TRIKITI TESTUAK

alfabetoz

diskoak

APOAREN EDERTASUNA (IPUINA)

«APOAREN EDERTASUNA»
JOSEBA TAPIA ETA KOLDO IZAGIRRE
GAZTELUPEKO HOTSAK, 1998

 

Ipuin honek ipuin onek bezala hasi behar luke, eta ipui onek Jainkoa behar dute, ipuinetako agure gaizto hori. Halaxe du hasiera, beraz, ipuin on honek ere: izaki guztiak sortu zituenean, Jainkoak ospatu egin nahi izan zuen bere balentria, eta berbena bat antolatu zuen goiko mandioan, abere guztiak gonbidatuta. Baina bazen kermezarako deiak sobera poztu ez zuen abere bat. Saia hurbildu zitzaion, anker, gitarra berria bizkarrean zekarrela.

" Kaixo, lagun, tristealdia daukagu? Deprimiturik zaude? - Bai... nik ezin dut hegan egin, eta inork ez nau eraman nahi...!

Egizue kontu, lagunok, apoak bazeukala arrazoirik triste egoteko, apoa ez baita edozein hegazti, apoa basatzetako urretxindorra da, eta ez daki hegan.

Bada munduan hamaika zatar Hala sortuak kantura nakar Aitortzen dizuet zintzo Nik sekretu bat daukat ordea Entzun nahi dutenentzat gordea: Ederraz nauzue mintzo

Saiak ez entzunarena egin zuen, barre ziztrin bat baino ez zion opa apoari. Hegalak zabaldu zituen, eta ornodun zatarrari bizkarra emanez zeruan gora abiatu zen, motel eta harro.

Hodei gainetara iritsi zenerako hamalau asto hasiak ziren tronpeta jotzen, baina hegazti handi eta lepagorri hura gitarraren hariak laztantzen hasi zenean, isildu egin ziren denak. Saiak, satisfos, mokoa zabaldu zuen lehen hitzak esateko, baina horra non begihandi xapal bat ageri den jauzi eginez gitarraren ahotik. Irri eta algara hartu zuten denek apoaren agertze xelebre hura, eta handik harat hegan ez zekien urretxindorra egin zen berbenaren jabe bere hauspoarekin: jauzi eta dantza, oihu eta kluka, triste zeudenak irri-malkotan eta pozik zeudenak negar-malkotan jarri zituen bere kantu alai eta sentimentalekin.

Apoa izan zen, apo zatarra, jaialdi hura zoragarri egin zuena. Jainkoak berak ere, hodeietako agure gor horrek, algara handiak egiten zituela txalotu zion despedidako porrusalda:

Loiolan ageri da Eder basilika Zeruko zergazainek Sakela kilika Kristo zintzilika Eder basilika

Bazetorren saia zeruan behera, motel eta haserre, txit haserre, gaupasa txar batetik datorrenaren bisajearekin. Horregatik egin zuen bezperan baino barre ziztrinago bat, barre ankerra egin zuen.

" Hegalik gabe, nola egin dezake batek hegan?

Apoa izutu egin zen kitarraren barruan. Eta orduan saiak apoa mokoan hartu eta lurrerantz abia zedila utzi zuen. Eta baieztatu ahal izan zuen hegalik gabe ezin litekeela hegan egin.

Apoa harriaga batean erori zen. Horregatik omen dauka, gizajoak, bizkarra kozkorrez betea.

Nik hala ikasi nuen apoaren zatartasunari buruzko mito hau, baina askotan pentsatu izan dut saiak ez dakiela kitarra jotzen, eta menturaz beste amaiera bat behar lukeela hegaldi horrek. Bururatu izan zait saiak ez ote zuen, bere amorruan, kitarra jaurti, bazekielako apoa, endredatzaile lotsagaldu hura, barruan zeramala. Horregatik ez daki orain kitarra jotzen saiak, harriaga hartan apurtu zitzaiolako. Eta askotan pentsatu izan dut, saia dela benetako galtzailea gertatu honetan. Ez ote da aunitzez tristeagoa musika ezin egina, bizkarra garatxoz betea izatea baino?

Apalik nabilen pozez Amorruan apalik Diņonat bihotzez Amorruan apalik Munduak ni beharrago nain Hi baino askozez

Ipuin onek printzesa bat eskatzen dute, eta hala dauka honek ere. Bazen behin, beraz, printzesa bat, eguzkiaren lehen printzak gazteluko leihoetan barrena sartzen direnean.

" Baina zer da hau!

Kondea mintzo da horrela, printzesaren aita. Esango didazue printzesaren aitak errege izan behar duela beti, baina egizue kontu guraso guztiontzat printzesak direla alabak. Printzesa honen aita, beraz, izaten ahal zen ikazkina edo saregilea edo zapataria, baina istorioak gaztelu bat eskatzen du, eta idazleak, ipuinetako Jainko gezurti horrek, printzesaren aita kondea zela erabaki du. "Baina zer da hau!" esan zuen beraz kondeak alabaren logelako atean, edo menturaz ez zuen deus esan, menturaz aho zabalik gelditu zen gizajoa, ahoa bete hagin, txantxarrak barkatu baldin bazizkion behintzat. Ez litzateke harritzekoa izango, egia esan, kondea hitzik ezin eginik gelditua: mutil gazte bat dauka ohean printzesak.

-Alaba maitea, zer egiten du mutil horrek zure ohean?

Printsesak nagiak ateratzen ditu, logureak dago, eguerdia arte geldituko zatekeen ohean aita azaldu izan ez balitz.

-Egunon, aita... Niri ari zinen?

Kondeak ezin du ulertu alabaren patxada.

