek baliorik baduen gaur egungo akademizismoaren barruan baina urte askotan funtzionatu du eta gauza aberats asko utzi dizkigu. Horietako irakasle bakoitzak bere errepertorioa zuen, estilo bat zuen eta jende askok planteatzen zuen batengana joatea, bestearengana joatea errepertorioa handitzeko. Aldakuntza handiena hortik dator, guzti hau normalizatzetik, trikitilariak alfabetatzetik, habilitatzetik edo homologatzetik. Metodologia bat sortu nahi da eta lehenengo gauza aurreko metodologia deuseztatu egin da. “Trikitilariek solfeoa ikasi behar duzue bihartik aurrera denok irakasle izateko”. Aldakuntza hor dator eta oraindik ez dakigu globalizazio horrek gauza hobeago bat ekarri digun. Nire sentsazioa da prozesu guzti hori trikitilariak ez diren pertsonen esku dagoela, hezkuntza erreformatzea, jendearen habilitazioa… Trikitixa, beste gauza asko bezala, koordenada konkretu batzuekin ulertu behar da.
J.I. Ansorena: Bertakoek egin dutenean ere ez dakit askotan asmatu duten.
J. Goikoetxea: Iritsi gara momentu batera zeinetan posible den trikitixa erakustea Euskal Herriko zentro ofizial batean, trikitixa jotzen jakin gabe. Eta hori gertatzen da habilitazioen bidez. Akordeoi irakasle batek erakutsi dezake trikitixa eta ez du zertan frogatu beharrik dakien edo ez, merituengatik aukeratzen dira.
S. Bikandi: Habilitazioen historia trikitilariei eta guri dagokigunez, hor izan ginen hasieran eta ondorengoetan, tokatu zait barrikadetan egotea. Kontatuko dizuet pixka bat, zuen burua horren aurrean kokatzeko. Duela 12-14 bat urte, uda partean edo zen, telefonoz enteratu ginen Eibar partean habilitazio ikastaro batzuk egiten ari zirela musika tradizionaleko tresnetan irakaslegoa sortzeko. Enteratu ginen Aingeru Berguices eta biok eta hara joan ginen ea zer gertatzen zen. Aurkitu genuena telefonoz egindako deialdi bat zen eta lagun bi edo hiruren artean ematen zituztela musika tresna guztiak. Beste kide batzuekin protesta egin genuen, hori ez delako gauzak egiteko bidea. Gutxienez uste dut lortu zela habilitazioak aparkatzea edo izoztuta uztea. Handik 8 bat urtera berriz habilitazioekin datoz. Eusko Jaurlaritzak habilitatzeko, aurretik musika eskolan irakasle izan behar zen. Horrelako kontraesan bat dago, azken batean musika eskola batean irakasle izateko tituluduna edo habilitazioa behar zelako. Orduan zer izan zen? Etxekoentzat egindako halako deialdi bat. Beste batzar bat egin genuen eta mahai gainean jarri genuen proposamena; guztiak bat etorri ginen logikoena ematen zuen bidea irakasle ideal horren profila ezartzea izango litzatekeela, ondoren profil horri nork erantzuten zion jakiteko froga batzuk ezartzea, eta azkenekoz, baldin eta interesik, dirurik eta mediorik balego, profil hori lortzeko formazioa eskaintzea. Gure planteamendua orduan izan zen gutxienez profila egin eta froga argi eta garbi batzuk jartzea eta gero etorkizunerako sos batzuk jarri eta behingoz trikiti edo musika tradizionaleko eskola bat sortzea edo gutxienez inbertitzea formazioan. Frantzian diploma bat dago musika tradizionalean eta azterketa batean norberak erakutsi behar du hainbat gai dakizkiela. Dena den guk egin genuen proposamen, protesta, komunikatu eta guzti hori eginda ere, aurrera jarraitu zuten ikastaroekin, izoztuta zegoen hasierako hari ere baliogarritasuna eman zioten. Okerrena da horrek ondorio batzuk izango dituela epe luzerako, habilitazio mordo bat eman direlako lehenengoz telefonoz eginiko deialdi horretan, bigarrenez barrukoentzat egindako deialdi horretan eta horrek merkatua bete duelako.
