EDER, NOBLE, GRAZIOS
Victor Hugo, 1943
Igandean dantza. Udalak ordaindutako musika. Farfailez jantzitako eta itxura tristeko bi soinulari ari dira arrabita eta panderoa jotzen. Beti kadentzia bera. Hartzen dantza. Musika honetan dantzatzen dute zoriontasun serios eta sakonean munduko neskarik ederrenak. Pepa eta Pepita, bi batelerak, ahizpak. Ederrak. Biek ere badute zerbait zohar eta nobleko. Helduenak garbitasuna ordezkatzen du, gazteenak birjintasuna. Iduri luke madona bat dantzan ari diana batekin bekoz beko.
Baserritar ederrak. Arrantzale ederrak. Beltzaranak. Erreak. Sendoak. Begiramendua eta samurtasuna ekartzen diete keinuetan neska aratz hauei.
Alabaina, dantza honek antza dauka gure dantza debekatuekin. Umeek ere dantza egiten dute. Bi urteko muttikoak lasai arraunean, Pariseko udaltzainak izutzeko maneran.
Baserritar hauek beren jantzi pintoreskoekin egiten dute dantzan, alkandora zuri, gerriko gorri, bonet urdin, jakak lepoan, eder, noble, grazios, kasik antzinako.
Iratxo batzuek, masail zabal apaleko tripandiek, lebitaz eta kopako kapeluz, mespretxuzko aire batean behatzen diete. Burgesak dira.