-Baina, baina... mutil batekin zaude ohean!

Begiratzen du albora printzesak: egia da, barre inozo bat egiten dion mutil gazte ederra dauka ohean.

-A, hau?

" Bai. Hori eta bera! Nor da? Zer egiten du nire... zure ohean? Nongoa da? Nola sartu da? Zer... zer egin... zer egin dizu?

Suak hartuta mintzo da kondea, eta leiho zabaldura hurbil-tzen da, sokaren bat edo ikusten ote duen.

Alaba ere harritua dago, edo hala iruditzen zaio kondeari behintzat, baina neska hau, printzesa izan arren irakurtzen badakienez, ez da sobera harritzen mutil bat ikusita bere ohean.

" Ba... atzo arratsaldean jaso nuen putzutik.

" Putzutik? Erori egin zen? Suizidatu nahi izan zuen? Zer egiten zuen han? Pozoindu egin nahi zigun ura?

" Ez aita! Ikusi izan bazenu, hain polita zen...!

Kondea guztiz estonaturik dago bere alaba entzuten, printzesa oso neska apala eta sotila izan baita egundaino, gorteko zaldunei begiratu ere ez zien egiten, liburuetan ikasten eta izarak brodatzen ari izan da beti.

" Oso apo polita zen, gaixoa, igel isilen artean zegoen oihuka, maluren bat zeukan, eta nire gelara ekarri nuen konsolatzeko!

" Apo bat? -galdetu zuen konde jaunak, sinetsi ezinik-. Esan nahi didazu hor, hemen, zure ohean... nire gazteluan! azaldu den gazte arrotz hau, apo bat zela atzo?

" Bai aita, hala zen, apo txiki bat zen, eta oso kanta malenkoniatsuak kantatzen zituen oso, oso tenderly.

Nik daukadan malura nork dezake osa? Bide bazter batean nindutela jaurti Taupaka hasi nintzen gauaren beldurti Ni ez nauzu apoa ni nauzu bihotza

Aitok, egia esan, zernahi onartzen diegu alabei, baina kondeak, hala ere, ezin zuen apo hura hain erraz irentsi.

" Alabatxo neurea... apoa deabruaren oiloa da! - Ez aita, mutil honek printzeren bat izan behar du, sorginak begizkoa eginda apo bilakatua! Eta orain, printze bihurtua da berriz.

Horixe erantzun zion printzesak bere aitari, mutil batekin ohean harrapatu zuenean. Eta kondeak sinetsi egin zion, koitaduak ez baitzekien irakurtzen.

" Ez da posible! - Bai aita, nik bart gabon esan eta musu eman nion. Printzesa baten musua behar zuen apotxoak, printze izatera etortzeko ostera. Ez dakizu sorginaren gaiztakeria printzesa baten musuak hausten duela?

Aitak halako durduzamendu bat izan zuen alabak apoari musu eman ziola entzun zuenean, aitek ikara berezia izaten dugu-eta alabenganako: printzesak direla uste dugu, gu erregeak edo kondeak ez izanagatik. Eta apo batek alabaren musua hartzeko adina meritu ez zeukala pentsatu zuen aita honek ere; baina berehala azaldu zen konde orok, guraso izan arren, barruan daraman estatu-morroia:

" Ederto, orain badaukagu printze bat!

Eta hasperen eginik, kondeak besarkatu egin zuen apo izutu batenak baino begi handituagoak ageri zituen mutil gaztea.

-Nik erretiratzeko asmoa daukadanez, zu izango zara laster gure konterriko kondea!

Eta bart alabak baino zakarrago izan bazen ere, musu iletsu bat eman zion kondeak alabarekin ohean azaldutako mutilari. Orduan, ipuin honetan behintzat, apo izandako eta printze izateko mutila suntsitu egin zen. Garrasi egin zuen printzesak eskua leihorantz luzatuz. Kondeak ozta ikusi ahal izan zuen apo txiki bat jauzi egiten arma plazara. Eta han ere jauzika jarraitu zuen begi bistatik ezkutatu zitzaion arte. Musu guztiak ez dira berdinak: hori izan liteke pasadizo honen moraltasuna, ipuin onek behar duten bezalakoa. Baina beste ondorio on bat ere atera genezake ipuin honetatik: ez itzazula ipuinak gezurretarako erabili, egia bihurtzea nahi ez baduzu!

Apoen apokeriak Ez dira oso berriak Nik jango ditut, nik jango ditut Konde-kondesen begiak

Putzuan ezkutatu zen gure laguna, sorlekuko oroitzapenak jasotzearren. Bere apotasun ahuldua sendotzeko premia ere bazeukan, dohakabeak, halako gau zoroaren ondotik. Oihu egin nahi izan zien lagunei itzulia zela, printzesaren ohean baino gozoago egoten zela lokatzetan, baina bazuen trabaren bat mihian: ile bat, ile bat ahoan, apoak ile bat zeukan ahoan. Konde jaunak musuarekin batera emana izango zela pentsatu zuen, baina ile kirru hura eskuan ikusi zuenean, zapore gazi bat itsatsi zitzaion haren lekuan, aho-sabaian, dastatutakoek ziotenez putzu handiko urak omen zuenaren antzekoa. Orduan ametsen baten akordua izan zuen, makaltasun ezti batek hartu zuen, urtu-behar handi batean sartu zen, kantari hasi zen ahaire delizius bat...

Hezur hezearen keak Usoak alhatzen Printzesak negar egin du, Maitea, hala zen Buckimgam Palacen

Hotzikara batek zimurtu zuen istileko bakea, eta apoa ohartu zen kondearen alaba etor zitekeela berriro bere bila eta isildu egin zen, ez zuen printze bihurtu nahi, ez zuen ez gazteluetan ez jauregietan bizi nahi, putzu merkeetan bizi nahi zuen maizter, mundua ezagutu nahi zuen jauziz jauzi...

