Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

UROLAKO TRIKITI ALTXORRA

 

Berria, 2004-03-19

 

        Urola bailaran garai bateko erromerietan jotzen ziren trikiti pieza zaharrak berreskuratu eta grabatu dituzte Imuntzo eta Belokik. Loiola irratiko artxibo aberatsa izan dute iturri nagusi

Mikel Lizarralde - Donostia

        Gipuzkoako Urola bailaran, eguneroko bizitzaren parte garrantzitsua izan dira, urteetan, soinu txikia eta haren laguntzaz giroturiko erromeria eta festak. Herri identitatearen eta herri kulturaren isla bihurtu dira bata eta bestea, baina nekazari guneak hustutzen joan diren heinean, herri izaera hori ere aldatzen joan da ezinbestean, eta garai batean egunerokoa zena gorde beharreko kulturaren parte bilakatu da denborarekin. Lan horretan eman dute azkenaldia Imuntzo eta Belokik, eta Urolako trikiti pieza zaharrak berreskuratu dituzte Ganbaran bai (Urolako trikitixa) disko berrian.

        Elkar disketxeko Anjel Valdesek atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, trikitilari bikoteak egin duen lanak "gogorarazten digu herri musikan, beste une sendoagoak izan ditugula, alaiagoak eta garbiagoak. Azken batean, herri musika herri langileak herri langilea alaitzeko eta pizteko egindakoa da, eta bilduma hau mundu horren isla zuzena da". Ganbaran bai lanarekin, Imuntzo eta Beloki-k bi helburu bete dituztela aipatu zuen Valdesek: "Alde batetik, Urola bailara magiko horretan hainbat trikitilarik egindako lana gogoraraztea, eta bestetik, azken berrogei urteotan biltze eta grabaketa lan itzela egin duen jendea omentzea".

        Izan ere, 60ko hamarkadaren hasieraz geroztik Loiola Irratiak egindako grabazio andana dago diskoaren oinarrian. Ordura arteko diskografia oso urria zenez, 1961ean irratia sortu eta berehala hasi zen Joxe Mari Iriondo trikitilariak grabatzen. Laja eta Beizamako Motzak, Sakabik, Epeldek, Zabaletak eta beste hainbatek Loiolako irratian grabatu zituzten trikiti piezak, eta altxor hori berreskuratu dute. "Guk bagenekien grabazio zahar piloa zegoela irratian, eta Laxaro Azkunerekin hitz egin ondoren, hark baimena eman ez ezik, poztu ere egin zen, grabazio haiek pixka bat utzita zeudelako", azaldu zuen Imuntzok.

        Nahiz eta grabazioak nork eginak ziren jakin, piezak norenak ziren edota nondik zetozen jakitea falta zitzaien, eta hor arakatu nahian, trikitilari zein adituengana jo zuten: "Epelderekin, Lajarekin, eta Zabaletarekin ez ezik, Iriondorekin ere hitz egin genuen, berak egindako lana izanik, informazio handia zuelako. Eta Jose Inazio Ansorenak ere eman zizkigun datu batzuk". Horrekin guztiarekin "garai bateko erromeriak zer ziren" jakin ahal izan dute, eta Ganbaran bai diskoan 23 pieza grabatu dituzte; gehienak kalejirak, fandangoak eta arin-arinak: "Dena dela, erromerietan ez zen bakarrik dantza askatuan egiten eta dultzemeneoko dantzak ere estimatzen zituzten. Horregatik, diskoan bals, pasodoble, tango eta fox-trot bana (Sena, Zorabiyue, Helduiok eta Boogie boogie) sartu ditugu, lehengo erromeria giroa islatzeko".

        Helburu berarekin, Jimmy Arrabitek bere garaian oso ohikoak ziren perkusio tresnak jo ditu diskoan: txinatar kaxa, trikitiaren maleta eta botila, besteak beste, "panderoaren laguntzaile izaten baitziren askotan". Esme eta Gotzone Sestorainen irrintziek biribildu dute lana.

        Doinuen alorrean ez bezala, hitzetan nolabaiteko basamortu bat aurkitu dute pieza zaharretan. Belokiren ustez, "lehengo erromerietan ez zuten ahotsa anplifikatzeko aukera, eta zaratarekin ezinezkoa egingo zitzaien kantatzea. Hori dela-eta pieza kantatu gutxi aurkitu ditugu". Hala ere, bazekiten kantatu kantatzen zela, eta kopla zaharrak berreskuratu nahian Iturbiderekin eta Landakandarekin hitz egin dute eta baita Juliana Zubizarreta elgoibartarrarekin ere. "Kopla zahar batzuk topatu ditugu; ez denak Urolakoak, eta horrela lau kantu osatu ditugu, Urak haundi, Juliana, Pagausoa eta Heldu arratsian".

 

Hitzak, festa pribatuetan

        Erromerietatik kanpo, "festa pribatuetan", trikitilariek kantatzen zutela adierazi zuen Belokik: "Erromeria bukatuta, batzuk etxera edo neskarekin joaten ziren, baina beste batzuk, ordea, elkartera, eta han kopla ugari kantatzen zen. Nahiko matxistak ziren, baina beren garaiko gisa ulertu behar ditugu". Horren adibide, Iturbidek Elgetari jasotako hau aipatu zuen Belokik:

 

                Oraingo neskatilak

                saltaka saltaka

                pixa egiten dute

                tantaka tantaka.

 

        Eta baita Landakandari jasotako beste hau ere:

 

                Udaberria da-ta

                Manuela bero

                haretxek ematen du

                eskatu ezkero.

 

        Zubizarretarekin izandako solasaldiei ere oso aberasgarri iritzi zien Belokik: "Sukaldean erromeria bat egin nahi zuen, eta hara joan ginen Imuntzo eta biok. Hasieran urduri zegoen, baina halako batean, bere 93 urteekin, altxatu eta panderoa jotzeari ekin zion. Gero, berriz, bere garaian errebelde samarra izango zen beste kopla hau kantatu zigun:

 

                Mendi altuan elurre

                herri erberan izotza

                zugandik aparte nao-ta

                alegre daukat bihotza.

 

        Horrek adierazten digu lehen ere ez zela dena eliza".