"BIDE BERRIAK
PROBATU BEHARKO DITU EUSKAL PANDEROAK,
AURRERA EGITEKO"
Carlo Rizzo, tamburello jotzailea
Berria, 2004-06-13
Musika tresna tradizionalak berritu eta garatu behar direla uste du Carlo Rizzo musikari italiarrak; panderoari buruzko mintegi bi eman ditu asteburuon Euskal Herrian
Irune Berro - Bilbo
Hamazortzi urte zituela, tamburello eta tammorra deskubritu, eta bere kasa landu zituen Carlo Rizzo musikari italiarrak (Venezia, 1955). Panderoaren munduan ekarri handiak egin ditu; tamburello politinbrikoa eta tamburello multitinbrikoa sortu eta fabrikatu ditu. Euskal Herrian izan da egunotan Rizzo. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen eskutik, ikastaro bi eman ditu, Bilbon eta Zarautzen. Besteak beste, Joseba Tapiak, Xabier Berasaluze Leturiak eta Alaitz eta Maider bikoteko Alaitz Telletxeak parte hartu dute mintegietan.
Panderoa jotzeko tekniken gainean jardun duzu euskal pandero jotzaileekin. Zer landu duzu zehazki?
Euskal Herriko pandero jotzaileek duten teknika ezagutu dut, oso mintegi interesgarriak izan dira. Panderoa jotzeko hainbat jatorritako erritmoak irakatsi dizkiet: erritmo italiarrak, indiarrak, arabiarrak... Musika tresna beraren garapen teknikoa landu dugu, bai eta ziklo erritmikoetatik abiatutako inprobisazioa ere. Bariazio tekniko eta efektuei buruzko informazioa eman diet, tradiziotik abiatuta, panderoa berritzeko eta aldatzeko oinarriak eduki ditzaten.
Euskal panderoa berritzeko beharra sumatu duzu ala?
Bai. Urrunago iritsi nahi badu, euskal panderoak aurrera egin beharko du, aldatu, berritu. Finean, bide berriak probatu beharko ditu.
Nola eman behar da, zure ustez, garapen prozesu hori?
Ez da erraza. Tradizioa errespetatu behar da, herriaren eta tresnaren nortasuna eta kulturaren batasuna. Ezin daitezke panderoaren sustraiak gal, baina, era berean, aurrera egin behar du, garatu. Baina nik ezin dezaket esan nola egin behar duen, musikari bakoitzak erabaki behar du hori. Euskal pandero jotzaileei dagokien lana da.
Musika tresna tradizionalek aurrera egin behar dutela diozu. Zuk tamburello politinbrikoa eta tamburello multitinbrikoa sortu dituzu. Zer ezaugarri dute?
Bakoitzak bere sistema du. Larruaren tentsioaren aukera dute biek, eta txapak blokeatzeko sistema bat ere bai. Kordoia larruaren kontra jartzeko eta kentzeko sistema bat ere badute. Eta beste bat larruaren soinua hiltzeko, leuntzeko, nolabait esatearren. Horrek aukera asko sortzen ditu. Tradiziotik abiatuta soinu berriak sortzeko sistemak asmatu ditut, eta sistema horiek behar dituzten teknikak.
Ba al da antzekotasunik Italiako panderoa (tamburello) eta hemengoa jotzeko tekniken artean?
Saltarello izeneko Italiako erritmoak antz handia du hemengo panderoaren teknikarekin. Erritmo europarrak dira biak, jatorri bera dute, grekoen aspaldiko erritmoetatik abiatzen dira biak.
Eta tresnek, euskal panderoak eta italiar tamburello-ak, zer dute haien artean berdin eta ezberdin?
Italiako panderoa handiagoa da eta txapa gutxiago du. Larruaren soinua nabarmenagoa da Italiako panderoan, Euskal Herrikoan baino. Kordoia edukitzeak kantatu ahal izateko azpiko oinarria ematen dio. Euskal Herriko panderoan txapak hain dira nabarmenak, ez dago nota zehatzik.
Oso zabaldurik dago tamburello-a Italian?
Tradizio handia dago. Tamburello-a jotzeko ohitura aspaldikoa da, kristo aurreko 500. urtekoa. Antigoaleko grekoek ekarri zuten Italiara eta geroztik ez da etenik egon, beti jo da.
Eskualde guztietan?
Italiako hegoaldean, batez ere. Sizilian tradizio handia dago; ez, ordea, Sardinian. Venezian ere oso zabaldurik dago. Eta beste eskualde batzuetan ere bai. Teknikak, hala ere, ezberdinak dira tokia kontuan hartuta
Zein girotako jendeak jotzen du?
Tradizioarekin harremanetan dauden musikariek jotzen dute. Nekazarien munduan oso errotua dago, eta baliteke tamburello-a jotzen duten gehienak giro hartakoak izatea. Salbuespenak ere badaude, ordea; Napolin, esaterako, oso erroturik dago, bertan Ponpeiaren garaitik jotzen da-eta.
Ba al da tamburello-a jotzen ikasteko eskolarik?
Bai, noski. Aurrena musika tradizionala irakasten zaie gazteei, eta gero, inprobisazioak egiteko jazz teknikak. Baina eskola alternatiboak dira, kontserbatorioan ez dago tamburello ikasketak egiteko aukerarik.
Tamburello-rako eta beste tresna batzuetarako piezak egin, eta 50 diskotan parte hartu duzu. Zer-nolako musika egiten duzu?
Musika tradizionala, Erdi Arokoa, jazz modernoa eta musika garaikidea egiten dut, tamburelloa-rentzat eta beste tresna batzuentzat ere bai. Sortu dudan azken obrak Les Trans(e) tambourins du izena. Tamburello-a jotzeko lau teknika biltzen ditu obra horrek: Indiako hegoaldeko teknika, Afrikako iparraldeko teknika arabiarra, teknika europarra eta Brasilgoa.
Disko batean jasotzeko asmorik ba al duzu?
Bai, baina oraingoz ez dut aukera eduki. Ez dut disketxerik aurkitu.