BASATXORITXU

Hitzak: herriarenak

Doinua: herriarena

Basatxoritxu moko luzeak

basatxoritxu moko luzeak

ez igan zerura bila:

aingerutxurik behar ezkero

horra hor nire mutila.

Bere musua elurra da eta

sua bihotza eta ezpainak

bertan urturik biziko dira

nire bularra eta zainak.

Ai, nork leukezan urrezko orratza,

urre mihise eta harria

urrez hasi eta amaitzeko

seintxu honentzat jantzia!

Larrosatxuak bost orri dauzka,

krabelinak hamabi;

gure umeak gura duenak

eskatu bere amari.

Neure leihoko zirrikituak

ilunabarraren begiak,

ene umea lo datzan arte

lo egin bei eguzkiak.

Argi goiztarra betor gurera,

betoz izartxu gautarrak,

ez beiz lotsatu hor ikusiaz

buruak ilun eta zaharrak.

Begi bik ikuskizun bat dauke,

belarri biak zentzun bat,

usain bakarra surzulo biak,

bat zeru-lurrak jabetzat.

Batu beiz orain beti betiko

nire bihotza eta hirea,

seme maitea, maite izan daigun

hire eta nire egilea.