GRAFIA ASKORIK GABEKO HISTORIA APUR BAT
Amagoia Iban
Inpernuko Poza Jardunaldiak, 2003-09-30
Barkatuko didazue atrebentzia, baina familiako pasadizo bat kontatuz hasi nahi nuke gaurko jardun hau. Duela lau bat urte, gure amaren izeko moja bati grabagailu eta guzti Urrestillan elkarrizketa bat egiten ari nintzela, zera galdetu nion: “Aizu, tia. Eta zuk zer egiten duzu han urrutian etxekoekin akordatzen zarenean?”. Tia Manuelak 53 urte daramatza Japonian, misionera-edo joanda, eta bost urtetik behin etorri ohi zen Euskal Herrira. Horrexegatik galdetu nion Manuelari etxe-minaren aurkako bere metodoagatik. “Nire gelara joan, Auntxaren zinta irrati-kasetean jarri, eta haretxekin lasaitzen nintzen”. Moja bat, Elizak infernuko hauspoa deitu zion haren musikarekin penak dantzarazten. Japoniako neskatxa kristauentzako ikastetxe erlijioso batean, gainera! Trikitiak musika jo zien gure gurasoen eta aiton-amonen gaztaroari, baita gure tia Manuelari ere, eguneroko tentsioen eta une txarren aringarri bihurtuz. Horregatik, zuei hizketan ari zaizuen honek, trikitixari buruzko kontuak errepasatzeko proposamena jaso zuenean, baiezkoa eman zuen, gehiegi pentsatu gabe.
Jarraian entzungo duzuena ez da inongo eruditoren hitzaldia izango, zaletu soil batena baizik. Hori ere barkatuko ahal didazue!
Abiapuntua, etorrera
Trikitixari buruz idatzi diren tesi edo ikerketa zenbait aipatzen hasita, ezaugarri komun batzuk aipatu beharko ditugu. Izan ere, badaude gure artean trikitixa zer den, nondik datorren, noiz heldu zen gugana, non bota zituen sustraiak, nola eta zergatik joan zen zabaltzen bere musika adarrak, izan duen funtzio sozial eta kulturala, musikatu dituen sendimentuak eta gertaerak, eman dituen interpreterik gogoangarrienak... galdera horiei erantzuten saiatu diren batzuk. Oskar Martinez de Gereñu da horietako bat, adibidez, eta Infernuko hauspoa lan monografikoa du horren emaitza. Aitor Atxegak ere, trikitixari buruz egin zuen tesia. Eta Aingeru Berguicesek, 1990eko Gernikako Euskal Jaien atarian, fotokopiatuta zabaldu zuen Trikitixa (Farrea) y acordeón en Busturialdea. Historia y hombres lana. Ez dira gai horri buruz dauden lan bakarrak, baina horiexek irakurri ditut azken hamarkadan trikitiaren historiari buruzko iritzi orokorra markatu duen lana, Rafael Agirre Francoren Trikitixa liburua, irakurri aurretik. 1992an ikusi zuen argia Agirreren lanak, eta ukaezina da jende asko konbentzitu zuela trikitixak gurean mende eta erdi eskaseko bidean egin dituen urratsei buruz bertan emandako azalpenekin. Martinez de Gereñuk eta Aingeru Berguicesek bezalaxe, soinu txikia gurera XIX. mendeko bigarren erdian etorri zela nabarmendu zuen Agirrek liburu horretan. Etorrera bideari buruzko teoriatan, baina, ez datoz bat aipatu ditugun ikerlariak, Agirrek beste ibilbide bat proposatu baitzuen.
Teoria hori azaldu baino lehen, baina, ordura arte gaiari buruz zeuden usteak eta datuak aipatuz hasi beharko dugu:
XX. mende hasieran, 1906ko Paradox, rey liburuan, Kantauriko kostaldeko marinelen eskutan jarri zuen Pio Barojak esku soinua, eta trikitia itsasaldeko herrietatik sartu zeneko ustea oso zabaldua egon da urte askoan gurean. Oskar Martinez de Gereñuk Infernuko hauspoa lanean dioenez, baina, “argi dago Europatik iritsi zirela soinu txikiak”, eta, Europatik dioenean, ez da Kantauri itsasoari buruz ari. Europako hainbat herrialdetan aparra bezala ari zen hazten akordeoiaren eremua, eta Euskal Herria ez omen zen salbuespena izan. XIX. mende bukaera aldean gertatu omen zen etorrera hori, eta Ipar Euskal Herria izan daiteke, Martinez de Gereñuren ustez, sarrera atea, “besterik ezean, Europarako bidean ezinbesteko zehargunea delako”. Bere ustez, sinestezina da trikitilari gehienek tresnaren sarrerari buruz mantendu duten iritzia, hots, Bizkaia aldetik etorri zela akordeoi diatonikoa, handik beranduago Gipuzkoara zabalduz, eta horren adierazle aipatzen du Euskal Herriko hainbat eta hainbat lekutan, trikitixa ezagutzen ez den tokietan barne, soinu zaharren aztarnak aurkitu direla. Hori bai, Pirinioetatik etorritako akordeoiaren musika hazia Bizkaian ernetu omen zen lehenik, errepertorioa osatzeko prozesuari dagokionez. Errepertorio hori dantzarako bost pieza motarekin osatuz joan zen Martinez de Gereñuren arabera: bi modu askatu (fandangoa eta arin-arina); zati abestuetan lotuta dantzatzen ziren beste bi: (fandango erritmoko trikitixa eta arin-arin erritmoko porrusalda); eta, azkenik, kalejira, bidekoa edo biribilketa, dantzariak elkarri helduta dantzatzen zutenak. Gainera, baltsak, pasodobleak, tangoak eta bestelako aireak ere gehituz joan dira errepertorio horretara.
Errepertorioko pieza kantatuei Bizkai piezak deitzen diete Gipuzkoako trikitilari beteranoek, eta horregatik dio Oskar Martinez de Gereñuk errepertorioa Bizkaian hasi zela osatzen, Bizkaian batu zirelako lehendabiziko aldiz, ziurrenik, bertako tresna zaharren errepertorioa eta tresna berriak eskaintzen zituen aukerak, musika estilo berri bat sortuz, aire berriei lekua eginez erromerietan.
