BOTERE DANTZA

Amagoia Iban

Inpernuko Poza jardunaldietan

emandako hitzaldia, 2004

Amagoia Iban: Dantzarako eta festarako gogoa, aspaldiko agirietan begiratu besterik ez dago, ohikoa izan da euskaldunen artean. Bizkaiko korrejidoreak, 1723an, Zeanuriko biztanleen “hotsak eta eskandaluak” salatu zituen. Dantza horien aurkako kanpaina bat abian jarria zuen hainbat apaizek eta frailek ordurako, eta Larramendi jesuita ospetsuak erantzun bat emateko beharra sentitu zuen, 1756an argitaratutako Coreografia de Guipúzcoa liburuan. Erantzunak erantzun, 1776an Bizkaiko korrejidore kargua zeukanak idatzi bat osatu zuen, bizkaitarrek ermitetako erromerietan egiten omen zituzten “gehiegikeriak” aipatuz. Gipuzkoako korrejidoreak ere hainbat agindu eman zituen garai hartan, jai egunetatik kanpo inork dantza egin ez zezan, eta dantza egiten hasitakoan jendeak “ukitu, kolpe eta bestelako kontu zikinik gabe” egin zezan. 1775 inguruan, Kalagorriko agintari batek Antonio Ceferino Mungiako eta Manuel Felipe Olea Alonsotegiko bikarioen aurka jo zuen, dantzaldi batzuetan parte hartu izanagatik. Jarrera horren aurka agertu ziren bi apaizak. 1786an, Iruñeko gotzainak Iturriozko ermita inguruan egiten ziren erromeriak markatu zituen, gazteek alberdaniarako erabiltzen zituztela esanez. Horregatik, ermita hartan meza ematea debekatu eta giltzaz itxiarazi zuen. 1801ean, dantza eta danbolina galarazi zituen Juan Antonio Irazu gobernatzaileak Altzako Larrotxeneko zelaian. 1805ean, inguruko herrietako jende asko joaten omen zen Kortezubira dantzaldi eta erromeria egunetan, eta “nahasteak” sortzen zituzten batzuen ustez, herriko batzarrak iritzia eman behar izan baitzuen jaialdi horiek debekatu ala ez erabakitzeko.

Alde bateko eta besteko agintarien aginduak agindu, dantza zaleek dantza zale izaten jarraitu zuten. Leon Elizanburuk 1860ko Sarako txapelketa irabazi zuen kopla hauekin, eta ikusi besterik ez dago dantzan hartzen zuten gozamenaz jabetzeko:

        Hu-pa mutillak, lorian,

        nola xoriak airean!

        Heldu nauk zuen erdian,

        Rau, riu, rau, rataplau rau,

        Heldu nauk zuen erdian,

        Besta baitugu herrian.

        Hu-pa, alegera gaiten,

        Soinua ari da ioiten!

        Ioan gaizkola du erraiten,

        Rau, riu, rau, rataplau rau,

        Ioan gaizkola du erraiten,

        Urthean behin bederen.

        Hu-pa, huna beraz, plazan,

        Aurthen ez baikinen izan

        Oro ari gaituk dantzan

        Rau, riu, rau, rataplau rau,

        Oro ari gaituk dantzan

        Zaharrak gaztekin baltsan.

        Hu-pa, arreba Kattalin,

        Orai ez dun buruan min,

        Badabiltzan oinak arin!

        Rau, riu, rau, rataplau rau,

        Badabiltzan oinak arin!

        Tunpaka ongi badakin.

        Hu-pa, Maria, atzo hi

        Ohetik ez hintzen ieiki,

        Lanean hartzeko eri,

        Rau, riu, rau, rataplau rau,

        Lanean hartzeko eri,

        Egun gurekin dantzari!

        Hu-pa, hik, soinularia,

        Ardura duk egarria,

        Hi ere gu iduria!

        Rau, riu, rau, rataplau rau,

        Hi ere gu iduria!

        Okasionez balia!

        Hu-pa gur’etxean, ama,

        Oilasko biltzen ari da!

        Arnoak ez diro falta,

        Rau, riu, rau, rataplau rau,

        Ardoak ez diro falta,

        Bizi bada gure aita.

        Hu-pa amak ez du nahi,

        Khorda eman lepoari,

        Gazte nahi naiz ibili,

        Rau, riu, rau, rataplau rau,

        Gazte nahi naiz ibili,

        Ezkontzaz ez aipha niri.

        Hu-pa, etxean bi andre

        Gerla bizia laitake

        Mokhorra, ama, zu ere!

        Rau, riu, rau, rataplau rau,

        Mokhorra, ama, zu ere!

        Bake onik ez genuke.

Erromerietan norbere adineko jendea ezagutzeko eta, akaso, gustukoren bat aurkitzeko aukera ikusten zuten gazteek; aspaldi ikusi gabeko ezagunak ikusteko eta erosketa batzuk egiteko baliatzen zuten helduagoek; eta festa giroan ibiltzeko txikienek. Esku soinua garai hartan ailegatu zen Euskal Herrira adituen esanetan, XIX. mendeko bigarren erdialdean, eta dantzarako hauspo bilakatu zen. Une hartatik bertatik, Infernura bidali zuten.