Hankak jaso zituen, bada, kondearen gaztelu hartatik. Jauzi egin zuen putzutik lehorrera, zilipurdika amildu zen gaztelua zegoen muinoan behera, egun osoan gelditu gabe jarritu zuen ortuak eta soroak zeharkatzen jauzika, jauzika, jauzika... Barre egiten zioten lintzuretako igelek:

" Nora hoa hain larri? - Printzesaren bat daukak zain?

Arnas estuka gelditu zen baratze batean. Lekak biltzen ari zen neska batek ikusi zuen:

" Zer egiten duk hemen, sapitela?

Ostiko eman zion. Jauzi guztiek baino urrunago eraman zuen neskaren laztanak gure apotxoa, lorategi batean erori zen. Mustaxa urdineko agure ihar batek begiratu zion bekoz beko:

" Lukutzarra krabelinen artean?

Garaiz egin zuen jauzi: berak zapaldutako lurrean tinkatu zen arrosondoak inausteko labana berria. Ume batzuk jolasean ari ziren harrobi abandonatura eraman zuen izuak.

" Begira, kunkun bat!

Harrika ekin zioten, eta apoak hauspoa ongi puztuta egin zuen jauzi, haizeak urrun eraman zezan, festetako globo baten gisan.

Airez aire zihoala ausnar egin zuen bere artean, bazegoela gizakietan halako gorrotoren bat berarenganako; ez zuten begi puntan ikusi nahi, eta gainera apoa esan ordez kunkuna lukutzarra sapitela moduko berba itsusiak erabiltzen zituzten. Ez zegoen lasai, egia esan. Bere ihesean urrunegi ez ote zen heldu ere, pentsatu zuen.

Luisianako lurretan dator Mississippi Ibai hori begitik sortu du apoak Zuri ez delako ta badelako ttipi Kukluxklanen bisita dauka gizajoak

Hirira iritsi zenean leher egina zegoen, hauspoan airerik gabe, gazteluko leihotik behera murgil egin zuenean patioan lehertua gelditu izan balitz bezala. Farola baten azpian gelditu zen. Argi ahula ematen zuen, espaloia baino ez zuen argitzen, ondoko lorategia ilunpean zegoen. Belarretan oso motel mugitzen zen argitxo bat somatu zuen gure apoak.

Akitua zegoen, baina goseak ere bai. Azken jauzi bat egin zuen, eta ahoan harrapatu ahal izan zuen ipurtargia. Gero, har goxo hura ezpainetan zeukala, farolapera itzuli zen ostera ihintzetan bustitako hankak eta izuan blaitutako bizkarra lehortzera, epelean lo hartzeko. Bikote bat pasa zen. - O, begira ezazu, txantxiku bat! -esan zuen mutilak. Eta apoari begira gelditu ziren biak. -Txantxikua pipatzen! -oihukatu zuen neskak.

Beste goitizen bat, beste irain berri bat! Jauzi egin nahi izan zuen apoak, baina kuku eginda zegoen, gizajoa. Mutila makurtu egin zen berarengana. Eskua luzatu zuen.

" Kontuz! Ukitzen baduzu, eskua erreko dizu! Txantxikuek pozoina dute! -Bai zera! -erantzun zuen mutilak-. Txiza egiten dute, pozoina bota dizutela sinets dezazun! -Oņatira bidaltzea, onena!

Eskuan hartu zuen mutilak. Apoak ezin zuen txizarik egin, bere gorputz ahula urik gabe gelditua zen izerditzearen izerditzez. Mutila zutitu egin zen, neskaren aurpegi parera jaso zuen. - Aaa...! Nazkagarria da! Zelako zatarra! Ikusi dudan gauzarik itsusiena da!

Neska hura, bistan da, ezagutza apurrekoa zen, edo munduari begira jarri gabea oraindik. Baina apoak barkatu egin zion, gaztetxoa zen oraindik.

" Ez, oso ederra da. Zenbat urte ote ditu? Ale heldua dirudi, arra da, begira. Musu eman behar diozu, printzesa bihurtzeko. - Ken ezazu piztia hori nire begi bistatik! - Ez zaitezela ergela izan. Ez dakizu apoaren bizkarreko likinak bufotemina duela osagarri- etako bat? - Bufotemina? -galdetu zuen neskak trufan, mutila gezurretan ari zitzaiolakoan.

Zuhurtzia handiz egin zuen hitz mutilak:

" Fister doktoreak esan zigun eskizofreniak baduela bere biokimika, eskizofreniko larrien gernuan bufotemina ageri omen da! Laugarrenean ikasiko duzue. - Fister doktorea bai dagoela burutik! - Benetan, Alice: apoari musu emandakoan, azaleko bufotemina geldituko zaizu ezpainetan, eta hura irentsiz liluramenduak izango dituzu, frogatua dago. Printze bat ikusiko duzu zure aurrean, apoaren ordez. Apoa, egia esan, bere buruaz beste egiteko zegoen: gazte haiek, antza, medikuntzako ikasleak ziren! Bibisekzio saioren batean ikusten zuen bere burua, kable batzuk giharretan lotuta Voltaren esperimentua egiteko. Baina sabela astun zeukan ipurtargia irentsi ondoren, eta logureak puskatzen zegoen.

