TRIKITI TESTUAK
|
«NAFARROAKO KANTU ZAHARRAK»
BOLANJERA Guti gostarik bildurik, sosak baditu okinak: baditu, aitortu daizkit, ez du lotsarik kokinak.
- Diru hoik nundik ditutzu, anderetan xarmantena? - Meraren moltsa joritik, usu heldu baita hunat.
Soldado ergelak ere jin dira labe huntara bainan gerlariak baino nahiago dut jaun mera.
Jaunxkilek ele pollitez nahi ninduten xoratu; ele pollitek ez dautet bihotza nehoiz hunkitu.
Fraile bat ere jin zautan lili buketa eskuan, bainan lorez asetzeko ez nintzan sortu munduan.
- Ni, anderea, ez nuzu ez jaun mera ez soldado, ez jauntto ez eta fraile, bainan xoilki okin bero.
- Erran duzu okin bero: zer diozu hitz horrekin? - Anderea, jitez nuzu jende amorosen okin
- Ez dut nehoiz egun arte hitz bitxi hori entzuna; nola ofizio hortan daramazu zure lana?
- Lagun har banindezazu, artoski orra nezake zure labore maitea, segur kontent baitzintazke.
Gauaz ere hor nindaike beti zure zerbitzuko, labe haga esku-pean behar orduz labatzeko.
- Zuk bederen badakizu ozarki adi-arazten ene bertute flakotik zer duzun igurikatzen.
Halere nahiago dut ene betiko jaun mera, ixil-ixila baitaki nola ni diruz ohora.
Hitzak eta musika: Herrikoiak Behenafarroan P. Lafittek kaier batetik. Doinua: Saraitzun R.M.Azkuek
|