Integrismo katolikoa sasoi bizian zegoen garaian heldu zen hona tresna berria, bai. 1867an, Antonio Truebak esaten zuenez, Euskal Herrian inguruko herrialdeetan baino askoz elizako gizon eta emakume gehiago zegoen —Araban, batez beste, parroko bat zegoen 218 herritarreko—. Elizak eragin izugarria zeukan orduan herritarren egunerokoan. Baita tokian tokiko jauntxo eta agintari zibilek ere, eta, garai haietako zenbait kronika irakurtzen hasita, olgeta eta festa egunetan ere aurrean egotea atsegin zuten. Ez ezazue pentsa, hala ere, ezer berririk asmatu zutenik. XVII. mendean jada, Le Pays-ek halaxe idatzi zuen: “Erretoreek gainerakoen moduan gozatzen dute herrialde honetan. Ohartu garenez, eztei guztietan herriko parrokoa da dantza hasten duena”.

1910ean, Garcilasok hau idatzi zuen Nafarroako erromeria bati buruz Euskal-erria aldizkarian: “Por entre aquellos tenderetes y cocinas andan las señoritas y los señores de la ciudad, que estan en la aldea y que tienen el alma tan buena y tan enamorada de aquellas costumbres y de aquella vida, como los mismos aldeanos. Las señoritas son bellas como los mismos angeles. (…) Los señores son amables y saben estar en compañía de los humildes”.

Euskal-erria aldizkarian eta 1910. urtean jarraitzen dugu. Adolfo Comba Garcia izeneko batek honakoa idatzi zuen bertan Gipuzkoako herri txiki bateko udako igande bati buruz: “Después de misa, dedícanse unos a jugar a pelota, otros a los bolos y algunos van a las sidrerias; (…) soliendose encontrar entre ellos excelentes improvisadores o versolaris (…); mientras la gente joven, en la plaza publica y a presencia del rector, el alcalde y los ancianos del pueblo, danza alegremente”.

Kronika berean, euskal dantza jaialdiek izan ohi zuten bukaera deskribatu zuen Comba Garciak: “Generalmente termina con un Aurresku-real bailado en la plaza publica por los señores Diputados, de etiqueta, llevando por parejas, además de las damas principales de la poblacion, unas cuantas labradoras, avergonzadas y gozosas al mismo tiempo, por el honor que les dispensa el Jauna, a quien tanto respetan, de formar parejas con ellas, y que conducidas entre cuatro señores ante el aurresku o director del baile, este las saluda con unas cuantas cabriolas, siendo llevadas a formar la cuerda, compuesta de parejas unidas entre sí por pañuelos que llevan en la mano”.

Jauna izugarri errespetatzen duten baserritar lotsati eta esker-onekoak; diputatu dotoreak; herriko etxe onekoen gorentasuna; eta, batak bestearen eskuak ere ez ukitzeko, paineluaren ertzari helduta dantza egiten duten neska-mutilak. Hori zen dantzaldietarako eredua. Ordurako dantza sueltoko piezak ez ziren gaizki ikusiak. Horrek, hala ere, ez du esan nahi zenbaiten ustez dantza zikinik ez zegoenik. Francisco Maria Labaienek idatzi zuenez, 1950 urte inguruan danborrero eta txistulari taldeak izaten ziren herri gehienetan, eta baita musika bandak, txarangak eta esku soinuak ere. Azken horiek, ez omen zuten gutxi egin, lotuko piezak jotzean, “hain garbiak eta arinak diren gure berezko dantzak baztertzeko”.

Dantzari buruzko bere irizpide moralak agerian utzi zituen Labaienek, eta arrazonamendu horietan, ez du alde handirik erakusten Bartolome Baertel fraide frantziskotarrarekin. 1886rako herriz herri ibiltzen hasia zen misio santuban, kanpotik ekarritako “baltsio nazkagarriaren” aurka. “Herrietako buru egiten dabenak lagundu bihar deuzkube lan honetan. Euren mesediak egon bihar dabe dantza lekuetan begi argi ta zoliakaz, eta agindu hau berau Herriko Zainlariai, egin ez deitekian garbitasunagaz oker datorren gauzarik. Hemen dauzkagu geure aurresku atzezkuak, bana banakua, ta beste dantza garbiak”.