" Nik musukatuko dut apoa aurrena -esan zuen mutilak oso ezti- eta gero zu musukatuko zaitut nire ezpain likintsuekin, musu sataniko bat izango da... Ba omen daukat pozoina Berotzen duena soina Apoa lehertu nahirik jaso du Lancre jaunak bere oina

Aiztoak tenazak zerrak xiringak pintzak orratzak zeuzkan begi aurrean, Inkisizioaren ziega nagusian zegoela uste izan zuen apoak, akelarrean ibilia zela salatuta. Baina orduan farolapetik jaso zuen ikaslearen aurpegia ikusi zuen berari so, harro eta urduri, bere ehiza nola portatuko ote zen egin behar zizkioten frogetan. Bai, lagunok, Inkisizioaren ziega baino zatiaz leku okerragoan zegoen gure protagonista, biologiako aretoan zegoen koitadua, Voltaren tramankulurik ikusi ez zuen arren.

-Apoak erabilera desberdinak izan ditu herri medikuntzan. Buruko mina kentzeko, apo larru bat lotu izan zuten bekokian antzinakoek; entzun izan dut haginetako minak gaudenean ona dela apo bati ahoa zabaldu eta tu egitea barruan; handituetarako, apoaren sabel hotzarekin igurztea komeni omen da... Tira, ez da hau gure gaurko gaia... Gizon jakintsua zen Mobbgs doktorea. Gizon jakintsuek ibili ohi duten kalpar luze zuria zeukan, sorbaldarainokoa. Eta noski, sudurrean behera labaindutako betaurreko zahar batzuk zeramatzan. Erran gabe doa soinean zuen bata, zuria izandakoa zela.

" Gaur apo irakinaren printzipioa ikasiko dugu. Pentsatzekoa da izu hotz batek hartuko zuela apoa, hori entzundakoan. Hanpatu zituen behintzat lepoko glandulak, baina doktore hura aditua zen, aurreko hanketatik heldu zuen. Untxi hil bat balitz moduan erakutsi zuen. - Ura, irakiten dago? - Bai, Mobbsg doktorea.

Ura borborka zeukan lapikora bota zuen gure ur-lurtarra. Zin dagizuet ez zuela hondoa jo behar izan jauzi egiteko, uraren kiskalgarriak berak goratu zuen sabairantz. Leihoko kristalean gelditu zen zapalduta lipar batez, gero lurrera erori zen, batetik bestera hasi zen punpaka zoro moduan. Ikasleak algara batean zihoazkion atzetik, elkarri bultza eginez eta mahien hanketan behaztopaka. Mahaietatik lurrera egin zuten hodien eta erretorten kristal hautsien artean ezkutatu zitzaien batrazioa, bufo vulgaris eremuan sailka genezakeen ale arra.

Gainezka dinat likina Amorruan gainezka Igelen higuina! Amorruan gainezka Izerditu gabe ez nagon Ni libro egina

Ez kosta gabe baina, Aliceren mutilak harrapatu zuen iheslaria noizbait tenaza luze batzuekin. Mobbgs doktore handiaren laguntzaile gisa ikusten zuen bere burua, munduko farolapeetan apoak harrapatzen. Pozik zegoen, jakina, baina are pozago zegoen Mobbgs doktorea. - Ikusten? Ur irakinetan jartzen baldin badugu, apoak borroka egiten du, ahaleginak egiten ditu bere bizia salbatzeko, eta uretik jauzi ere egin dezake oinazeak eraginda. Bete ezazue orain lapiko bat ur hotzarekin.

Apoa arnas larrituta zegoen tenazaren haginetan, eta eskertu egin zuen - ez hitzez, jakina - uretan laga izana, han ez zen itoko. Egia zen gainera, ura hotza zegoen, ez zuen gorantz eragingo zion indar erregarririk somatu. Bazuen freskatu baten premia, eta ur hartan gorde zuen burua. - Orain sutan ipiniko dugu ur hotz hau... Eta karramarroak egosten diren bezalaxe egingo dugu apotxo atsegin honekin. - Ur hotzetan ipinita eta gatza askorekin! - oihukatu zuen norbaitek. - Gatza ere bota liteke, jan egin nahi baldin baduzue gustu hobea hartuko du. Baina hauxe nahi dut ikustea denok: ura eztiro berotuko dugu eta apoa borrokatu gabe hilko da. Ura irakiten somatzen duenerako, berandu izango du, ahuldua egongo da, apurka apurka eman diogulako heriotza. Arrainontzi txiki batean bezala zegoen apotxoa medikuntza fakultateko biologia laborategian, ikasleek espezie iraungi bateko ale iraunari bezain erne begiratzen ziotela. Bazirudien gozatu egiten zuela, gustura zegoela ur gero eta epelago hartan. Eta urpetan ezin entzun ahal izan zituen Mobbgs doktorearen esplikazio interesgarriak...

-Apoa baldintza txarretan dago, bere bizia galduko du, baina bera ez da ohartzen, konprenitzen duzue? Ez du borroka egiten, ez du defentsarik sortzen, uste duelako ura eguzkiak berotzen duela, eta konturatzen denerako, hila dago, egosi egin da...