Azalpen horren arabera, Bizkaitik Gipuzkoara, eta, pixkanaka pixkanaka, giro baserritarreko Euskal Herriko zonalde euskaldun gehienetara zabaltzen joan zen soinu txikia. Horretan ados dira trikitiaren historiari buruz azken hamarkadetan idatzi duten guztiak. Garai hartan, herrietako plazak udalak ordaindutako txistulariek, atabalariek, musika bandakoek girotzen zituzten. Mendi aldeko erromerietara jo zuten, orduan, soinu joleek.
Portuetan pilatutako marinelek jotako esku soinuen irudi mitikoa ez da oso sinesgarria Martinez de Gereñurentzat, esana dugu. Eta ezta Aingeru Berguicesentzat ere. Busturialdeko trikitilariei buruz 1990ean prestatu zuen bere lanean, topikotzat jo du esku soinua marinel eskutan imajinatzeko kontu hori. Lehen aipatu dugun Pio Barojaren Paradox, rey liburuko Elogio sentimental del acordeón testuak ematen duen irudiak eragindakoa izan omen daiteke nahaste hori. “Bermeon eta eskualdean, eta Euskal Herri osoagatik gauza bera esan daitekeela uste dut, trikitilari edo akordeoi jotzailea batez ere lurrari eta baserriari lotutako pertsonaia izan da”, dio Berguicesek.
“Bizkaitik etorri omen zen trikitia”. Lajak eta beste askok sarritan esan ohi dute, hori entzun izan dutela beraiek. Eta Bizkaiko erromeria batean ageri da orain artean ezagutzen dugun akordeoiaren aipamen idatzi zaharrena. 1889an, Juan Carlos Guerrak Urkiolako erromeriaren kronika bat utzi zigun Euskal-Erria aldizkarian: “En segundo término está libre el espacio para los amantes de Terpsécore, resonando sin parar los más variados instrumentos, desde el chistu de antiguo abolengo basco hasta la guitarra de moruna cepa y desde el histórico tambor al novísimo acordeón”.
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko erromesak biltzen omen ziren garai hartan Urkiolan. José Colá Goitik, urtebete geroago, gauza bera nabarmendu zuen Urkiolako erromeriari buruzko beste artikulu batean: “La romería de Urquiola, animada fiesta, poderoso aliciente y estímulo de fraternal agrupación de alaveses, vizcaínos y guipuzcoanos”. Urkiolan agertutako akordeoi novísimo hura eraman zuena arabarra, bizkaitarra, gipuzkoarra edo auskalo nondarra zen zehaztea zail samarra dela, alegia.
1889an akordeoi bat jotzen ari ziren Urkiolako erromerian. Juan Carlos Guerraren lumari zor diogu datua. Ez zigun halakorik utzi Miguel Unamunok. 1888ko uztailaren 20an, Bergarako San Martzialetako erromeriaren kronika argitaratu zuen idazleak. Ez zuen esku soinuaren aipamenik egin. Hauts artean jendea saltoka eta brinkoka dantzan jarri zuten danbolina eta txistua bakarrik aipatu zituen Unamunok. Edo akordeoirik ez zegoen 1888ko San Martzialgo erromeria hartan, edo idazleak ez zion batere interesgarri iritzi.
1890. urterako, akordeoia nahi zuenak Bilbon ba omen zuen erosteko aukera, eta bi dendatan, gainera. Kepa Perez Urrazari entzun diogu Baleukok ETB-rentzako duela bost urte trikitixari buruz egindako dokumental sortako lehendabiziko atalean. Eta Aingeru Berguicesek esana du Euskal Herrian orain artean aurkitutako trikitilari zaharrenak Bizkaikoak direla. Emerando, Larrauri eta Markaida arteko bailaran bizi ziren zaharren haiek, Mungialdean: 1862an eta 1863an jaio ziren, hurrenez hurren, Juan Bautista Uriagereka eta Agustin Elortegi, eta 1890 baino lehen jaiotako beste 11 trikitilariren arrastoa aurkitu du Berguicesek Bizkaian. Jose Goitia Uribarrenek, esaterako, ezkondu eta gero soinua jotzeari utzi behar izan omen zion. Gazterik, beraz. Morgan jaioa zen 1876an, eta bere kontura ikasi omen zuen. Baita Muxikan 1887an jaiotako Julian Ibarguengoitiak ere. Baita garai hartan lokalizatutako gainerakoek ere. Arratiara, Zornotzara, Gernikara, Lea Artibaira eta, ondoren, Elgoibarrera (Gelatxo zaharrarekin) eta Eibarrera (Elgetarekin) pasa omen zen Gipuzkoara Trikitixa. 1888tik zabalik zen Amorebieta eta Gernika arteko trenbideak trikitilarien ibilaldiak erraztu zituen, Berguicesen arabera.
Eta heldu gara Rafael Agirre Francoren Trikitixa liburura. Agirre Francok ere trenbideari jarraitu zion. Hobe esanda, Alpeetatik trenbidea egitera etorritako 1.000 bat langileren arrastoari segika ibili zen. Bere ustez, Beasain eta Olazti bitarteko tren bidea egitera 1859-1860 urteetan etorritako langile haiek ekarri zuten gurera Fisarmonika motako akordeoia. Garai haietan Fisarmonika oso zabaldua zegoen nonbait Alpe inguruetan. Agirreren arabera, trenbidearekin batera zabaldu zen tresna berria eta Ordizia, Beasain, Ormaiztegi, Zumarraga eta Legazpia izan ziren abiapuntua. Gipuzkoatik zabaldu zela trikitia Euskal Herrira, alegia, eta ez Bizkaitik, ordura arte askoek uste zuten bezala. Agirre Francok jaso dituen trikitilari izen zaharrenak, ordea, 1900 urtekoak dira. Ormaiztegiko Itsua eta Pedro Urteaga dira zaharrenak, Agirrek aipatzen dituen abiapuntu herri horietan jaiotakoak. Agirrek ez dizkigu haien jaiotza urteak zehazten, baina, eta ezin Berguicesek idatzia duenarekin —Bizkaian, Mungia aldean kokatzen direla orain artean aurkitutako trikitilari zaharrenak— datuak kontrastatu. 1889ko Urkiolako erromeriaren kronikak ez digu horretan gehiegi laguntzen, esan dugu lehen zergatik. Italiatik etorritako langile haiei Beasainen ateratako argazki batek indartzen du Agirre Francore teoria: esku soinu bat daukate esku artean, eta Beasaingo tren geltokia inauguratzerakoan aterea da.
