EPELDEREN FUNTZIO SOZIALA

Xabier Gantzarain

Epelde, mende baten soinua, 2004

        Igandero egiten zen erromeria. Eta kalekumeak ikusi egiten du Epelde, soinua bizkarrean hartuta. Hau ere bakarrik ibiltzen ote zen, ala pandero jolearekin.

        "Bakarrik. Dirua gutxi eta..."

        Pandero joleari zerbait eman beharko zitzaion, ez?

        "Ez zen asko izango..." batere ez, alegia.

        Epelde bera panderoa jotakoa da. Hamar urterekin hasi zen, eta han eta hemen jo ere bai, soinua ikusi eta harexen gogoa egin arte. Etxezakortarekin esate baterako.

        "Panderoa jotzen jardundakoa naiz baina, sekula ez nuen nik xemeko bat kobratu."

        Eta jaso ez duenak zaila da gero ematea.

        "Panderoa eraman egiten nuen. Jotzen hasten nintzenean, beti hurreratzen zen norbait... Amorratzen danak!"

        Amorratzen. Panderoa jotzeko amorratzen, dantzan egiteko amorratzen, festarako amorratzen. "Beste gose bat zegoen."

        Eskaera horri erantzuteko ibiltzen zen Epelde. Erromeriak bazkalondoan hasten omen ziren, arratsalde osoan luzatu eta iluntzean bukatu; "urteko sasoiaren arabera, goizago ala beranduago." Baina bukaera zen garrantzitsua. Bukaera aldera etortzen omen ziren dantza lotua egiteko moduko piezak. Halakoen aurka zeudenek asmatuko zuten esaera hau ere: "eguzkia ertzean, neska etxean."

        Inguru hauetan "baltseo txikia" izeneko dantza bat egiten omen zen asko. Sueltoan egiten zen, besteak bezalaxe, baina trikitian, kantatzen den puntuan, bikoteari heldu egiten zitzaion. Tarteko gauza bat, beraz.

        Epeldek funtzio sozial bat bete du alde horretatik. Ez da musiko berritzailea izan, ez du piezarik sortu, "entzundakoak jotzen saiatu" besterik ez.

        Ez da gogoratzen zenbat pieza jotzen zituen erromerietan: "lehenago jotakoa berriz jotzea libre izaten zen" enigmatiko bezain argigarri batekin erantzuten du. Hala ere, hurrena kontatutakoari kasu egitera, jakingo zituen pieza batzuk: Epeldek hirurogei bat urte ditu, eta Abadiñora joan da bazkaltzera Laja, Martirietako Sakristaua eta beste batzuekin. Tabernako nagusiak Epelde ikusi nahi du soinua jotzen. "Nik soinua jotzeagatik, piezako botila txanpaina aterako zigula. Hasi nintzen jotzen eta... azkenerako denak nazkatu txanpainarekin."

        Orduan ere 21 botoiko soinua ibiliko zuen, beti bezala: "nik beti hotabatekoa ibili dut." Epelderi Elgetaren aldaketak ez dio ezer esaten, ez da klase horretakoa.