Aho zabalik zeuzkan ikasle guztiak jakintsu zoro hark. Gero, gure laguna lapikoan egosten zen bitartean eskuak ur hotzetan garbitzen zituela, Mobbgs doktoreak ikasturteko galderarik zailena egin zien laugarreneko ikasleei, apo irakinaren printzipioa Esopo zaharraren ipuin bat izan balitz bezala, bere moraltasuna behar lukeen ipuina: - Zuen iritzian, apo honen oraingo portaera, normala da, ala patologikoa da? Noizbait sutuko dira epelak Ikasiko du inoiz igelak Zertan dabilen apoa Munduko jopu guztien maitez Luzituko dut egunen batez Printze gorrien koroa

Usain ederra zetorren, lapikoko goxoa zeukan zain abadeak. Gosetua heldu zen gainera, alorretan lanean ari ziren baserritarrei Jainkoaren bakea goiz guztian egunonka banatzen ibili ondoren. Eskaratzean laga zituen abarketak, zapatila xaharrak hartu zituen txinalka. Sukaldeko lurrin sarkorra kitzikagarriagoa egin zitzaion eskaileretan gora zihoala, eta seroraren berandu zetorrelako erasiari kasurik egin gabe su gaineko eltzeak sartaginak paderak kazuelak tupinak pertzak miatzen hasi zen, ohi zuen eran, ogi kozkor bat hartuta bustigarri. - Ummm, eta hemen, zer dugu hemen?

Lapiko zaharraren tapakia altxa zuen, eta abade gulatu hark egin zuen garrasiak iratzarri zuen apoa heriotza zekarkion epeltasunetik. Ontziaren ezpainari atzaparra erantsita irtetea lortu zuen eginahalean. Sutako txapan erre zituen hanka zolak, eta inoiz egin zuen jauzirik luzeena egin zuen, eskaileretaraino. Abadeak pareteko guru-tzea bota zion "Vade retro, Deabruaren oiloa!" esanez, serorak erratza jaurti zion, zakurra xaxatu zioten... Apoa ozta salbatu zen, ateko katuaren zulotik egin zuen ihes jauzika, jauzika, jauzika.

" Nora hoa hain larri? - Printzesaren bat daukak zain?

Jauzika, jauzika, jauzika jarraitu zuen sapitela lukutzarra kunkuna txantxikua esaten ziotenen oihuak entzun gabe. Atzean utzi zituen saiak eta printzesak eta kondeak eta bikote maiteminduak eta biologia aretoak eta abade jatunak. Antartida ez beste mundu guztiak ezagutu zituen bere jauzietan apoak, euskal dantzaririk onenak. Eta beti zegoen ostikoren bat, labanaren bat, erratz ukaldiren bat, harrika emateren bat... Inork ez zuen ikusi puska batean. Ezkutatua zen, nonbait, harriren baten azpian. Baina morroilope eduki zutela ere, entzun zen.

Balada bat kantatzen behar dut nik hasi Tedworth-eko kartzelan zer nuen ikusi Enkargatu zidana orai ez da bizi Aztia zelakoan zuten errarazi

Soinu berezi eta beldurgarri batzuk hasi ziren entzuten gauez, Oiņatiko kondearen gaztelu abandonaturiko putzuaren hondotik zetozen eiagora ilunak, abiadura motelegian jiratuko lukeen diska baten eran. Batzuek, irakurtzen zekitenek, apo maiteminduaren kantua zela esan zuten, printze izan nahi zuelako berriz; beste batzuek, zientziazaleek, Mobbgs doktorearen jarraitzaileek, soinu haiek haizeak sortzen zituela zioten, kainaberen barne hutsean behera urperaino sartzen zenean...

William Drury daukat nik ponteko grazia Mundura sortu eta Irlandan hazia Eskusoinua jotzen umetan hasia Makina bat herreni dantza arazia

Kantua entzundakoan, apoak jauzi egin zuen putzura, ustez eta bertan zeukalakoan Drury lagun zaharra, inglesak bere eskusoinuaren musikarekin zoratu ondoren musikarik gabe zoroagotu egin zituen irlandarra. Taupa handitan jotzen zion bihotzak bularreko atean hondorantz zihoala.

" William, William Drury...!

Baina ez zen William Drury putzuaren hondoan zegoen gizon hura. Beso bat falta zuen, eta nekez jotzen ahal zuen eskusoinua.

" Barka, jauna... zuk... zuk ezagutu zenuen William Drury? - Bai... erre egin zuten inglesek! -gizon haren ahotsak organu hodi matxuratu batetik jalgitzen zela ematen zuen. - Barka, jauna, baina... zu nor zara? -ausartu zen galdetzen apoa. - Ni idazlea naiz! - erantzun zuen gizonak katedral huts bat beteko zukeen oihartzunaz.

Gizon hura, egia esan, idazlea izan zitekeen, lapikoak sukaldez aldatzen dituen Deabru antiklerikal hori, idazlearen laneko jarreran baitzegoen, egon ere: luze etzanda, kainabera batetik arnas hartu edo pipatu egiten zuela, ez zegoen oso garbi. Gure apotxoa harritu egin zela esan behar genuke, baina, egia aitortzera, gizajoa ur bero, epel eta hotzetan errea zen ordurako, eta hagin bat falta zuen karramarro egosia izango balitz bezain lasai gelditu zitzaion begira idazleari.

" Idazlea zara orduan... - Ospetsua! - eta oraingoan katedralaren harri guztiek lur jo izan balute moduko dardara eragin zuen hitz bakar honek putzuan. - Idazlea baldin bazara, banuke zuri zer komentatua...

Putzuaren hondoan zain zegoen idazleak ez zuen erantzun, edo irri txiki bat egin zuela erantzun gisa, esan genezake. Apoak aspaldian botatzeko zeuzkanak atera zituen penen zakutik:

-Saiak harriaga baten gainera jaurti ninduelakoa mito hutsa da, idazle aspertu batek sortua. Entzun ezazu, lehen igelak ginen denok. Korrok egiten genuen, beti musika bera, etengabean.Kondeak bere gazteluko fosoetan hazten gintuen, asko maite gintuen, ezpainak koipatzen zituen gure hankak arrautz-irin-etan frijituta jaten, gatz puntta batekin...

