ELGETAREN MUSIKA IKER GOENAGAK ENTZUNDA
Iker Goenaga
Elgeta, sasiaren sustraiak, 2001
Gu baino zaharragoko trikitilari askori entzun izan diogu dozena bat kanturekin egiten zela erromeria garai batean, errepikatze aspergarrian. Elgetak sekulako kantutegia zeukan, dozenaka eta dozenaka abesti, eta ez zuen abestirik errepikatzen. Bere kantutegian fandango, arin-arin, trikitixa, porrusalda, bals, fox, pasodoble... denetarik zeukan.
Baina jolea ez ezik, sortzailea ere badugu Elgeta, bere kantu propioak egiten zituen. Hau ez zen ohikoa garaiko trikitilarien artean. Soinu txikia tresna mugatua izanik, Elgetak ongi ezagutzen zituen haren zirrikitu eta sekretu gehienak. Zenbaitetan, kanturen bat entzunda huraxe jotzen hasitakoan, ezin zuela egoki jo konturatu zen, nota batzuen faltan. Hori dela medio soinuaren goialdean bi botoi gehiago jartzeko ideia etorri zitzaion: beste oktaba gorago bat behar zuen. Halaxe egin zuen, Martzelino Larrinaga soinugileak lagunduta. Honenbestez, eskala kromatikoa osatu zuen. Eta hori da, hain zuzen, munduan diren guztien artean gure soinu txikia berezia izatea egiten duena, 23 botoi izatea ezkerrean, 12 baju alegia. Elgetak asmatu ez bazuen ere, berak osatu zuen euskal hauspoa.
Salbuespenak dauden arren, oker handirik gabe esan liteke gaurko trikitilari gehienek hiru tonalitate besterik ez dituztela erabiltzen. Tonalitate berri bat behar izanez gero, tresna berri bat hartzen dute, tonalitate hartan findua. Elgetak ordea zazpi eta zortzi tonalitate desberdin atera izan zizkion tresna berdinari. Dudarik ez dago maisu handia izan behar duela batek soinu txikia horrela erabiltzeko.
Bizia eta erritmo handikoa da Elgetaren jokera. Liburutxo honetan daukazuen diskako lehen kantua trikitixa bat da, zortzi zati instrumental eta zortzi kopla-doinu dituena. Errepara ezazue, entzun ezazue adi eta konturatuko zarete kantu honetan bost bider aldatzen duela tonalitatez. Horretaz gainera, zortzi koplak desberdinak dira. Batzuetan, diskoan duzuen laugarren kantuan bezala, inprobisatu egiten du. Konturatuko zarete arin-arin horren bigarren bueltan desberdin jotzen duela berdina "izan behar lukeen" zatia. Bertsolariak bertsoa errepikatzen ez duen bezalaxe, esan genezake Elgetak ez zuela kantu bera sekula berdin jotzen. Seigarren abestian berriz, lehenengo zati osoa ezkerreko bajuekin jotzen du, honen garrantzia erakutsiz. Hamahirugarren abestian unisonoan jotzera iristen da, hau da, gauza bera jotzen duela ezkerreko eta eskuineko eskuekin...
Elgetak aniztasuna ekarri zuen, musikaltasuna, aldaeren grazia eta sortzearen gozoa. Eta maisu handiekin gertatzen den moduan, oraindik ere ikasi egiten dugu entzuten dugun aldiro.
Mila esker bihotzez, Jazinto.