ARROLA NOR DAN

Xabier Amuriza

Rufino Arrola, Vulkanoren atzamarrak, 2002

        Rufino Arrolak errementaritzea itzi ebanean, gitxik usteko eban gazte batentzat be nekez eustekoa zan martxeari helduko eutsanik. Berrogeta hamazortzi urtegaz hasi zan, ingude ganeko mailukadak sutegian itzita, beste kutxatxo alegreari irrintziak ataraten. Hasi umetan hasi zan, baita, 14-15 urtegaz, erromeri plazak beragandu be. Handik mende erdira, ohapean gordeta egondako soinuari, edo soinuaren gomuteari, hain gorputz nekatu batek barriro heltzea pentsetako, grina demoninoren batek txingarrean egon behar eban nonon. Denporea atseginez emon alde, antxinako zaletasunera bueltau gura izatea arrazoi bistakoegia litzateke, Rufinoren izakera burdinazkoa edo urgulu makurgatxa espliketako. Txetxu Urrutiak pasadizo harrigarri hau kontau deusku:

        Behin, andreak esan ei eutsan: "Zergaitik ez zoaz hain auzotara, apur bat asaskaten?". Auzo haretan jaiak ziran eta, Rufino plazara heldu zanean, soinulari bat joten egoan. Baten batek esan ei eban berak Rufinok soinua jota dantzan egin gura eukeala, antxina lez. Gizon ha, gaztetan, Rufino mutikoaren soinuan dantzan egina zan, antza, eta haxe kapritxoa sartuko jakon. Hori entzun eban soinulariak erronkea jaurti ei eban: "Soinulari hobarik plazan badago, urten daiala". Rufinok, hori entzunda, etxera alde egin eban, inori murtik esan barik. Andreak itaundu ei eutsan: "Zer pasaten jatzu, gizon?" - "Ezer bere ez!" - "Ezer bere ez eta horren arin etxera?" - "Kantsata nengoan".  Bihamon goizean, diru zorroa hartu eta hor abiatzen da motorrean, andreari ezer esan barik, nahiz eta bat etxe bueltan topaten dauen seme bateri jakinarazo deutsan: "Esan amari Donostira joan nazala eta dirua eroan dodala eta egoteko trankil". Diruagaz, Donostiraino eta motorrean, beste arriskurik ez balego lez. Egunaren akaberan, Larrinaga-Guerrini izeneko soinu barria lepoan ekarrela itzuli ei zan, berba gitxiko baina gailen, "oraintxe ikusiko jok Bizkaiak Arrola nor dan" pentsauaz.