Argitaratu berri duen Sakabiren biografian, berriz, trikitia Bizkaitik Gipuzkoa-ra sartu zela idatzi du Iñigo Aranbarrik. Neronek, irakurritakoak irakurrita, uste dut Bizkaiako erromerietan hasi zirela aurretik zeuden dantzarako doinuak trikitiarekin jotzen. Esku soinua trenbidez, Pirinioz gaindi edo itsasoz etorri ote den, beste kontu bat da. 150 urtetan kabitzen diren belaunaldiak besterik ez ditu egin trikitiak Euskal Herrian, eta arrastoa denboraren zulo beltzean galduta dagoela ematen du dagoeneko, zoritxarrez. Orain artean dauden datu urriak ikusita, trikitiak egin duen ibilbidearen lehendabiziko arrastoak Bizkaira garamatzate oraingoz. Ados naiz Kepa Perez Urrazak dioenarekin: “Lorealdi bat egon dadin, publiko bat, interpretatzaile onak eta dendak egon behar dute. Zengotita denda Bilbon zegoen, seguruenik Honner markakoak ziren lehen soinuak eta Zengotitak komertzializatzen zituen”. Herri musikari buruz hitz egiten dugunean herriari buruz ari garela, alegia, kolektibo bati buruz. Dena den, Urrazak ere ez du ezeztatzen trenbideko behargin italiarren teoria. Esan bezala, datuak urriak dira, eta ez zait iruditzen inor ziurtasun osoz hitz egiteko moduan dagoenik. Esandako guztiak esanda, hala ere, argi dago Rafael Agirre Francok Alpeetako beharginen teoria proposatu zuenetik indarra galdu duela trikitia Bizkaian ernetu zela dioen teoriak.
Musika giroa
Behin esku soinuaren etorrerari buruzko teoria nagusiak aipatu ondoren, pasa gaitezen tresna horrek gurera etorri zenean aurkitu zuen musika panorama azaltzera. Soinu txikia, akordeoia, trikitixa, trikitrikia, farrea, filarmonika, pilarmonia, esku-soinua... hamaika modutara deitu izan diote XIX. mende bukaeratik gurean dabilen tresnari, baina soinu jotzaile (edo jole) eta trikitilari izenak dira tresna horri musika atera diotenei izen emateko guganaino heldu diren hitz zabalduenak. Soinu hitza musikari eta hainbat musika tresnari egokitu zaio gurean historian zehar. Ez du, alde horretatik, aparteko berritasunik ekarri. Trikiti hitzari buruz, berriz, Juan Mari Beltranek esana du pandero hotsaren onomatopeiatik datorrela bere ustez. Trikiti-trikiti-trikiti onomatopeiatik letorke, horren arabera, eta, egia esan, Aingeru Berguicesek soinuari triki-triki deitzen dioten pertsona edadetuak aurkitu ditu Bizkaian, Busturialdeko trikitilariei buruz egin zuen lanean.
Eta esku soinua aipatuta, panderoa ere aipatu egin behar. Duela oso urte gutxira arte, panderoa dantzarako pizgarri moduan erabili izan da Bizkaian, eta panderojoleak koplak kantatuz janzten zuen musika. Horregatik, gaur egungo panderojole-soinujole bikotea han sortu zela diote adituek.
Panderoaren arrastoak aspaldikoak dira gurean, hala ere, eta ez dira Bizkaian bakarrik ageri: Aita Donostiak Abel Jouan aipatuz idatzi zuenez, 1565aren udan, Donibane Lohizunen, panderoa joz egiten zuten dantza hango gazteek.
XVIII. mende bukaeran jada, Pasaiako batelerak panderoa jotzen eta dantzan agertzen ditu atzerriko aristokrata batek. Victor Hugok, berriz, 1843an Euskal Herrira egin zuen bidaia, eta irudi hau utzi zigun mendialdeko etxe bati buruz idatzitako narrazioan: “Karabina bat zegoen leihoaren ondoko paretaren txokoan; baina, ardandegiaren eta ukuiluaren artean, azken konpartimendu batean, mando-manta zaharrak, saski zaharrak, pandero lehertuak eta haririk gabeko gitarrak”.
XIX. mende amaieran esku soinua laborari eta abeltzain artera hurreratu zenean, emakumezkoek jotzen zuten panderoa batez ere, gizonezko panderojoleak ere beti ezagutu diren arren. Eta Sakabik eta Egañazpik berreskuratu zuten Gipuzkoan panderojolearen figura XX. mende erdialdea hurreratzean. Izan ere, 36ko gerra buelta horretatik aurrera, bakarka aritzen ziren soinu joleak. Panderorik gabe ere, dantzarako piezak jo zitezkeen. Batzutan, hala ere, panderoarekin eurei laguntzera animatzen ziren emakumeak izaten omen ziren eromerietan.
Hamaika dira arta zuritzea, irutea eta baserri barruko gainerako lanak emakumeek panderoa astinduz eta kantatuz egiten zituztela dioten euskaldunak. Laborari eta nekazari gizarte hartan panderoak erritmoa jartzen zien auzolanari eta festari, eta ez da harrigarri egiten soinu txikia eta panderoa 1907ko kronika batean bat eginda agertzen ikustea: Victorio Salonek, Euskal-Erria aldizkarian urte hartan argitaratutako kronika batean, soinua eta panderoa elkarrekin aipatzen ditu Berriatuan.
Panderoak dultzainarekin eta albokarekin (edo bakarka) jotzen zituen dantzarako pieza kantatuak dantzarazi zituen esku soinuak, baina bestelako aireak musikatu zituela ere esan behar da. Zenbaiten ustez horixe da, gainera, trikitia herritaren artean hain maitea bilakatu zuen faktorea.
Nahastea
Eta dantza aipatu dugunez, aipa dezagun esku soinuari infernuko hauspoa deitzeko benetako arrazoia: dantza lotuaren arrakasta. Aingeru Berguicesek dioenez, organillo edo eskuz eragiteko pianoekin hasi ziren lotutako dantza saioak Bizkaian. XX. mende hasierarako, gaizki ikusiak omen zeuden. Bakioko festetako 1905eko programan, esaterako, hau irakur daiteke: “Al terminar las regatas... dará comienzo la animada Romeria Campestre... Se prohíben los pianos de manubrio para que no haya nastes”.
