Jose Arrue (Abando, 1885-Laudio, 1986), Arruetarretan ezagunena, Bartzelona, Paris eta Milanen trebatu zen. Bilbon kokatu zen azkenik, eta hemen garatu zuen bere obra nagusia, Euskal Herri menditar eta festazalearen postalak. Gisa guztietako kolaborazioak egin zituen prentsan eta liburugintzan marrazkilari moduan, eta lehen komikigileetako bat dugu. Bere koadroetan garrantzi berezia dauka erromeriak: ezin konta ahala pertsonaia mendi hegalean dantzan, ikusmiran, hizketan, jokoan... Joera folklorikoa ageri du oro har, eta komikietan diglosikoa, gaztelania ez dakien euskaldunaren "susediduak" dira bere umorearen oinarria. Arrakasta handia eduki zuen. Faxistek preso hartu zuten, etxea sakeatu eta zeuzkan margo guztiak lapurtu zizkioten.