Baertelek izan zituen bere aitzindariak —mende askotan izan ditu aurrekariak, egia esan—, eta baita jarraitzaileak ere. Dantza lotua, baltseoa, pekatu mortal izendatu zuten berehalakoan, eta dantza hori hauspotzen eta dantzatzen zutenak deabru. 1908an, Zeanuriko Udaletxeak isuna jarri zion Areatzako Eulogio Koskorrotzari, “herriko dantzaldi publikoan moralitatearen aurkako okerra egiteagatik”. 1914an, Areatzako artzapezpiku etxeak eskaera bat egin zion Zeanuriko Udalari: “neurriak har zitzala herritarren artean oso zabalduta zegoen biraoetarako eta dantza zikinetarako ohitura geldiarazteko”. 1923n, Areetako Juventud Vascak protesta aurkeztu zuen Getxoko udaletxean norbaitzuek esku soinu dantzaldi bat egin zutelako. 1927an, Garizuma igandeetan dantzaldirik ez eteteko eskatu zuen Eustakio Bakiola Antzak Arrigoriagako Udaletxean. 1932an, Busturiako Udalak isuna jarri zion Aurelio Azpitarte Ensuntza herritarrari. Esku soinua baimenik gabe jotzea eta Altamira auzoko erromeria ordu erdi luzatu izana leporatu zioten. 1941eko Andramaritan, Udalari esku soinuarekin dantzaldia egiteko baimena eskatu zioten Alkizako gazteek. Baimena jaso zuten, baina dantza lotua egiteko debekua ere bai, jakina. Hala dio udal aktak: “Se estudia el punto relativo de los festejos de ocho de Setiembre de mil novecientos cuarenta y uno. Primeramente se resuelve favorablemente la petición formulada por los jovenes de Alquiza que dada la coincidencia con dia festivo de la vispera del dia ocho desean y ruegan que las fiestas por este año empiecen el día siete corriendo a cuenta de los jovenes los gastos y organización de los festejos del dia siete... que el dia siete de los corrientes se fijen ‘Bandos’ prohibiendo en este término municipal el ‘baile’ llamado ‘dantza-lotua’”.

Artxibategietako idazkietan arakatu gabe ere, horrelakoen berri eman digute garai haietako erromeria giroan hauspoa eta panderoa astintzen aritutakoek. “Hamaika urte besterik ez nituela, aho-soinu bat inguratu nuen. Garai haietan, baserrietako mutilkoskor mordoska bat, igandero, Madarixara biltzen ginen jai arratsetako orduak jolastera. Nik aho-soinua jotzen nuelarik, ez dakizue nolako neska-mutik pila biltzen ginen eta zeinen erromeri politak egiten genituen. Handik sortu zitzaidan zuek galdetu dadizuen soinujotzeko gogoa”. 83 urterekin hil berri den Jose Kruzulegi Kataolatza-k kontatua da. Soinua jotzen hasteko arrazoietako bat ezin argiago azalduta utzi zuen esaldi horrekin. Debekuak egon arren, Kataolatzak jo egiten zuen. Eta izaten zuen zer ordaindua: “Ez dakizue asko nola ibiltzen ginen. Azkaraten zegoen muga. Azkarate pasa ezkero, (Elgoibarrera) dantza-lotua egitea libre. Baina Madarixan (Azkoitia) ez! Madarixa eta Martiteko plazetan, Azkoitiko aguazilak hiru aldiz multa bota zidan. Eta denak zergatik? Ba askotan, soinujoleak uste gabe, gazteak dantza-lotuan hasten zirelako”.

Kataolatzak kontatutakoaren antzeko pasadizo bat zeukan Auntxa urrestildarrak ere. 1910ean jaioa, Zubietan 20 bat urte egin zituen soinua jotzen, baldintza bakar batekin: heldu lanik ez jotzeko. “Apaiz bat zen nagusia herrian, eta koinatua zuen alkate. Nahiz eta nik suelto jo, bikoteak helduan hastea pasatu izan zen. Aguazila jarrita zeukaten eta lastotxo txiki batekin jo sorbaldan, eta geldiarazi egiten zituen”.

Kataolatzak esana digu: “Azkoitin sueltoan bakarrik egin zitekeen dantzan 1920n. Elgoibarren, aldiz, lotuan ere bai. Bergara aldean ere libre zen, Azpeitiko plazak soltean segitzen zuen bitartean”. Amezketan ere dena sueltoan egin behar zela du gogoan Lajak. “Arratsaldeko bostetan hasi eta gaueko hamarrak arte, dena sueltoan. Denak izerditan lehertuta! Hanka hotsa, kriskitina eta soinua bakarrik aditzen zen, beste ezer ez”.

Azkoitin alkate berria jarri zenean, lotuan egiteko askatasuna eman zuen, baina dantzan jardun zutenak eta ez zutenak kongregaziotik bota zituzten! Aguazilaren mehatxua nahikoa ez zenean, izan ere, bestelako metodo batzuk ere erabiltzen zituzten batzuek ustezko pekatariak “zentzatzeko”. Taberna batean soinua jotzen hasi berritan, Auntxaren amak gutun anonimo bat jaso zuen behin, bere arima eta semearena galdu egingo zirela esaka. Ama benetan larritu zuen gutunak, eta azkenean soinu jotzeari utzi zion Auntxak urte batzuetarako. Arrakasta izan zuen ekintzaileak.

Maurizia panderistaren gizonari, berriz, pasodoblea jotzen bazuen ez zuela absolbituko esan omen zion behin apaizak, aitortza egitera joan zitzaionean.