Dantzarako musika eta nahastea, izan ere, beti etorri dira eskutik helduta gurean. Daniel Baertel frantziskotarrak 1886an Durangon egin zuen hitzaldia oso adierazgarria da, esaterako: “Euskaldun bihotzekuak, neure indar guztiakaz esaten deutsubet: atzera erdarazko berba astun eta zantarrak, gorde daiguzan geure usadio eta ohitura onak, solas garbiak ta dantza nahaste gabekuak”. Durangon bertan jaioa zen Baertel. Euskaltzale, garbizale eta foruzale petoa zen, eta, duela mende eta laurden eman zuen prediku haren bukaeran, asko kezkatzen zuen gaiari buruz hitz egin zuen, berak “zorigaiztoko”-tzat jo zuen dantza baten kontra abiarazia zeukan gurutzada aurkeztuz: “Egin dot ahaleginik asko eztarria sikatu, galdu eta garraztu arteraino, kenduteko ekandu hori Euskal Herritik. Misino santuban nabil herririk herri, bazterrik bazter Bizkaiko uri ta eleizaterik asko igaro ditudaz”. Misino santuban Bizkian zehar ibilia zen 1886rako fraide hura, eta misino hori burutzeko herrietako agintarien laguntza eskatu zuen Durangon: “Euren mesediak egon bihar dabe dantza lekuetan begi argi ta zolijakaz, eta agindu hau berau Erriko Zainlarijari egin ez deitekian garbitasunagaz oker datorren gauzarik”. Zelatan egon behar zutela herriko zaindariek, alegia, dantzaldietan. Zeren zelatan, baina?: “Hemen daukaguz geure aurrezku eta atzezkuak, bana-banakua, ta beste dantza garbijak; bada geure txistu, bolingozo edo albokinen soinugeijak ez dator ondo arrotz eta erbestekuen jira-bira nahastu ta barrijakaz, eta esaten ez badugu euskaldun guztijak bat eginik: atzera dantza barri ta nahastubak, beste soinu bat entzun biharko dogu. Jarraigarri edo exenpluak gura dira? Hor Mungija, aspaldijan dago handik kanpora zori gogorreko baltzio hori”. Belaunaldiz belaunaldi errepikatuta entzungo ditugun arrazoiak eman zituen Baertelek: euskaldunen berezko garbitasuna, kanpokoaren zikinkeriak eragindako bertako ohituren gainbehera... Baltzio hitza erabili zuen fraideak, arbuiatu beharreko dantza hari deitzeko. Baltseoa Mungian “aspalditik” agertua zela dio, gainera. Aingeru Berguicesek trikitilari zaharrenak zentsatu dituen zonaldeko dantza ohiturak publikoki arbuiatu zituen Baertel fraideak 1886ko garagarrilaren 24 hartan.
Herritarren artean ez zuen eragin handirik izan, hala ere, fraidearen misino santu hark: 1900. urteko agorraren 23an, Zumaiako elizako meza nagusian emandako hitzaldian, kontu bera aipatu zuen Baertelek. Gipuzkoan ere zabaldua zen ordurako, nonbait, nazka ematen zion baltzio hura: “Zenbat aldiz Arima zaintzaile ta apaiz jaunak ikusi ohi zituzten herrietako alkate jaunarekin batian dantza garbi eta mirariz beterikako haiek, zeren, inork ere jarrai bide txarrik hartzen etzuben, bainan galduaz dijuaz; eta ordaintzeko ekarri nahi dizkigute Frantzia edo Alemaniako baltzio nazkagarriak”. Barkatu hainbeste luzatzea Baertelekin, baina haren predikuan agertzen diren hainbat puntu gogoan gordetzekoak iruditzen zaizkit. Gerora etorriko zenaren adierazgarri ere badira, izan ere, Baertelen sermoiak. “Ez ditezela ikusi gure plazetan dantza berri hoiek”, esan zuen 1900. urtean, eta dantzariak, dantzariak xaxatzen zituztenak eta, batez ere, haien gurasoak egin zituen gazte euskaldun garbi eta jatorrak galtzen ari omen zen baltsio haren arrakastaren errudun.
Pulpito kontuekin hasi garenez, Baertelen jarrera tradizio luze baten fruitua zela ere esan beharko dugu. Fraide durangarrak euskaldunen garbitasunaren eredu moduan aipatu zituen dantza propioak, esaterako, eskumikatua izateko arrazoi bilakatu zituen 1750eko Pazko Egunean Iruñeko gotzain Gaspar Mirandak. Duela bi mende eta erdi pasata eman zuen predikuan, garai hartako dantzak aipatu zituen gotzainak, eskumikatze handiaren zigorra eta berrogeita hamar dukateko isuna ezarriz dantza haiek egiten zituen bakoitzari. Baztango Elbetea herrian prediku haren euskarazko bertsioa dago gordeta, eta hona hemen pasarte batzuk: “Nolaz ez dira erreprendituko oraingo dantzak, egiten diralarik ahalikako soinurik alegre eta bizienarekin karrera lasterka eta errekontrada deshonestekin? Egiten diralarik lujuriaren eta lohikeriaren pozoin infernal eta hilgarri hartara probokatzen dituzten akzione higitze mobimendu eta ukitze deshonetsekin? Dantzatik gelditzen diralarik errefreskatzera, edatera? Dantzetan egiten dituztelarik arkoak, zubiak zeinen azpitik dantzan pasatzen baita demonioa? Dantza hok egiten diralarik ez solamente leku publikoetan, bainan bai eta ere estalpetan portaletan ezkaratzetan, berariaz eta motibo gutirekin bilatzen dituzten arteka meharretan? Profranatzen eta menospreziatzen dituztelarik anitzetan tenplo sainduak, basilikak, ermitak, eliza ateak, zimitorioak, dabiltzalarik egunaz eta gauaz plaza publikoetan, bideetan eta kanpo libretan...”. Tira. Gehiago irakurri beharrik ez dago Iruñeko gotzaina oso dantza zalea ez zela jakiteko. Ez zen, behintzat, herritar xeheek egiten zituzten dantzen zalea. Ematen duenez, ordea, infernuko etsaia etxeko sukalderaino sartua zitzaion, zenbait eliz gizon dantza horiek erakusten eta dantzatzen aritzen zirela jakinik, zigorra ezarri baitzien haiei ere 1750eko sermoi berean. Dantzen kontrako erretolika hartan, danbolina bera eta plazan entzuten ziren bestelako soinu tresnak elizatik kanpo utzi zituen gotzainak. Korpusetan eta Eguberritan bakarrik eman zituen ontzat, eta soilki gizonezkoen dantzak, “fielen usantza komun eta generalak” horrela erakusten zuela nabarmenduz.