Igela Ergela Tripa xabal xabala Putzutik zagon Idi bati beha

Eta apoak kontari jarraitu zuen, nola eskolako umeak eta nerabe aspertuak, maiteminduak eta ezkon-damutuak, serora zaharra eta bere alaba, maisu beltza eta harrobiko hargina, hitz batean, herri guztia, txandakatu egiten zen haien isil-arazteko konde-kondesak lo egiten zuten bitartean. Nork bere teknika omen zeukan, batek ikasleak zigortzekoa erabiltzen zuen, besteak katu lapurra heztekoa, honek koltxoietako artilea harrotzekoa, hark sugearen bizkarra haustekoa: denek makilkatzen zituzten igel zalapartariak.

Idazleak malko bat eskaini zion apoaren mindurari, eta apoak indar berria hartu zuen bere bizitza kontatzen jarraitzeko, malko hura, idazlearen malkoa, uretan urtzen zela erreparatu gabe.

-Inor ura makilatzen ikusten duzunean, ez pentsa gero burutik dagoela edo alfer eginean ari dela, konde-kondesen loa zaintzen dihardu. Putzuan beti aurkituko da igel txatxuren bat zotinka edo uzkerka edo pokerka. Eta igel batzuk isildu egiten dira zigorraren beldurrez, auzoaren bizkarretik zentzatzen dira. Baina behin eta berriz zigortzen duten igelak korroka mezu bihurtzen du, gero eta minago, ahotsa aldatzeraino. Isildu nahi izan ez genuen igelak gara apook, horregatik daukagu bizkarra garatxoz betea, eta ez harriaga batean jausi ginelako berbena batetik gentozela. Gure likina, antzinako amorrua baino ez da, izerdi eta malko, biak nahaste. Makilkatuaren oihua gara apook.

Apo, apo, isilik hago Kondearen alaba lotan baitago!

Idazlea, bere putzuko ura malura dela uste duen negarti hori, isilik gelditu zen, autokritikaren bat asmatzen, menturaz.

" Zatarrak omen gara, baina ez dizkigute hankak jango. Jotzen gaituzte, eta guk hauspoa jotzen dugu. Isilik gelditu zirenek ez, haiek igel jarraitu dute, baimena emandakoan baino ez dutela kantatzen. Baina guk, apook, kantari jarraitzen dugu jipoituko bagaituzte ere, William Druryk bezala. Zatar egiten gaituen bizkar kolpatu hau duzu gure edertasuna...

Baina oraindik ere beste zerbait espero zuen idazleak apoaren ahotik, horregatik murgildua zen putzuan, hain zuzen. Bular gainera ekarri zuen, laztandu egin zion bizkar hilduratua. Apoa kantari hasi zen apotasunez harrotuta:

Ai putzuak beteak ez baleude apoz Nork emango lioke bizitza honi poz Penak uxatzen ditut eskusoinua joz Nahiago baitu bizi ahuspez baino hauspoz

Ilunabarreko eguzkiak errainu berri bat luzatu zuen, kainaberena baino askoz lodiagoa, ur azalean. Orduan apoa isildu egin zen. Belarrira egin zion hitz idazleari:

" Hi... printzesa ageri baldin baduk, hoa hi printze izatera!

Orduan bai, orduan ipuin onetako gaiztoek bezala egin zuen barre gozo bat idazleak, artista ur-lurtar horrek. Ipuin honetako gaiztoak bezala egin zuen barre. Baina apoak ez zuen horrelako juzkua egin, irri jatorra iruditu zitzaion. Horregatik gaztigatu zion:

" Adiskidea! Ur hau gero eta epelago zagok!

Baina idazleak lokartua bezala zirudien bere irri gozoan. Ez zen apoaren atzetik lehorreratu, idazleak putzuan zeukan poza: ipuina kendua zion apoari, eta hor konpon hortik aurrerakoa! Epeletik urrun, apoak jauzika jarraitu zuen, kantari jarraitu zuen mundu triste hau bere edertasunaz alaitzen, idazlea bere saldan egosten zen bitartean, printzesaren zain.

Koldo Izagirre

1998ko apirila

LOIOLAKO PORRUSALDA

Azpeitiko mutila

Inazio donea

Zenbait atso gazteri

Jasoa gonea

Ai zer gonorrea

Inazio donea

Herriaren lepotik

Mila marabedi

Loiolatarren kasta

Madarika bedi

Besteren izerdi

Mila marabedi

Oiņaztarren mutila

Han aurrean doa

Gaztelaren pausoan

Oina ta zangoa

Ederra zapoa

Han aurrean doa

Iruņan hartu zuen

Zangoko herrena

Nafarroa salduta

Etsaia barrena

Ez du okerrena

Zangoko herrena

Begira nola doan

Aldarera herren

Apostoluetatik

Jarria da hurren

Ifernuko Txerren

Aldarera herren

Orduan sortu zuen

Jaunaren armada

Munduko gerra zikin

Guztien ama da

Inon beltzik bada

Jaunaren armada

Jainkoaren aldeko

Beso armatua

Dolarrak aspaldian

Ongi xarmatua

Ustel xamartua

Beso armatua

Loiolan ageri da

Eder basilika

Zeruko zergazainek

Sakela kilika

Kristo zintzilika

Eder basilika

Hizketa leuna du

Kristoren morroiak

Sotana beltza baina

Zuriak sermoiak

Loiolan zer lohiak

Kristoren morroiak

Urolako lohietan

Kli-klu kli-klu kli-klu

Horra santu batenak

Gaur zenbait meritu

Inaziok baditu

Beste hainbat kli-klu.