Ikiliko Martin Goenagaren hitzetan, gainera, askotan etxean bertan zuen kontrarioa soinu-joleak, gaizki esaka hasiko ote ziren kanpoan. “Bertsolaria eta soinularia beti alferrak, festa zaleak, mozkorrak izaten zirela esaten zen”. Alkizakoa da Martin, eta, aipatu duenez, bere herrian dantza lotua debekatuta zegoen arren, Asteasun ez. “Asteasun lotuan egin zitekeen, baina han aritzen zirenen izenak esaten zituen pulpitutik Alkizako apaizak, Asteasuko lagunak pareta pasata. Dantza hura pekatu mortala zela esaten zuen”.

Dantza lotua libre edo galerazita izan, erromeria bukatutakoan, ahal zuenak neska laguntza egiten zuen. Plazan gelditutakoekin tabernaren batera joaten zen normalean trikitilaria. Han jarraitzen zuen soinua jotzen, goizeko ordu txikiak arte. Han bai, han izaten omen zen dantza lotua, baina emakumerik ez, hori ere gaizki ikusia zegoelako. Mutil askok korroa gustuko neskari laguntza egiten uzteko eskatzeko erabiltzen zuen. Epelarreren esanetan, “erromeriak iluntzean amaitzen ziren, neskak etxera eta mutilak tabernara joan ohi ziren eta zenbait kasutan mutilak neska etxera lagundu ondoren tabernara joaten zen. Tabernan soinu joleek jotzen jarraitzen zuten, bertan afaltzen baitzuten eta giroak ordu biak edo hiruak arte iraun zezakeen”.

Kontrol sozialaren arrakastarik handiena autozentsura izan ohi da, eta horren adierazle da Lajaren aita zenaren kasua, antza, bera soinu jole izan eta soinua kutxan gordeta edukitzen baitzuen Garizuman, sasoi horretan ez baitzen jotzerik egoten. Gurasoak falta zirenean kutxa ireki, eta poliki-poliki hasi omen zen Laja soinua jotzen: “Zerbait handik hasi ginen mugitzen. Hasi, zazpi urterekin edo horrela hasi nintzen jotzen, oso mutil kozkor nintzela, baina hamairu urterekin joan nintzen erromeriara”.

Antzeko zerbait kontatua du Auntxa zenak: “Garizuman ez zidaten jotzen uzten gurasoek eta Garizumako lehen egunean soinua giltzapean gordetzen zen gure etxean. Garizuma bukatu artean nik ez nuen soinua ukitzen. Zazpi aste ziren, baina niretzat zazpi urte ziren”. Auntxak ez zien trikitixa jotzen erakutsi bere umeei, “neure ibilera txar-txarrak gogoratuta”. Ez zuen argitu ibilera txar-txar horietaz ari zenean amaren negarraz; ibilaldi ikaragarriak egin, musika jo, ordu erdi lo egin eta fabrikara lanera joan behar zuen garaiaz; edo baserriz baserri bere umeentzako ogia eskatzen aritu zen gerra ondorengo urteengatik ari ote zen.

Landakanda panderojoleak, berriz, etxean ez ziotela panderoa jotzen uzten gorde du gogoan. “Panderista denak golfoak izaten zirela eta, ezin inora joan panderoa hartuta. Holaxe etxetik aldegin eta beste baten panderoa hartu, eta, erromeriren batetan jotzen banuen, eta horrela ibiltzen nintzen. Gero, soldadutzatik etorri nintzenean, joan behar genuen Maltzetarekin, beste lagun bat dultzina jotzen zuena, eta ni panderoa jotzekotan. Ba, etxean, panderoa hartu gabardinaren atzean gordeta eta han nekarren. Eta halako batean, panderoak kik! egin zidan eta esan zidan arreba batek ‘orain ere horrekin hoa, ibiliren batean formalduko ahal haiz behintzat!’. Esandakoan kristona iruditu zitzaidan, baina, Donostiara joan eta egin genituen anteronak eta atzera buelta etxera. Eta gero ez zuten uzten, eta utzi egin genion. Eta handik, berriz, panderorik hartu gabe, 16 bat urte igual gero”.

Primi Erostarbek baditu pare bat adierazpen bereziak, emakume bakarrenetakoa izan baita soinu giroan. “Festetan eta beti deika ziren. Hiru aktuazio egindako egunak ere izaten ziren: lehenbizi Logroñon, gero Zestuan eta handik 18 de julio plazara. Gogoan daukat Urnietara ere zazpi egun segidan nola joan ginen jotzera. Gogorra izan zen hura. Trikitia jotzea beti ere nekagarriagoa da eta heldutakoa jotzen hasten ginen tarteka. Baina neska koadrila bat etorri zitzaigun heldutakorik ez jotzeko esanez, trikitia jotzeko!”. Txarra atera zitzaion soinujole baten berri ere eman zuen. “Beti hatzaparka” ibiltzen omen zen.