Francoren garaian Iruñeko gotzain zen Marcelino Olaetxeak, 1941ean, berreskuratu egin zituen ia bi mende lehenagoko bere kargu-kideak esandakoak. Dantza lotuari buruz, honakoa esan zuen Olaetxeak: “¿Qué no diría de esos bailes en que se sorben los alientos, se enlazan, se soban, se estrechan y oprimen los cuerpos, con miradas y palabras de pasión a los acordes de una música enteramente dispuesta para el estallido de la más baja de todas ellas; de esos bailes celebrados en lugares estrechos y malsanos, en ambientes herméticos, saturados de mugre, de caldos, de vahos de alcohol y nicotina, cargados de nubes de polvo, carcoma fatal de cuerpos y almas?”. Erromerietatik herriko plazetara, baserrietako ganbara eta ezkaratzetara zabalduak ziren jada dantzak, nonbait, eta zerbait esan behar horri buruz ere gotzain jaunak.
Jexux Zulaika Larrañaga Beobate trikitilari aiarraren pasadizo bat bada, Joxe Mari Lertxundik Sendoa etxearekin argitaratutako Beti festara begiak liburuan jasotakoa, gizarteko botere faktikoek dantza lotuaren inguruan ezarria zuten jazarpena ezin hobeto adierazten duena. Hitzez hitz irakurriko dizuet pasarte hau ere, oso modu zuzenean agertzen baitu jazarpen giro hura eta orain artean aipatu ditugun beste zenbait kontu:
“Herriko eta erbesteko biltzen ziran gazte guztiak, neska eta mutil, danak dantza askatu ederrean. Etzegoan lotuan edo baltsean aitatu ere egiterik. Herri askotan garai hartan omen zan galerazia, eta Aian ere bai. Gogor gainera! Herriko alkate jaunaren agindua auzo guztietara zabalduta egoten zan. Biña, hala ere, Pazkoa goizeko hiru meza ondorenetan, aguazillak herriko plazan bandoa jotzen zuan, dantza lotuan egiten zuana zigortua izango zala esanez; eta orain jarriko det gai horretan Aian gertatu zenaren berri. Ez dakit, ziur esateko, 1941 edo 1942an izan zan. Bi hoietako batean behintzat, eta urte baten aldeak gai hontan ez du ezer esan nahi. Urte hoietako Agoztuko Andra Mariren egunez, Jesus Beobate omen zan soiñujolea, eta ilundu ezkero nahastuko pieza bat jo omen zuan —Jexuxek dioenez, tritikiari deitzen zaio horrela. Pieza hauek, dantzakoek ez bezala, tartean koplak dituzte eta herri batzutan (Bizkaia aldean batez ere) tarte horretan helduan dantzatzen zuten. Hala ere Aian ez omen zuen sekula horrelako piezarik jotzen—. Gainerakoak gelditu omen ziran; baina batzuek atrebituxeagoak beti izaten dira, eta orduan ere bai noski, zazpi bikotek-edo, dantza lotuan egin omen zuten.
Gero kontuak! Erretorea oso hasarre eta alkatea ere bai. Zein ziran aztarna atera zutenean, danei abisuak herriko alguazilak egin omen zizkioten, bostna duro zala esanez bakoitzaren zigorra.
Orduan, dantza egin zuten guztiak bilera bat egin eta erabaki hau hartu omen zuten: bost duro bota eta juizioa jarriko zutela alkatearen aurka; eta hortan gelditu omen ziran.
Dantzan egindako bat bazan Mariano izena zuana, eta horrek bere gisa legegizon batengana joatea pentsatu omen zuan. Baita joan ere. Garai hartan sonatua omen zegoan Donostian Arrue, eta berarengana jo omen zuan. Honek, mutil gaztea ikusi zuanean, parre eginez esan omen zion:
— Zer dugu, ba, gazte?
Mutil gazteak ere parre egiten, baina kontu zelebre samara eta ezin hitzik atera. Berriro ere Arruek, hitza hartuz:
— Ni ohitua nago gauza zelebreak entzuten, eta bildurrik gabe bota.
Orduan, gertatu zana kontatu omen zion, eta berehala erabakia eman ere bai:
— Zuk diozunez, dantza lotuan ez egiteko ordena emana zegoan aurretik. Horregatik bakarrik ez daukazue delitu edo pekaturik. Biña juiziora joaten bazerate, jakiña dago zerengatik pekatari jarriko zaituzten: alkateari obeditu eza. Baina alkateak, gai hoietan, bere herrian, gobernadoreak aiña agintzen du; eta bere aurka juizioa jartzen badezute, beti galtzaile gertatuko zerate. Zeure lagunei esaiezu, bost duroko zigorra ordaindu eta askoz ere hobeto aterako dirala.
Orduan Marianok galdetu omen zion:
— Zenbat da zurea?
— Bost duro.
Eskatu ziona ordaindu eta etxera itzuli omen zan.
Hurrengo egunean, ilunabarrean, Mariano bildu zan berriro dantzan egindako talde harekin. Esan omen zien Arruek zer eta nola eman zion legearen berri, eta bost duro ordaindu eta hobea zutela. Baina gainerakoak ezetz. Marianok orduan:
— Zuek nahi dezutena egin. Nik ordaindu egingo det, eta kito.
Hori entzun zuanean, soinujoleak esan omen zion:
— Nik hamar duro kobratu nizkian jai hartako soldata; eta orain mila erreal, berrogeita hamar duro, diat zigor edo multa. Ordaintzerako, nik ere joan behar diat Arrue horrengana.
Hala, hurrengo egunean, Mariano eta Jesus Beobate, biak joan omen ziran legegizon horrekin hitzegitera; eta berriro ere lehengo kontsejuak eman omen zizkien. Orduan, Aiara itzulita, Marianok berea eta lagunarena hamar duro, eta soiñujoleak berrogeita hamar ordaindu, eta saltsa hartatik aske gelditu omen ziran. Baina gainerakoak, nola multa ordaintzeari ezezkoa eman zuten, hurrengo egunean danak furgoneta batean sartu eta kartzelara Donostiko Ondarretara. Gainera, neska batek hortarako aiña urte etzeuzkalako edo adin nagusira iristen etzalako, bere ordez aita joan omen zan. Eta gero, zortzi egun giltzapean pasa eta umil asko etorri omen ziran bakoitza bere etxera”.
