TRIKITI TESTUAK
|
«IZENBURURIK GABE»
AIA Aia, artzai bat bezela zaude bera begira goiko menditik. Gallur batean nun da erri bat zu bezin txukun eta politik? Gauez intz ederra zeru goitik ipar-aizea itxas-aldetik zorionaren arnas berriak artzen dituzu nunaitik.
Nere bizitza guztian ezin niteke aztu Aia'ko erriz, eta dantari jarri-azten nau bere izate kontsolagarriz; erri aundia da bere neurriz mendien sallez eta baserriz, bertan bizi den jende guzia euskaldun jatorra berriz.
Izketan asi naiz amets batek bereganatzen ninduen gaian, esan nai nuke urte batzuek nola igaro nituen Aia'n; ezagutu nun gazte-garaian gaur dagon leku polit alaian; aspalditxoan negon berari bertso batzuk egin naian.
Pagoeta ta Andatz dituzu aldemenetan zure mendiak; oien gaņetik begiratzen du berriz Ernio bikaiņ aundiak. Gizon jatorrak, berdin andriak, inguru ortan len zan jandiak, azi zituen izkuntz eder au maitatzen duten sendiak.
Izkuntza asko ikasteko're batek gazterik ditu almenak; da alegiņak garaian egin alperrik dira geroko penak; Aia'n jaio ta bertan daudenak euskeraz ongi dakite denak; erakusteko ama ta aita izaten dira onenak.
Toki onean bizi dan batek an bertan errex lezake etsi; paradiso bat da zure ori eta galtzera etzazu utzi. Aia, etzaitez zu bera jetxi, goien zaude ta goiari eutsi, edertasuan erakutsiaz Oriyo'ri ta Zarautz'i.
Itxas-aldetik begiratuta zein liteke zu bezelakorik? Edertasunak itxutzen du bat nola ez dezun bestelakorik. Nun da erri bat orrelakorik, baserri eder geiagokorik, Aia dan bezin txukunik eta bista alaiagokorik?
Neguko otza iltzen danean eguzkiaren berotasunez, denak arritu oi dira zure soro-zelaien edertasunez. Beterik zaude umiltasunez, poz eztiaren goxotasunez; doai on oiek irixten dira Jaunaren laguntasunez.
Aia, ez nuke nai iņundikan zuri begiak betiko ixterik, nola ez baitan maite dan ura ez ikustea bezin tristerik. Ortxe ibili nitzan gazterik, etzendun egin ona besterik; or pasatako urte on aiek beiņere ez dauzkat azterik.
Hitzak eta doinua: Manuel Lasarte
Manuel Lasartek Aiari jarritako bertso sorta, doinua ere berak sortu zuen bertso sorta hontarako
|