Garbi dago, azken batean, XX. mendearen parte handi batean ere dantza egiteko egunak, orduak, tokiak eta moduak ederki zehaztuta egon zirela gurean, arau sozial oso estuen barruan, eta zehaztapen horietatik kanpo zebilenari bazetorkiola zigorra. Hainbeste debeku eta hainbeste estuasun zergatik hausten ote zituen jendeak, askotan egindako galdera da. Batzuek, behintzat, maite zuten egiten zutena, eta ez zuten txartzat hartzen. Landakanda, adibidez, etxean hasi zen panderoa ikasten, bere kasa, 13 urte inguru horretan. “Lehengusu bati aditu nion panderoa jotzen eta ‘ederra da’ eta pixka bat ikasi nuen neure eran. Gero hamabost urte nituela ikusi nuen beste bat, Eibarren bizi zena. Arruabarrena. Oso ona zen panderoa jotzen. Hura ikusi nuenean zoratuta gelditu nintzen eta ‘neuk hasi behar diat’, eta hasi egin nintzen ikasten”.

Egañazpik ere etxean aurkitu zuen zaletasunerako bidea: “14 edo 15en bat urtekin hasi nintzen pandero jotzen. Etxean aurkitu nuen erdoildutako bandeja zahar batekin hasi nintzen”.

“Neri, berriz, soinua jotzeko sekulako irrika sortu zitzaidan hamarren bat urte nituenean. Erlo mendira joan ginen San Inaziotan. Trikitilari bat ari zen jo eta jo. Zeharo zoratu nintzen. Etxera etorritakoan ez nion pakerik eman aita zenari, soinua erosi arte. Nere osaba Anton Baltzola trikitilariak lagundurik erosi nuen nere aurreneko soinua, Donostian…”, azaldu zuen Sakabik.

Iturbide panderojoleak, aldiz, panderorako hartarainoko afiziorik ez zuela aitortua dauka behin baino gehiagotan. Dantza gehiago gustatzen omen zitzaion. “Eta orduan, bada, urte pilo batean holaxe, erromerian bi pieza jo eta beste gainontzean bat ere ez. Gerotxo arte, berandu arte”.

Txomin Garmendia: Tolosa inguruan, Berrobin, orain 50 urte, soinu txikia baino gehiago ezagutzen zen soinu handia. Manolo Yaben, Pakito Txikia, Elduainen beste bi edo hiru haien artean Soroa, Tolosan Ramontxo, Tarragona, geroxeago Kaxiano eta bere anaia Manolo. Soinu handia nagusi zen garai hartan, Bizkaian soinu txikia bazela esaten ziguten baina nik lehenengoz Elgeta ikusi nuen Amezketako Ugarten, bera bakarrik, izango dira 50 bat urte. Gizon moztaka bat zen, Farias puroa ezpainetan zuela, garai hartako soinu jotzaile onena zela esaten zen. Oso gutxi ziren kopla kantariak eta izatekotan erdarazkoak; etorri zen bertsolari giro hori eta horri eskerrak aberastu zen trikiti mundu hori koplatan. Gipuzkoako herri askotan baino lehenago jotzen zen dantza lotua edo baltsea Berrobin. Orain 60 urte ere San Agustinetan baltsea jotzen zen Berrobiko plazan. Garai hartako Don Rikardo apaizak sermoi latzak egiten zituen, inguruko armiarmak eta denak airean bidaltzeko modukoak bai, tartean hitz batzuk latinez esanez. Manolo Yaben zen soinu jotzaile famatuena orduan, Berrobin San Agustinetan soinu jotzen zuen. Festa guztietarako etortzen ziren, 4 egunetarako edo. San Agustin hurrengo igandea etorri zen eta soinujolea ere mezatara. Berrobiko organista zen orduan Tolosatik etortzen zen Anjel Soraluze. Yaben inguratu da korura eta esan dio ea utziko dion organoa jotzen, organista gizajo horrek utzi dio, baina bai apaiza konturatu ere. Jira eta: “Aldeintzak hortik”. Utzi isil-isilik eta lehengo organistak segitu zuen.

Xabier Amuriza: Oso oroitzapen gozoak dauzkat debekuari eskerrak. Ni 41ean jaioa naiz, gerraoste estu-estuan. Gure inguruan koplaritza oso indartsu zegoen. Geure aitari esker sartu nintzen mundu honetan. Bi gauza kontatuko ditut, nire umezaroan kokaturikoak. Gure amama, erlijio kontuan oso praktikante zorrotza izanik, panderojolea zen. Hark ez zuen ulertzen, Arrate Irratia hasi zenean, soinua entzun eta jendea geldirik egon zitekeenik: “Baina hori entzun eta nola zaudete geldirik?”. Hain maite zuen erromeria, ezen bere alabentzat mutilak aurkitzeko, etxera etortzen zirenean, egingo zien probetariko bat dantzan nola egiten zuten izango zen. Hirurak txarrak suertatu zitzaizkion; gure aita ez zen dantzari ona, baina beste biak txarragoak ziren. Inguru hartaraino ez zen kontrolik ailegatzen. Gari-jotze, gabon-afari eta horrelakoen ondoren, beti bazen pandero bat. Etxanon, Zornotzan, bazen kontrola, baina mendi haietaraino ez zen heltzen. Askatasuna, libertinajea handiagoa zen, nolabait. Mendi haietaraino apaizik ere ez zen ailegatzen. Norbait hiltzen zenean, apaizak hilotza jasotzera joan behar zuen. Behin apaizak, eguraldi txarra gertatu eta, pentsatu zuen hilotzari behean itxarongo ziola, errepidean. Goitik behera zetozenak, hilkutxa bizkarrean, nahiko nekaturik etorriko ziren, irristaka, eta apaizak, heldu zirenean, zerbait esateagatik: “Badakarzue?”. Andari batek, eramaileetariko batek, esan zion: “Hau badakargu, baina arima goian gelditu da eta haren bila berorrek joan beharko du”.