Argi dago Lertxundik kontatzen dituen zigorrek ez zutela Aiara dantzara hurbiltzen zirenen irrika ezabatu, gaurdaino eutsi baitzaio herri horretan erromeriari eta dantzari. Hala ere, ezin ukatuko dugu saiatu, behintzat, betidanik saiatu zirela hemengo gizarteko botere faktikoak dantza lotuak ezabatzen. Eta bai, egia da 1936ko gerraren ostean dantzaldi haietako kutsu euskalduna ere garbitzen saiatu zirela altxatuek ezarritako agintariak, baina lehenago ere aipatu dugu Daniel Baertel frantziskotar euskaltzale porrokatuak etxeko ohitura “garbiak” lohitzera etorri omen zen “baltzio nazkagarria”-ri buruz bota zituenak.
Kirikiñok, Ebaristo Bustinza kazetari abertzaleak ere, 1914ean Urkiolako erromeriara igo ostean, honakoa idatzi zuen: “Geroago, nik alde egin baino lehentxeago, igaro ziran beste neska-mutil sokatxo bi, honeek be alkarri helduta, ikotika, ta bertan hasi ziran abestuten: ... y ven y ven y ven... Abesti hau ez dakit neuk zelan dan, baina entzuna daukot txarri, zikin, lohisats, urde, higuingarria dela, Bilbaoko goi-kaleetako txarritokietan erabiltzen dena”. Bilboko San Franzisko kaleaz ari da Kirikiño, Koldo Izagirrek Jazinto Rivas Elgeta soinu jole handiari buruz idatzitako biografian dioen legez. Trikitixak, Izagirreren ustez, bi kalte nabarmen ekarri zizkion Euskal Herri zintzoaren zaleei: Dantza lotua erantsi zien fandango eta arin-arinean erromeriei, eta ezkutuan zegoen bertso eta kopla “lohien” ondare ugaria bideratu zuen. Azkue kantu biltzaile handiak kantu askoren letrak aldatu egin zituela onartu zuen, Izagirrek gogoratzen duenez, kantatutakoa “ergelkeria hutsa” edo “gordiñkeria” zelako. “Ez da harritzekoa hitzak zentsuratu izana”, dio Izagirrek, Azkue abadea baitzen. Baina espiritu zabal eta aurrerakoiaren adibidetzat hartu izan den Toribio Etxebarria sozialista eibartarra ere antzeko iritzikoa genuen trikitixa koplei buruz: “Los juglares de nuestras romerías generalmente improvisan al gusto de los que bailan, a veces con un naturalismo que asustaría a un pagano”.
Esanak esan, zigorrak zigor eta kritikak kritika, dantzan jarraitu zuten, hala ere, euskaldun gazteek. Nolatan zabaldu ziren hainbeste, orduan, dantzaldi haiek? Zergatik ziren hain erakargarriak Euskal Herriko gune euskaldun ugaritan?
Orain artean Bizkaia eta Gipuzkoa besterik aitatu ez ditudan arren, beste herrialde batzutako gune euskaldunetara ere zabaldu zen trikitia. 1910ean Garcilasok argitaratutako Navarra pintoresca: la romería artikuluan,esaterako, esku soinuaren musikadun erromeria bat deskribatzen zaigu. Kaleko señorita-k eta señorito-k bertan dabiltza bueltaka, baserritar xeheekin festa giroan. Eta han, ermitaren paretara itsatsita, hiru mutil gazte daude: “Uno de ellos hace sonar un arrugado acordeón, y á su música extravagante y fatigosa, llevada a un aire ligero y siempre igual, cuatro mozas bailan solas, y un coro de mozos las contemplan. Los mozos están apoyados con pereza los unos en los otros, con los brazos tendidos como una cadena, sobre los hombros”. Ez dut komentariorik egingo neska gazteak dantzan dabiltzan bitartean mutilek begiratu besterik ez egite horri buruz, batere orijinalak ez garela ziurtatzeko adibideak egunero izaten baititugu. Garcilasoren kronikara itzuliz, erromeriatik bueltan, arratsean, neskak besoekin elkarri lotuta eta bakarrik jaisten deskribatu zituen, “detrás de un grupo de mozos en torno del mozo que toca la filármonica. Ellos llaman filármonica al acordeón. Los mozos van serios ofreciendo su atención y respeto a aquélla música siempre igual y siempre fría e inexpresiva”.
Eta erromeriaren mugak azkar gainditu zituen esku soinuak. 1910eko urtean jarraitzen dugu. Adolfo Comba y García ingeniari agronomoak jai giroan agertzen ditu Gipuzkoako nekazariak meza nagusira joan ostean. Artikulu honek ere, detaile askorekin agertzen du giroa: “Después de misa, dedícanse unos a jugar a la pelota, otros a los bolos y algunos van a las sidrerías a libar la rica sagardua que tanto les agrada; soliéndose encontrar entre ellos excelentes inprovisadores o bertsolaris que entre vaso y vaso, se dirigen versos en bascuence en variedad de metros, pero siempre cantados: mientras la gente joven, en la plaza pública y a presencia del rector, el alcalde y los ancianos del pueblo, danzan alegremente al compás del zortzico hábilmente acompañado del tamboril y el silbo: bailándose en las grandes solemnidades el autzesku, característico del país, en el que el de primera mano o aurrescu, y el último, atzesku, muestran su agilidad y elegancia bailando ante su pareja de un modo maravilloso; hasta que al dar las doce, después de rezar el Ave-María, regresan alegres y contentos en grupos de hombres sólos saltando y cantando al compás de un acordeón, y lanzando con frecuencia el tradicional irrintzi o grito de las montañas”.
Ez gara 1910. urtetik oraindik mugituko. Euskal-Erria aldizkarian Ezequiel de Aizpuruak idatzi zuenez, Zaldibitik abiatu eta mendian gora igota topatutako baserri batean esku soinuaren doinura egin zuten dantza eztei batzuetan. Una boda en la montaña euskara izena du artikuluak, eta honela dio: “Por encanto o arte de los dueños de la casería lo que era antes comedor pasó a ser sala de baile y con un acordeón y una flauta por toda instrumentación gozó aquella gente lo que no es para dicho. El baile vascongado, decente entre lo más decente, verdadero ejercicio gimnástico y que no dá lugar a lo que otros llamados de salón ejerció allí de poderoso digestivo”. Gaueko ordu txikiak arte luzatu omen zen ezkontza festa hura.