J.I. Ansorena: Baina hori problema erreal bat al da? Gaizki dago dudarik gabe soinua jotzen ez duenak soinua erakustea baina, gaur egungo trikitixaren irakaskuntzan dagoen arazo medularra al da hori? Jende asko ari al da soinua jotzen jakin gabe irakasten? Arazo nagusia hori da?
J. Goikoetxea: Arazo inportantea da hori; gauza bat da teknikoki instrumentu bat pixka bat ezagutzea eta menperatzea , baina instrumentu bat horretaz gain ere beste zerbait bada. Genero horrek koordenada batzuk ditu. Jende horrek ezagutzen al ditu koordenada horiek?
J.I. Ansorena: Nik uste irakaskuntzan bide bat edukitzeko metodologia propio bat bilatu behar dela. Horrek dauzka alderdi desberdinak, bata teknikoa, nik ez dakit gaur egun euskal soinu txikia ikasteko metodo txukunik ba al dagoen. Edozein tresnatan hasieratik eskatzen diren parametroetan, oso normala da musika ikasteko musika irakurtzea. Nik tresna bat ikasten dudanean, aurreneko ahalegin hori baliagarria izan dadila, gero musikaren beste alorretan ibili ahal izateko. Hizkuntza komuna da hori, solfeoa ikasten badut, harmonia, horrek balio dit biolinerako, klarineterako, teklaturako, hori parametro kasik unibertsal bat da. Ez lehengo solfeoaren metodologia zaharretan baina bai oinarrizko musikan. Hori beharrezkoa da nahi bada tresna honek etorkizuna eduki dezan. Metodologia hori serioski eginda al dago?
S. Bikandi: Kontua da berriz ere, hizkuntzen analogia eginez, aurrez aurre ikasteko prozesu horretan, inmertsioz eta imitazioz ikasteko bide idiliko hori gaur egun ez dugula. Dantzaren egoera niretzat eredugarria da: nire belaunaldiak Galdakaon dantza asko egin du eta plazan ikasi dugu dantzan. Gaur egun dantzan egiteko, imitazioz eta modu natural horretan ikasteko ez dugu tokirik. Ez dugu esparru bat, ez dugu aukerarik eta orduan dantza eskolatuta irakatsi behar dugu, gune jakin batean, ordutegi jakin batekin, irakasle moduan dagoen figura batekin eta denbora oso murriztu batean. Ordubetean edo bitan astero dantzan egin, trikitixa edo txistua jo nahi dugu, horretarako metodologia desberdin bat behar dugu, ezin dugu erromantizismo nostalgiko horrekin atzera begira egon. Ikasleak ere aldatu dira eta egoera aldatu da, apustua hori baldin bada serio hartu beharko da, hori da nire gonbitea trikitilarientzat.
J. Goikoetxea: Galdera egin duzu eta nik uste dut ezetz; eta gainera, Sabinek esan duen bezala, trikitilariek oraindik ez dute hausnarketa edo lan hori egin. Egin dira saiakerak, diskoak grabatzen dira, partiturak argitaratzen dira hauen liburuxkarekin. Zaila da derrepentean mundu guzti hori kodifikatzea, jakinik gainera guztia ezin dela kodifikatu. Notak jarriko ditugu partitura batean alboan, baina mundu horretako koordenada guzti horiek ezingo dira kodifikatu. Aita Donostiak esaten zuen bezala:
“Si queréis apreciar la canción popular en su verdadero ser, buscad en la espesura del bosque la escondida fuente, en cuyo remanso gusta contemplarse; o bien id a sorprenderla en los labios de la amoña, cuando a la sombra del nogal añoso mece la cuna del postrer vástago del caserío. Allí la veréis moverse con los pies ligeros del genio, de ese genio que acaricia a veces la frente del alma popular.
Cuando leo las melodías que he copiado corriendo por esos montes nuestros, echo de menos esas inflexiones, esos cuartos de tono, que con tanta naturalidad hacen nuestros bordaris. Al encajarlas en el pentagrama, quedan mustias, como flores transplantadas en terrenos impropios”.