Goi hartan halako askatasun eremu batzuk bazeuden, baina baziren gure amamak barkatuko ez zituen zenbait gauza: “ostiral santuz, zapatu santuz, eta pazko gauerdira arte, ezin zen inolako soinurik jo ez kantatu, ezta txisturik ere ahoz”. Gure aita oso jostaria zenez eta egun horietan txistua jo plantan ibiltzen zenez, esaten nion, oso mutikotan: “Aita, ez al dakizu ezin dela txisturik jo?”. “Txoriren bat izango zen”. “Txoriek txistu jotzen badakite ala?”. “Jakingo ez dute, ba! Ez dakitena putz egiten da”. Gehienok Paristik etorriak izango zarete, baina nik haurtzarotik dudan beste harrotasun bat da ez nintzela Paristik zikoinak ekarria: osaba soinu-joleak Bizkargiko erromeriatik ekarri ninduen, ijito karro batetik ostu eta soinuaren barruan gordeta. Nik amari galdetzen nion: “Baina ez al nuen negarrik egiten, ba?”. Eta osabak argitzen zuen: “Bai, egiten huen, baina nik soinua jo eta inork ez zian hire negarrik entzuten”. Osaba horrek, debeku hori zela-eta, ezin izaten zuen garizuma bitartean soinurik jo eta luze egiten zitzaion, 40 egun luzeak zirelako eta entrenatu gabe ibili behar. Orduan gure amarengana etortzen zen, gure etxera, ezkutuan soinua jotzera. Izugarrizko misterioa zen: sartzen zen, leihoak itxi, eta ni han jartzen nintzen, bi oheko gela hartan, osaba batean eta ni bestetik entzuten, ukitu, hurreratu... Garizuma zela-eta, gure etxean soinua entzuten zen, debeku horri esker. Gure etxean ez zegoen argindarrik ere. Orduan, ilunabarreko argitasunarekin, ni han soinua entzuten, halako gozamen musikalik ez dut harrezkero sekula hartu.

Ni apaiza ere izan nintzen. 1965ean apaiz egin nintzen. 60ko hamarkada pizkunde handikoa izan zen eta Lekeitio ondoko herri txiki batera, Gizaburuagara, joan nintzen, baita hurrengo urtean Amorotora ere. Bi herriak zerbitzatzen nituen. Nik uste nuen bukatuak zeudela halako estura moralak eta zailtasunak, baina oraindik ere oso indarrean zeuden. Adibide gisara, Amorotoko sermoia: azpian, han dago Oleta; hiru jatetxe daude han. Pixka bat kontroletik kanpoko auzoa bezala zen, inoren eremua ez zen toki batean, nahiz eta, izatez, Amorotoko lurra izan. Amorotoko apaizaren sermoia famatua zen: “Deabrua, bere sarde handiarekin, Oleta gainean, mendi tontorrean. Deabrua hantxe, Oletara begira. Zer egiten du deabruak han? Sardea utzi aldamenean eta lo. Zurrunga batzuk egin eta tarteka itzarri, eta Oletako erromeriara begira, harro eta pozik: ‘Horiek denak neureak dituk’”.

Ez zuen deabruak tentatzera jaitsi beharrik ere, denak bereak baitzituen.

Gizaburuagako nire aurreko apaiz batek neskak kontrolatzen zituen, batez ere erromeriatik bueltan. Goi aldeko auzo bateko neskek, Gostu izeneko etxeko tejabanan oinetakoak aldatzen zituzten, handik gora gero lokatzetan joan behar eta. Neskak, ilundurik, han ari ziren oinetakoak aldatzen eta bat atzera samar gelditu. Lagunak aurrera zihoazen eta bakarrik zegoen neskari aurre-aurrera halako bulto beltz bat erori zitzaion sahastegira: apaiza zen sotana eta guzti, mandiotik salto egin zuena, denak joanak zirelakoan. Neska gajoari a zer mamua irten zitzaion! Ez pentsa hori lotsagarri izan zenik apaizarentzat. Neskarentzat izan zen lotsaria eta beldurra. Nola dominatzen zuten herria! Hark, entzundako guztiarekin, gurasoengana joan, kontuak eskatu eta gainera Mariaren Alabetatik kanpora bidali, berak egin zuen ridikulua estaltzeko, kontrako autoritatea erabiliz. Pasadizo hauek bukatzeko, Arratiako emakume batek, mendi goitik behera urtero otzarakada bat, gauzarik onenez, oilaskoz, arrautzaz, parrokoari eramaten zion. Ez zuen erretore horrek fama onik ere eta, gizonak andreari: “Baina, Benita! Guri zer mesede egin digu horrek, ba, etxeko gauzarik onenak eramateko?”. “Onik ezer ere ez, baina txarrik egin ez diezagun”.

