ELGETARENGANA!

Iñigo Aranbarri

Sakabi, soinu txikiaren handitasuna, 2003

        Elgetarengana!

Faustinok ez zeukan ahazteko 1932an Elgoibarren Urte Zaharretako soro ferian ikusi zion joaldia. Miraz egon zitzaion gaztea begira. Haretxen pozean hartu zuen Eibarrerako bidea. Ordu eta erdiko bidea zuen oinez Sakabiatik Azkarate gaineraino. Han, goizeko zortzietan Azkoititik ateratzen zen Usuolaren korreoa hartu, eta Elgoibarrera. Handik Eibarrera, berriz, trenez, vascongadoetan.

        "Tratua egin nuen Eibarko estazioraino joan eta bera irtengo zela nire bila. Eibarrera sekula ailegatu gabea nintzen, baina animatu ninduten etxean eta behintzat esandako egunean han nintzen. Trenetik irten eta inor ez; halako batean han agertu zen Elgeta bere ohizko lepo painuloarekin... Horrela ibiltzen baitzen hura!"

        Orduantxe egin zuten elkarren ezagutza. Gustura kontatzen zion Sakabik galdetzen zionari nolakoa izan zen Elgetarekin izan zuen hasiera hura. Ondo gogoan izan zuen beti. Untzaga plaza ondoan, Elgeta apopilo zegoen etxe batean aritzen ziren. Batek jo eta besteak ondo begiratu, gero maisuarena errepikatzeko. Ikasteko irrikan zegoen Faustino. Egunean-egunean, atzamarrak botoietan gora eta behera azkarrago zebilzkiola irizten zion. Bi saio egiten omen zituzten, bata eguerdian eta bestea bazkalondoan. Gero, seietako trena hartu eta Elgoibarrera berriro, goizean autobusean egindako bidea oinez egiteko, aldapa gora oraingoan.

        "Handik sei kilometro oinez egiten nituen Azkarateraino eta Azkaratetik ordu eta erdiko bidea berriz ere Sakabiaraino."

        Guztira, bi ordu eta erdi edo hiru orduko bidea trenak uzten zuen tokitik.

        "Beti soinua bizkarrean. Badakizue, afizioa."

         Zortzi-bederatzi buelta egin zizkion Elgetari. Baina 1936an udan gaude, Franco eta Molaren tropak Errepublikaren kontra harrotu aginean dira, eta gerra ondoren maisuaren eta ikaslearen arteko tratuak jarraituko badu ere, etenaldia dator.

        Agurraren unea da. Elgeta gerrara doa, boluntario. Faustinok Sakabian geratzea erabaki du. Gauetan, lastasuak iristen ikusten ditu. 

        "Sendabelar kontuekin-eta hasi nahi, Faustino?"

        "Ez, nik soinua."