Jose Mari Satrustegik, 1975. urtean argitaratu zuen Euskaldunen seksu bideak lanean, XX. mendeko lehen erdian baserri giroko gazteek-eta bizi zuten giroa agertzen digu. Bide batez, herriko festetako eta baserriko auzolan garaiko dantzaldiek gazteei elkar ezagutzeko eskaintzen zieten aukeraren garrantzia azaltzen du. Nafarroako Urdiain, Altsasu eta Luzaide herrietako zaharrei egindako hamaika elkarrizketa ditu oinarri Satrustegik, baina bertan kontatzen diren kontuak ez dira beste herrialdetako zokoetan kontatutakoen oso diferenteak.
Satrustegik bere liburuaren hasieran bertan nabarmendu zuenez, neskak neskekin eta mutilak mutilekin, hori omen zen legea. Legea lege izanik ere, eta lege eta apaiz gizonen jazarpena handia, herriaren erantzuna nabarmendu zuen Satrustegik: “Neska mutilak zein bere alde berezirik ibiliarazi nahia ageri da, alde batetik; eta gazteak, nola edo hala, elkarretaratu egiten ziren. Biziko legea, hau ere. Negua izaten zen jostakizun hontan garrantzitsuena. Etxe lana izan ohi zen garai hontan, eta ez udan bezain estua. Lana bera baliatzen zen askotan, neska mutilen harremanetarako”. Musikak, jakina, garrantzi handia zeukan harremanak egiteko tarte horietan. Altsasun, esaterako, osteguna eta larunbata omen zituzten gazteek dantza egunak. Etxeko ezkaratzean dantzatzen omen ziren, eta Arabako Aguraingo eta Gipuzkoako mutilak ere hurreatzen omen ziren dantzaldiotara. Soinua, musika ez omen zen beti berdina izaten, ahal zena baizik. Panderoa batzutan, gitarra edo akordeoia besteetan.
Urdiaingo gazteek Errege eta Santa Ageda egunak ere baliatzen omen zituzten neguan elkar ikusteko. Festa horiek, gainera, gustuko neskari elkarrekin ibiltzeko eskabidea egiteko baliatzen omen zituzten urdiaindar mutilek. Igandero ba omen zen danbolina, ilundu arte. Zortzikoarekin abiatzen omen ziren beti. Denborarekin, dantzak aldatu egin ziren, Satrustegiren arabera. Etxe barru batean dantza lotua ezarri omen zuten Urdiaingo gazteek. Inguru guzian lehendabizikotatik izan zirela dio Satrustegik, eta, hori zela eta, Urdindarrak, urdiak! esan omen zien behin aurpegira gotzain euskaldun batek. Orduan sartu omen zen herrian infernuko hauspoa deitzen zitzaion akordeoia, danbolinaren atzetik. Satrustegiren berri-emaile baten arabera, 1930. urtearen inguruan bazen urdiaindar baten etxean dantza itxia. “Akordeoi batekin egiten omen zen, igande arratsaldeetan. Dantza saioaren ondotik, senargaiak bere emaztegaia etxera laguntzen omen zuen”.
Urdiain ez Euskal Herriko beste hainbat herritan entzun ditugu antzeko kontakizunak. Bengoa Zubizarretak, esaterako, San Pedro egunean Bizkaiko Berrizen egiten zen erromeria aipatu zuen 1975eko artikulu batean. Durango aldeko jende asko biltzen omen zen Berrizen, hango erromeriak ospe handia zuela eta. Ohitura zaharra eta herrikoia omen zen trikiti eta porrusalda piezak korroan eta sueltoan dantzatzea, soinu eta panderoaren doinuan. Zati abestuetan, baina, elkarri heldu eta ‘ipurdikada’ prestatzen omen zuten gazteek. Honela deskribatu zuen ipurdikada hori: “Mutil bakoitzak gustukoen zuen neska ipurdiaz jotzen zuen, soinuak berriro doinu jotzeari ekiten zion arte, non guztiek askatu eta dantza soltean jarraitzen baitzuten, santzo eta irrintzi ugarirekin”. Urdiainen bezala, han ere zurrumurruak ez omen ziren falta, noski. Herriko apaizak behin baino gehiagotan bota omen zituen trikitilariak, txistulariak sarraraziz. “Baina ez zegoen ohitura hori galerazteko modurik, gazteek soinua nahiago zutelako txistua baino erromerian”. Antza denez, egunerokoak estu-estu lotzen zizkien grinak dantzan jartzeko lagun ezin hobea iruditu zitzaien akordeoia bazter guztietako euskaldun gazteei. Pedro Sodupe Gelatxo-ri buruz idatzitako biografian Pako Aristik oso argi adierazi duela iruditzen zait. “Festarako deia zen musika hura, alaia, bizia, tristuraren aurkakoa. Ansiolitiko paregabea aste guztia lanean eta zarata handirik gabe pasatu zutenentzat”.
Gerra ostea
1936ko gerrak, gainerako guztiei bezalaxe, astindua ekarri zion trikiti munduari ere. Trikitilari asko ibili zen frentean. Zenbaitek haraino eraman zuen esku soinua. Herriz herri, erromeriaz erromeria trikitia jotzen aritzen zirenak lehendik ere gaizki ikusiak baldin baziren, gauzak ez ziren batere aldatu gerraosteko urteetan. Are gehiago, euskaraz kantatzea debekatu egin zuten agintariek eta dantza lotua, lehen esan dugun bezala, debekatua zen lehendik herri askotan. Erromeriak musikatzen jarraitu zuen trikitiak, eta 60ko hamarkadarekin berriro irauli zen soinu txikiaren mundua. Hirira egin zuen salto pixkanaka-pixkanaka, Arrate eta Loiola irratiek eskainitako bozgorailuari esker batez ere. Irratiak grabazio etxe bihurtu ziren, eta diskoetara jauzia prestatzen hasi ziren.