T. Garmendia: Nik pentsatzen dut bazirela beste aldekoak, soinuaren aldekoak ere. Ernioko gurutze handi hori egin zela 50 urte bete zirela-eta, urrezko eztei horietara joan ginen bertsotara, Zelatunera. Aita Agirretxe han zen, elkarrekin kontu-kontari; ez da urte asko hil zela Errezilgo Bikario Txikia esaten ziotena. Oso zuzena eta oso gogorra. Aita Agirretxek esan zidan: “Begira, Bikario Txikia beti izan zen horrelako bileren kontra, baina bilera hauei esker ezkontza franko ere sortu zen.” Hori da arrazoi sakona. Garai hartan apaizen bat ateratzen bazen soinuaren alde, bota egingo zuten, obispoagatik hasita, baina izango ziren beste pentsamolde batzuenak ere, munduak jarraituko badu ezkontza beharrekoa da, eta nondik dator ezkontza? Bileretatik, dantzatatik eta abar.

Labaien Nafarroan bi auzoko herria da, festak egiten dira egun batean auzo batean eta beste egunean bestean txandaka. Ba omen zen apaiz bat; Erriberako soinu joleren bat omen zen eta dantza lotuan; apaiz hori erretore etxetik atera soinu joleari eta dantzan ari zirenei harrika hasi, plazan. Soinu jole horrek apaizari: “Pero yo tengo un hermano cura y nunca me ha dicho que es pecado tocar el agarrado, tocar la música”. “Vaya cura que será…”.

A. Iban: Fama txarra ere bazuten, soinu joleak eta bertsolariak beti alferrak…

T. Garmendia: Garai hartan, soinu joleek, txistulariek, bertsolariek ez zuten ezer asko irabaziko eta familiarentzat ez ziren horrelako laguntzaileak izango. Esaldi bat bada hor artistaren batek esandakoa: “El artista es una bendición para la humanidad pero una desgracia para la familia”. Soinu joleak eta bertsolariak bi-hiru egunetarako joan eta andre gaixoa etxean bakarrik. Hortik alfer eta parrandero fama hori hartuko zuten seguru asko. Fernando Amezketarra ere, San Fermin egun batean, Azkaraten festak eta, oinez Amezketatik zihoala, hiru egun pasa, bertso, ipuin eta dantza eta, etxera etortzean, andrea mutu. Ez soldata ederra ekarriko balio…

X. Amuriza: Soinu-joleak gure inguruan… Gure osabak soinu handia jotzen zuen. Baziren soinu txikikoak ere, baina soinu handiak ospe handiagoa zuen. Soinularia oso prestigiatua zen, bertsolariak baino prestigio handiagoa zuen. Gazteria guztiak erromeria nahi zuen, eta hori jotzeko ahalmena eta plaza edukitzea ohore handia zen. Ohore hori ez nion bertsolariari ikusten. Gure amama oso zorrotza zen eliz kontuetan, baina soinularien kontra ez. Horiek beharrezkoak ziren. Elizgizonak eta agintariak ziren kontra zeudenak. Ezin dut irakurri gabe utzi 1942an Gobernadore Zibilak Zeanuriko alkateari bidalitako agindua: “Que no se toque más que el clásico tamboril”. “Que se vigile el tránsito de parejas por los caminos de regreso a casa después de las romerías y bailes, denunciando y castigando severamente cualquier actitud indecorosa”. “Que cuando se utilice la gramola debe guardarse un intervalo de 5 minutos al menos entre disco y disco, evitando a todo trance la continuidad”.

Haiek gero kunplitu egin behar. Zeanurin izan zen trikitilari bat, Arbe. Urkiolako erromeria ez zen edozer, San Antonioetan. Arratia aldetik, Durango aldetik, denetik jendea. Urkiola Abadiño zen eta inguruetan debekaturik zegoen, baina non jotzen zuten? Errepide nagusian: errepidea publikoa zenez, han ezin zen isundu. Abadiñoko aguazilak, apaizek, Urkiolakoek-eta ikusten zuten, baina ezin zuten isunik ezarri. Arbe honek jotzen zuen eta hantxe egiten zuten erromeria. Gero, handik egunetara, izango ziren mendekuak, baina egun hartan libratzen ziren. Zeanurin bertan ere horixe egiten zuen honek, errepide nagusian jo. Beranduenetarikoa dantza lotua baimentzen Zeanuri izango zen. 1965ean uste dut oraindik debekatuta zegoela. Behin etxe baten balkoitik ere jo omen zuen. Etxe barruan debekatzerik ez zegoenez, handik entzuten zuten musika eta bakoitzak dantzatzen zuen ahal zuena.

