Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

URKIOLAKO EGUNA

 

Lauaxeta

Euzkadi, 1931-VI-13.

 

        Urkiolaro eguna dogu gaur. Andoni deunaren eleiza nork ez dau ezagututen Euzkadi osoan? Arkaitz artean jarrita datza eleiz eder ori. Ara doaz euzko semeak, batzuk euren osasun billa, besteak gandur aietarik ibarren eta arroen edertasuna ikusteko.

        Goizean laiñoz estalduta dagoz mendiak. Eguzki printzak agertu baiño leen eleiza osorik dago. Kristauak goizetik agertuten deutsoe Andoni deunari euren maitasuna.

 

                Aita San Antonio

                Urkiolakoa

                Askoren biotzeko

                Santu Debotoa.

 

        Leenetan askoren biotzeko maitea da Andoni Deuna.

        Zoaz Urkiolara ta an ikusiko dauzuz, txadon barruan amaikatxo oroigarri, ontziño politak, errenen tramankuilloak eta abar. Euzko erkietatik doaz araiño, batez bere lurlangilleak, abereen osasun billa. Zenbat bidar ikusi doguz beeruntzean bidezabaletan odola dariola. Aldatz ikaragarri areik zear pozik joiazan, benetako siñismena biotzetan eroiela:

 

                Askok egiten deutso

                San Antoniori

                Egun batean joan ta

                bestean etorri.

 

        Bai orixe, batean joan eta bestean etorri, egun baten ezin ikusi eta oratu daitekezalako ango edertasunak eta goralbenak. Arkaitzak zeruraiño burua jasoten dabe, zugazti orritsuak itzal dagie.

        Edestiak diñoskunez, orain zazpireun urte eldu zan Andoni deuna Urkiolara ta bertan gau osoan otoitz egiten egon zan. Odolez euzkotarra dala entzun dogu ta gauza erreza ez dan arren ori jakitea, onerazpenez beintzat euzkotarra dogu Deun au.

        Gaiñera siñismenak antxe batu dauz Andoni deun biak. Batek bere oinpean dager txarritxo apala, abereen osasuna beragan dagoala erakusteko. Besteak umetxo kutuna eskutan dager, Kristogan ezkerra zabalduteko datza. Igon zadiz eleiza aretako torre gainera ta Araba guztia, Gipuzkoa ta Bizkaia ikusiko dozuz. Mendi goiak maite dabez gure deunak. Sinismenak zenbat eta eragozpen geiago euki, obeto eroaten dauz, eta Begoña, Arantzazu, Estibalitz, Aralar eta beste mendi goi asko entzutetsuak dozuz Euzkadin. Mendiak baiño sendoagoa da euzkoen siñismena.

 

                Durangon bazkalduta,

                Mañaritik gora

                Aldatz andia dago

                San Antoniora.

 

        Bai, aldatz andia dago, baiña zenbat euzkotarrek igaro dabez aldatz oneik izerdi ta nekearen bildurrik gabe. Eta urteetan pozik igon bagara, aurten zazpigarren eundia ezagututen danean, geiago elduko gara bertaraiño, geure maitasuna agertuko dautsogu Deun orreri. Ikusi dagiala mundu guztiak euzkoen siñismen eta fedeak mendiak baizen iraunkor iraungo dabela. Anboto goiak zutunik dagozan artean, geure fedeak iraungo dau.

        Laiño zuriak dabiltz mendiz mendi, arkaitzak eguzkiaren mosua leenengoz artuten dabe, geure biotzak araxe eldu bitez zeruko eguzkiaren mosua gozartu daigun. Urkiolako Deunak zaindu gaizala.