1970ean Euskadiko Trikitilarien lehendabiziko txapelketa antolatu zen, eta arrakasta itzela izan zuen. Arrate eta Loiola irratiak, diskoen grabazioak. Ordura arte ezagutu gabeko guneetara sartzen hasi zen trikitia. Polemikarik ere ez da falta izan trikitiaren azken bi hamarkadetako ibilbidean. Eskola zaharra eta berriaren arteko polemika piztu zen Kepa Junkera eta Joseba Tapia gazteek txapelketara eraman zuten estiloa zela eta ez zela. Eskola zaharrean hazitako zenbaiten ustez, hura ez zen trikitia. Dantzarako ez zuela balio esan zuten.
Zenbait izen
Azkenik, zenbait izen gogoratu nahi nituzke hemen. Hitzaldi hau prestatzerakoan askotan agertu zaizkidalako edo agertzen diren gutxietan oso bizitza bitxia izan zutela iruditu izan zaidalako aukeratu ditut. Ehunka geratzen dira aipatu gabe, jakina, baina ezin denak hemen bota, eta bakarren batzuk aukeratu behar:
Martzel: Zornotzako Marcelino Rodriguez Martzel: Salamancan 1883an jaioa. Ezagutzen den lehendabiziko trikiti irakaslea da. Busturialdeako trikitilari zenbait trenez joaten ziren Martzelengana tresna jotzen ikastera.
Maria Apraiz: 1902an Busturiako Ariatza baserrian jaioa. Senargaiarekin, Ximela-rekin ikasi omen zuen trikitia jotzen. Lehendabiziko emakumezko soinujoleetako bat izan zen, inguru berean bizi zen Poli Larretaren emazte Demetriarekin batera.
Kandido Beristain: Solfeoa zekien eta Donostiako 1933ko euskal jaietako txapelketa irabazi zuen. Erromeria eta festa askotan jotzen zuen, Dionisio Isasmendi Baztarrikalde panderoarekin eta koplatan lagun zuelarik. Bere garaiko soinujolerik ezagunena omen zen.
Elgeta: Kajako umea. Bizkaiko trikitia Gipuzkoara sartu zutenetako bat izan omen zen. Eibarrera jo zuen, Bergarako lurretan egon arren Elgetatik gertuago zegoen baserria atzean utzita, tritikitik bizitzekotan. Hitz ironikoz eta kritikaz beteriko koplak kantatzen omen zituen. Maisutzat zeukaten 1936ko gerraren aurretik, eta halaxe jarraitu zuen izaten gero ere, baserriz baserri ibili baitzen gerora maisu bilakatu ziren trikitilari gazteei soinu jotzen irakasten. Eskola sortu zuen. Bere garaiko 21 botoiko esku soinuari beste bi gehitu zizkion, eta ezaugarri propioa eman zion horrekin euskal trikitilariek jotzen duten soinu txikiari. Pasodobleak jotzen iaioa omen zen oso. Sekulako kantutegia omen zeukan, eta ez omen zuen abestirik errepikatzen. Denetarik omen zuen aukeran. Pelikula bat egiteko moduko bizimodua izan zuela esan zuen behin Joxean Agirre kazetari eta idazleak Elgetaz. Pelikula beharrean nobela eder bat idatzi zion berak.
Gelatxo zaharra: 1888an Elgoibarren jaioa, garai haietako trikitilarien inguruko datak halako gandu batean bilduta ageri direla esan beharra dagoen arren. Garaiko soinujolerik onena izan zela diote kronistek. Gipuzkoako onena bai, behintzat. Bere kasa ikasi omen zuen soinua jotzen, ilara bakarreko soinu batekin. Hark sartu omen zuen Bizkaiko trikitixa Gipuzkoan, bere kopla kantatuekin. Pieza berriak ere sortzen zituen, eta Juliana Esnaola Muxillo emaztea panderojole zuela ibiltzen omen zen herriz herri, auzoz auzo soinua jotzen.
Gelatxo gaztea: Aitaren eskola eta piezak gorde ditu, eta baita gaur egun oso ezagunak diren hamaika pieza sortu ere, soinu handia erabiliz. Soinua, saxofoia eta jazbana edo bateria formazioan aritu da hamaika erromeria, ezkontza eta dantzaldi girotzen. Bere pieza asko besteren diskoetan ageri dira, egin dituen melodia eta konposizioak soinu txikirako modukoak izan direlako.
Sakabi: Lasturkoa. Petrikilo familia batekoa. Elgetaren ikasle izana. Bere garaian pieza gehieneko errepertorioa zuen trikitilaria. Egun bakarrean 98 pieza jotakoa omen da. Gerra ostean bikotea osatu zuen Egañazpi panderojolearekin, Bizkaian hasi eta gaur egun denon ezaguna den formulari ateak berriz zabalduz.
Rufino Arrola: 1909an jaioa, Lemoizko zentrala egingo zuten Iurreko Atauneta izeneko baserrian, errekaren Mungiako aldean. 13 urterekin jo zuen lehendabiziko aldiz. Errementari lanetan hasi zenean, ordea, utzi egin zion. 57 urterekin ekin zion berriro ere. Izugarrizko indarra zeukan trikitia jotzen.
Laja: Azkoitiarra. Elgetaren ikasleetako bat. Iker Goenaga trikitilariaren arabera, Martin trikitilariarekin batera, Lajak izugarrizko ekarpena egin zion soinu txikiari. “Hatzen azkartasuna, bariazioak, harmonia berriak... Laja Elgetaren ondorengo iraultzailea dela esan dezakegu”.
Auntxa: Urrestildarra. Kandidoren ikaslea, 14 urterekin hasi zen jotzen, 1925. urtearen bueltan. Iturbide panderistarekin aritu zen denbora askoan. Dantza lotua egitea debekatua zegoen garaietan aritzea tokatu zitzaion, berak ederki asko gogoratzen zuen bezala: “Halako batean, gutun anonimo bat iritsi zitzaion nire amari. Gutunak zioenaren arabera, semea galtzen bazen bere arima galduko zen lehenengo, eta amarena ondoren. Orduan amak esan zidan diruak baino gehiago balio zuela arimak eta soinua jotzeari uzteko eskatu zidan. Nik garai hartan gehiago begiratzen nion diruari arimari baino, eta, ondorioz, jotzen jarraitu nuen beste sei bat erromeriatan. Nire ama, etxera bueltatzen nintzen bakoitzean, negarrez hasten zen erromerien asuntoa uzteko eta azkenean utzi egin nuen”.
Auntxa bukaerarako utzi dut, bai. Japonian ere gure tia Manuelaren tristurak uxatzen dituen trikitilaria delako, jakina.