Hori bera, orduan kodifikazio hori oso serioa da eta hori da lehenengo pausoa. Pauso hori trikitilariengandik sortu behar da. Akordeoi irakasleek lor dezakete trikitixa irakastea, teknikoki badagoelako erraztasun bat instrumentu batetik bestera pasatzeko. Agian garai batean soinu handiak soinu txikiari harrokeriaz begiratu dio, akordeoiak aspalditik bide konkretu bat hartu du, musika nagusiagoetara jotzea, eta musika herrikoiaren esparrua utzi egin du. Trikitixa horretaz baliatu zen, soinu handia jotzen zuen belaunaldi bat desagertu zenean. Pepe Yantzi, Pepe Andoain, Yaben, Mago de Urki, horiek ez dute eduki oinordekorik eta trikitixak hartu du esparru hori. Baina garai hartan soinu handiak eta soinu txikiak bazuten afinitate bat, kasu askotan gainera pertsona berak soinu handia eta txikia jotzen zituen. Akordeoi irakasleek ez dute ezagutzen musika tradizionalaren koordenadarik, urte asko direlako irakaskuntza tradizionala alde batera utzi zela. Lehenago agian ezagutzen zituzten.
S. Bikandi: Kuriosoa da hemen egiten dugun bereizketa hori. Danimarkan ibiltzen naiz eta han ere soinu jole herrikoiak, belarriz jotzen dutenak ezagutzen ditut eta haiek ere lehenengo akordeoi txikia izan zuten merkeena zelako baina gaur egun ahalik eta akordeoi dotoreena, BMW-a, Mercedes-a edo ahal dutena harrapatzen dute. Inongo problemarik ez dute bueltatu behar dutenean diatonikoa jotzera. Bereizketa hori ere aztertu beharko litzateke eta horrekin batera irakaskuntza sistemaren antolaketan zerikusia izan dezakeen beste gauza bat planteatzera nator: habilitazioen kontu honekin erridikulua iruditu zaigu zenbaiti edo gutxienez niri “profesor habilitado de txalaparta” edo “profesor habilitado de pandereta” izatea. Perkusioko ikasketak hor daudelarik hain dezente antolatuak mundu guztian, hainbeste metodo eta sistemekin... Orduan galdera da gauza bera ezin daitekeen planteatu eskusoinuaren barruan soinu txikiarekin, ez lukeen espezialitate bat izan behar. Edo ni neu trikiti irakasle izan naizen ezkero, agian akordeoia ikasiko nuke, irakasle izango nintzateke eta gero beste bide hori, akordeoiaren barnean dagoen zerbait delako.
J. Goikoetxea: Galdera litzateke zein izan daitekeen planteamendua gauzak bideratzeko eta hori trikitilariei egin behar zaien galdera da. Zergatik habilitatu behar dira akordeonistak trikitixa erakusteko trikitilarik baldin badaude, hori da lehen galdera. Eta bi, trikitixa orain arte guztiz baztertu gabe gaur arte existitu den metodologia eta transmisio hori garantizatu behar da. Transmisio horrek iraun du, oraindik ez gaude transmisio hori moztu den puntuan. Trikitilari zaharrak bizi dira eta posible da transmisio horrek jarraitzea, ea nola den posible hori garantizatzea. Lehen esan duzu planteatzen dela trikitilari batzuk bere kurrikulumagatik edo habilitatzea, ez dakit zein den soluzioa. Soluzioa ez da trikitilari guztiak solfeo ikasten hastea. Asko kanpora joan dira, urte askoan irakasle izandakoak derrigortu egin dituzte hainbat musika eskolatan: “Edo solfeo ikasten duzu edo kanpora zoaz”. Hori gertatu da.
J.I. Ansorena: Trikitixaren munduak erabaki behar batzuk ditu:
Agian soinu handiarekin nolako harremanak behar eta nahi dituen.
-Nolako metodologia dagokion bere teknika eta inguru osoa era txukunean transmititu ahal izateko datozen belaunaldiei. Honen harian aipatzen da hainbat aldiz, parametro unibertsal minimo batzuk behar direla finkatu, bazterreko kontu musikala izatea nahi ez badugu.
-Guzti horrek lidergo garbia behar du: trikitixan altxor kolektiboa dagoen ustean eta etorkizuneko balioa duen ustean, horren aldeko lana prest egiteko dagoen lidergoa. Eta eguneroko miseria txikiak ahazteko prest dagoena.
-Hausnarketa ere behar da, tradizioaren inguruan dabiltzan beste guztiekin (bai musika arloan, zein antropologian, etab) batera, tradiziozaletasuna iragan min hutsean gera ez dadin. Hurrengo mendeetarako balioak ditugula sinesten dugu eta zabaldu nahi ditugu.