Hitzak: Koldo Izagirre

Musika: Joseba Tapia

ZAPATAPEAN

Ederra eta Piztiaren Solasa

Heure buruaz lotsa zatar ez bestea

Arin ezkutatzen haiz parte gaiztokoa

Somatzen baldin baduk inoren pausoa

Gorrotagarria zaik ilargi betea

Beldurtu egin nauzu aitorten dut zinez

Harri baten azpian gorderik ardura

Edo baldarki jausiz edozein putzura

Hanka egin behar dut zu maita ezinez

Apo, apo,

Isilik hago!

Kondearen alaba

Lotan baitago.

Inoren begirako egina ez hago

Bizkarra likin eta eztarria lakar

Ez duk harritzekoa bizitzea bakar

Zein erruren ordainez sortu hintzen apo?

Nire itxura ez da ezeren zigorra

Nazka eman badizu nik daukadan antzak

Liluratuko zaitu ene kantu latzak

Ni naiz basatzetako ai urretxindorra

Apo, apo,

Isilik hago!

Kantari ematen duk

Itsusiago.

Hire kli-klu harroak ez zirudik hitza

Baizik deabruaren herrenaren hotsa

Hartzen baldin badiat eskuan bostortza

Bertan isilduko haut bufo vulgarisa

Nik daukadan malura nork dezake osa?

Bide bazter batean nindutela jaurti

Taupaka hasi nintzen gauaren beldurti:

Ni ez nauzu apoa ni nauzu bihotza

Apo, apo

Isilik hago!

Ene zapatapean...

Isilik hago!

Apo, apo

Isilik hago!

Ene zapatapean...

Hi hilik hago!

Hitzak: Koldo Izagirre

Musika: Joseba Tapia

BIZI NAIZEN PUTZUAK

Putzuz putzu nabilela

Amorruan puztuta

Dinostan igela

Amorruan puztuta

Patxadari naun aspaldion

Emana gibela

Malko garratzenen ura

Dator ene putzura

Jauzika zakinat oinez

Amorruan jauzika

Urrunaren minez

Amorruan jauzika

Pausoz pauso hobe nukeela

Ez nezaken sinets

Malko zintzoenen ura

Dator ene putzura

Zikina dinat aztarna

Amorruan zikina

Bideetan barna

Amorruan zikina

Ni ez bainaun lotsa sartzeko

Gorotzetan hanka

Malko garbienen ura

Dator ene putzura

Gainezka dinat likina

Amorruan gainezka

Igelen higuina!

Amorruan gainezka

Izerditu gabe ez nagon

Ni libro egina

Malko ederrenen ura

Dator ene putzura

Apalik nabilen pozez

Amorruan apalik

Dinonat bihotzez

Amorruan apalik

Munduak ni beharrago nain

Hi baino askozez

Malko beroenen ura

Dator ene putzura

Zakarra naun ni larruan

Amorruan zakarra

Azal 'ta barruan

Amorruan zakarra

Halare gozo ikasiko dun

Nirekin marruan

Malko eztienen ura

Dator ene putzura

Kli-klu egiten dinat hitz

Amorruan kulunka

Zenbait mezu likits

Amorruan kulunka

Ez ninake hain garbi egingo

Berbaduna banintz

Malko gordeenen ura

Dator ene putzura

Hitzak: Koldo Izagirre

Musika: Joseba Tapia

IGELA IDIARI BEHA

(Eta apoa igelari)

Igela

Ergela

Tripa xabal xabala

Putzutik zagon

Idi bati beha

Idia

Lodia

Tripa jori-joria

Janik bazka on

Etzen beldur meha

Igelak idiari

Nola duk tripa hori?

Idiak igelari

So'gizan bada niri!

Nahi dun txitxi?

Re ke ke ker, kerre kroak

Letania grekezkoak

Behar ttun utzi!

Nahi dun puztu?

Ahoa ezan mutu!

Izan nahi duk lodi?

Uzkia josi!

Igela

Ergela

Ernari baitzen laster!

Ahotik

Uzkitik

Aingira bezain isil!

Pokerrak

Uzkerrak

Barnerat guziak bil...!

Ez ote da ezinbertzea

Igel ergela lehertzea?

Hitzak: Oxobi (1888-1958). Koldo Izagirrek moldatua.

Musika: Joseba Tapia

WILLIAM DRURYREN BALADA

(Soinujoleon martiriaren istorioa)

Balada bat kantatzen behar dut nik hasi

Tedworth-eko kartzelan zer nuen ikusi

Enkargatu zidana orai ez da bizi

Aztia zelakoan zuten errarazi

Inglaterra handia itsasoaz harat

Leku makurragorik munduan ez da bat

Musikariak ditu hartzen matxinotzat

Nor ibili da jotzen eskusoinua bart?

William Drury daukat nik ponteko grazia

Mundura sortu eta Irlandan hazia

Eskusoinua jotzen umetan hasia

Makina bat herreni dantza arazia

Lord Hamilton jauna da buruz iletxuri

Loa bildu ezinak jartzen du urduri

Hauspoa kendu eta giltzapera

Drury Soinularia zuten soinu gabe utzi

Hamarrak jo orduko soinuak zuen jo

Druryk bezperan baino are ederrago

Gaua pasa genuen kantu eta txalo

Ingles haiek ordea nagi dantzarako.

Tedworth-en denek zuten erraiten ai ene

Lord Hamiltonek eta Lady zaharrak ere

Soinua omen zela soinuen errule

Ene hauspo ttipia plazan zuten erre

Musikarik gabeko gaua da tristea

Zailago dute orai begiak ixtea

Sorginduak daudela dator albistea

Han ere bazeukaten horren sinistea

Hauspoa suntsituak bere pena zor du

Uste dut betirako zaretela gortu

Moztasun triste honen erantzuna nork du?