Erromeria kobratu egiten zen orduan, eta Zeanurin ez zen zilegi, baina jo egiten zuen norbaitek. Maturana eramaten zuten, soinu handiarekin jotzera, ausartagoa edo, Bilbo aldekoa, eta ez zion hainbeste ardura Zeanuriko aguazilak. Hari ordaintzeko dirua txapela pasaz lortzen zuten. Arberen kontua bukatzeko: maizterra zen eta nagusia abade bat zuen. Honek soinulariaren aitari esan omen zion, honek balkoitik jo eta jendeak kalean dantza egin ondoren: “Zure semea preso eramango dute”. “Eramaten badute, aterako dute noizbait”. Baina etxearen jabea abadea zenez, esan omen zion: “Zure faltan, nire etxean ez da zure semerik izango”. Arbek jarraitu zuen jotzen, baina azkenean etxea kenduko edo etxetik kanpora bidaliko ez bazuten, soinua saldu egin behar izan zuen, eta urte mordoan egon zen soinurik jo gabe.

A. Iban: Estuasun horrek igual eman zion arrakasta hori dantza eta erromeriari?

T. Garmendia: Askotan gertatzen da debekatutako gauzetan gusturik handiena hartzen dela. Hain gauza xelebreak gertatzen ziren; gure auzoan, Berrobin, 60 urte izango dira. Neska zen Elduaingoa eta mutila Tolosakoa; Tolosako apaiza, Elduaingoa eta Berrobikoa, hiru apaiz han. Bertan zeuden bitartean, denak sueltoan, eta alde egin zutenean, denak lotuan. Soinu jole batekin edo bestearekin hizketan jartzen bazara, zenbat holako…

X. Amuriza: Bizimodu hura hirugarren mundua bezalakoa zen, gehienbat gerraondo hurbilean. Gaur egun, munduaren gehiengoa hirugarren mundua da eta orduan geu ere gizarte primario samarrean bizi ginen. “Larunbat ingelesik” ere ez zegoen oraindik. Igandeetako erromeriak sortzen zuen ilusioa: zaharrak, gazteak, umeak, bizirik dagoen gizarte baten grina elemental oinarrizkoa. Hori biltzen zuena erromeria zen. Estresa izena ere ez zen ezagutzen: gosea izan ezik, edo etxean haserre handiak sortzen ez baziren, bizimodua ontzat jotzen zen. Nahiko bizimodu primarioa zen. Nik etxe guztietan ezagutu izan ditut edo panderoa, edo dultzaina, edo alboka, edo soinua… Musikaz bizi ginen, nahiz eta ez egunero ere, jakina. Primariotasun horrek, gero dibertsio ordua etortzen denean, gozamena handitu egiten du.

T. Garmendia: Halako gosea dantzarako, halako gosea soinurako… gaur non dago gose hori, poz hori? Soinua jotzen hasten bazen soinu jolea, batez ere neskak behintzat, soinua entzuteko zain. Soinu joleak gelditu egin behar izaten zuen bertsolaria hasteko, eta dantzan gustura zebilen jendea baztertu egin behar… Orain ematen du aseta bizi garela, pozik ezertan ez daukagula, soinujolea badago etxero, eta dantzan zenbat jende ikusten da?

X. Amuriza: Musika askozaz ere integratuagoa zegoen bizitzan bertan. Gure amamaren ahizpa batek panderoa jotzen zuen, izeko Tomasak, eta hark pandero hutsarekin bakarrik egiten zuen erromeria, Iurretako Santa Luzia auzoan, Mugarra azpian. Mutilak Arratiatik, Dimatik-eta etortzen ziren eta neskak auzotik edo inguru hurbiletik. Harentzako bizibidea zen panderoa jotzea; bere etxean ogia eta ardoa saltzen zituen, panderoa jotzen zuen eta erromeria egiten zen. Han goian, haitz azpi hartaraino, kontrolik ez zen iristen eta igandero egiten zituen erromeriak. Koplak ere kantatzen egiten zituen eta errepertorio handia zeukan. Nola seme bat ere bazuen enplegatu beharrekoa, berak begiz joa zuen neska bat bere semearentzat, eta dantzan biak ari zirenean, sekula bukatzen ez ziren piezak jotzen zituen. Berari interesatzen ez zitzaion neskaren batekin zebilenean, askoz laburragoak. Azkenean lortu zuen semea ezkontzea, ez dakit berak nahi zuenarekin baina. Erromeria hura bizitzaren parte bat zen, bizibide bat.

A. Iban: Eta noiz hasi ote zen aldatzen hori?

T. Garmendia: Aldaketak oso poliki egiten dira.

X. Amuriza: Zornotzan ere egiten ziren erromeriak, baina oso desberdinak, orkestina antzekoak. Mendiko erromerian soinu-jole bakarrak jende pila izugarria biltzen zuen. Ni arrebari laguntzen joaten nintzen Muniketako erromeriara, baina ez bertaraino. Nik ezin nuen erromeriarik zapaldu, apaizgaia nintzelako. Distantzia batetik musika entzun eta etxera, misterio guztiak han utzita.

T. Garmendia: Ezagutzen dut apaiz bat, gaur nahiko zaharra, seminariotik etorri da etxera eta esan omen zien arrebei: “Nahiago dut dantza lotuan ibili zaretela baino hilik zaudetela jakitea.”

A. Iban: Eskerrik asko etorri izanagatik eta hurrengo erromeriararte.