Nik ez dut ezer sortzen soinuak nau sortu

Bakea nahi zenuten soinu hori errez

Tedworth-en egiten da justizia errez

Maluren eztigarri musika da berez:

Lo eginen duzue baina ametsik ez.

Lord Hamiltonek zeukan bihotzari esker

Soinularia sutan dantzatu zen laster

Aztia zelakoa ez zegoen oker

Druryk apo ttipi bat egin zuen poker

Tedworth-eko herria

Zer herri isila

Mutua dago beti

Dorreko ezkila

Soinuak bereizten du

Bizia ta hila

Inglesak ikaratzen

Drury zen mutila

Hitzak: Koldo Izagirre

Musika: Joseba Tapia

HEZUR HEZEAREN KEA

Hezur hezearen keak

Haizeari nora

Urrundik dator mendekuz

Doinu bat ahora

Kantuz nadin zora

Hezur hezearen keak

Zeruetan mezu

Soinuaren maisuari,

Maitea, errazu

Nork eman dion su

Hezur hezearen keak

Zerua nabarrez

Lausotzen dizkit begiak

Maitea, sugarrez

Baina ez negarrez

Hezur hezearen keak

Zabaldu dezala

Ni naizela, Drury, zure

Zureko ezpala

Anaia bezala

Hezur hezearen kean

William Drury datza

Hodeietan finkatzen da

Ametsen ardatza

Zer egia latza

Hezur hezearen keak

Usoak alhatzen

Printzesak negar egin du,

Maitea, hala zen

Buckimgam Palacen

Hitzak: Koldo Izagirre

Musika: Joseba Tapia

APOKERIAK

Maitasunaren arlote

Igelek hala diote

Mihi gaiztoek naute bihurtu

Apo nintzena apote

Bele samaldak artotan

Gezurra dabil ahotan

Akelarrean ari nintzela

Serorarekin apotan

Ba omen daukat pozoina

Berotzen duena soina

Apoa lehertu nahirik jaso du

Lancre jaunak bere oina

Beltza da gaur gauerdia

Sarobean da ardia

Torturatuak salatu du nik

Jan dudala ilargia

Apoen apokeriak

Ez dira oso berriak:

Nik jango ditut, nik jango ditut

Konde-kondesen begiak

Alerik gabe lokotxa

Mamirik gabe morkotsa

Makilka eman digute baina

Entzuten da apo-hotsa

Auzoan daukagu lotsa

Hitzak: Koldo Izagirre

Musika: Joseba Tapia

PUTZU GUZTIEK DUTE HONDOAN APOA

(Apoen nazioartekotzaren ereserkia)

Kazan hiritik zabal pasatzen da Volga

Popeak agurtu du ostikoz apoa

Kosako zuri denak daitezela olga

Pikutara joan da sobieten aroa

Lisboako zubiak edertzen du Tejo

Pessoa lagun zaharra bildu du apoak

Tabernara kantari zabuka dute jo

Poetarik onena ontzen du ardoak

Luisianako lurretan dator Mississippi

Ibai hori begitik sortu du apoak

Zuri ez delako ta badelako ttipi

Kukluxklanen bisita dauka gizajoak

Ai putzuak beteak ez baleude apoz

Nork emango lioke bizitza honi poz?

Penak uxatzen ditut eskusoinua joz

Nahiago baitut bizi ahuspez baino hauspoz!

Parisko jauregiek behar dute Sena

Versallesko loreek bezala apoa

Komunako iraultzan gorri izan zena

eskuin aldera dator oker du zangoa

London aberasteko dago Tamesia

Ate denetan jo du lan-eske apoak

Robin Hoodek aspaldi hautsi du gezia

Orain beste beso bat behar du arkoak

Alkairo zikin hartan isurtzen da Nilo

Alaren urrikia otoi du apoak

Pobre sortu den horrek inon ez du giro

Hanka bat lehertu dio Aliren autoak

Ai putzuak beteak...

Buenos Airesen bada Rio de la Plata

Bazter hartatik dago oihuka apoa

Ura badauka baina zilarra du falta

Piazzolak bezain triste jotzen du tangoa

Baionan itsasora zabalik Aturri

Hemen ere bizitzen lan dauka apoak

Egalitatez labur libertatez urri

Ez baitira zilegi hark dauzkan asmoak

Amazonas Danubio Ganges Po Zanbezen

Mundutxo hau denean nahiko txarto doa

Baina ez dezagun gal esperantza ezen

Putzu guztiek dute hondoan apoa

Ai putzuak beteak...

Hitzak: Koldo Izagirre

Musika: Joseba Tapia

BIZI NAIZEN UTOPIA

Bada munduan hamaika zatar

Hala sortuak kantura nakar

Aitortzen dizuet zintzo

Nik sekretu bat daukat ordea

Entzun nahi dutenentzat gordea:

Ederraz nauzue mintzo

Basatzetan bizi nintzelako

Su garbi batek behetik gorako

Gogor egin zidan bultza

Barka nazazu banabil trakets

Egunero dut egiten amets

Heldua dela iraultza

Noizbait sutuko dira epelak

Ikasi beharko du igelak

Zertan dabilen apoa

Munduko jopu guztien maitez

Luzituko dut egunen batez

Printze gorrien koroa

Ez baldin badit egiten uko

Ene musuak du esnatuko

Ipuinetako lotia

Maitemindua nago ederraz

Ez dut usteltzen utziko erraz

Bizi nauen utopia

(Horrek galduko nau, beraz)

Hitzak: Koldo Izagirre

Musika: Joseba Tapia