Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

ARRATEN TRIKITILARIEN OMENEZKO JAIALDIA

Otola eta Kataolatzari gorazarre

 

Izarraitz. 1974-09-15

Argia. 602 zbkia 2. or.

 

        Trikitilariei, jaialdi berezi bat eskainiko zaie aurten ere. Usurbilen eman zitzaion hasera, Azpeitian hurrengo, eta, aurtengoan, Irailaren 22an, Arrateko mendigain ederra izango dugu, trikitilariei eskainiko zaien omenaren batzarleku. Bertana bilduko zaigu Euskalerriko soinujole pila bat. Gogoan ditugu, Usurbilen eta Azpeitian ospatu ziren egun bikain haik! Trikitilariek ezezik Herri osoak parte hartu bait zuen harako omen haitan.

        Zeruko Argia, bere garaian, Usurbilgo eta Azpeitiko omenaldiaz biziki arduratu zen; eta aurtengoan ere, Arrateko omenaldiaz bat eginik, bere bereak dituen trikitilariei GORAZARRE egin nahi die.

        Arraten omenduko den trikitilari bat, Jose Kruzulegi "Kataolatza" dugu. 1921garrengo Urtarrilaren 2an jaio zen. Azkarate azpiko Parapan baserri bikainean bizi da, ezkonduz gero. Bost alaben aita; egunez, Elgoibarko aroztailer batetan irabazten du ogia. Eta gainontzean, hementxe, baserriko lanak eginaz bizimodua tajutzen. Zertara etorri gatzaizkion agertu diogunean, pittin bat poztu egin zaigu. Beharbada, Arrateko omenaldiak, berak uste duen baino garrantzi haundiago duelako. Sukaldera sartzeko erregutu ondoren pittarratik ateratako ardobeltz zurrapa bana eman digu.

        Joxe, galdera batzuekin emango diogu gaurko solasaldiari hasera. Lehenbizi, esaiguzu noiz sortu zitzaizun soinujotzeko gogoa.

        Oso gazterik, mutilak, oso gazterik. Hamaika urte besterik ez nituela, aho-soinu bat inguratu nuen. Garai haietan, baserrietako mutilkoskor mordoska bat, igandero, Madarixara biltzen ginen jai arratsetako orduak jolastera. Nik aho-soinua jotzen nuelarik, ez dakizue, nolako neskamutil pila biltzen ginen eta zeinen erromeri politak egiten genituen. Handik sortu zitzaidan zuek galdetu didazuen soinujotzeko gogoa.

        Eta geroztik, beti soinujotzen?

        Baina urte haiek ez ziren gaurkoak bezalakoak. Egunaren ordurik gehienak lanez beterik izaten genituen, eta modurik ez geure ametsak betetzeko. Hamasei urte nituen sasoian, aitak, bost duro pagatutako soinu bat ekarri zidan. Hura poza: nerea!

        Trikitixa jotzera, mendi-erromeria askotara joaten ahal zinen?

        Bai motellak, majina bat ibili egindakoa nauk! Larraskandon, Kurutzetan, Hirukurutzetan, Madarixan, Martiten, Pol-Polen, Iturriotzen, Oiñatzen eta beste askotan. Madarixan eduki nuen plaza. Jaiero han jotzen hasi nintzen. Dantzan egiten zuten gazteei txakurrandi bat kobratzen genien. Jai askotan hamahiru peztatik gora biltzen nuen!

        Txakurrandi bat kobratuz, diru pila hura biltzeak, erromerizale asko biltzen zitzaizula esan nahi du, ez dea?

        Jendea bil? Bai, halajaina. Hasi Oxintxu baileratik eta Martite, Saloretzo, azkoitiar, azpeitiar eta abar, biltzen zen hemen. Haiek ziren erromeriak, haiek! Geroztik, jendea fubolera eta batere entenditzen ez duen tokitara abiatu zen.

        Libertaderik izaten ahal zenuen, soinua jotzeko?

        Ez dakizue asko nola ibiltzen ginen. Azkaraten zegoen muga Azkarate pasa ezkero, dantza-lotua egitea, libre. Baina Madarixan ez! Madarixa eta Martiteko plazetan, Azkoitiko aguazilak, hiru aldiz multa bota zidan. Eta dena zergatik? ba askotan, soinujoleak uste gabe, gazteak dantza-lotuan hasten zirelako. Orduan, erromeriak, Madarixatik Kurutzetara aldatu ziren; hemen libre zen dantza-lotua. Kurutzetan, bederatzi urtetan jo nuen soinua. Biltzen nuen dirua neretzat izaten zen.

        Soinujotzen, maisurik izan ahal duzu ?

        Maisu izendaturik ez dut izan. Soinua jotzen, neure gisa ikasi dut, belarriz beti. Belarri onekoa izan naiz. Bestela, jakina, ez nuen trikitirik joko. Sakabi adiske maiteak, piska bat lagundu zidan. Gainontzean nere kontura. Noizik behin Gelatxoren andreak panderoz laguntzen zidan.

        Joxe, hemen argazkian, soinu berriarekin ikusten zaitugu. Norbaiti irakasteko asmotan erosi ahal duzu soinu berria?

        Oraintsu erosi dut soinu berri hau. Esan dizuet lehena 25pezta ordaindu zuela nere aitak. Berri hau, nik 25.000 pezta pagatu dut. Nik Zabaletari bakarrik irakatsi diot zerbait. Oraindik, soinujotzeko gogo beterik bagoelako erosi dut soinu berria.

        Galduko ote da trikitixa?

        Sekula baino fede biziagoa dut, biziko dela. Aspaldion asko indartu da, gaur ere soinujole onak ditu Euskalerriak.

        Arrateko omenaldirako pozez beterik dagoela esanaz, agurtu gaitu Kataolatza jatorrak.

 

* * *

 

        Bitor Gurrutxaga "Otola", Izarraizpeko Otola baserrian sortua dugu. Bere baserriko izenaz deitzen diote. Azpeitiko kalean bizi da; lau semealaben aita da eta ogibidez txoferra. Gizon apala eta umore onekoa dugu Bitor Otola. Elkarrizketa bat egin nahi geniola jakin zuenean, parre egin zigun. Halakorik, berak egin zezakeenik, ez zuen uste. Baina erregu bat egin zigun: "zatozte Iturbide baserrira, hantxe egin behar dut soinujotze saio bat neure maixu Patxi eta beronen anaia Bonirekin. Elkarrizketa egokia, sagardoa edanaz, Iturbiden egingo dugu". Ez zitzaion asmo makala bururatu gure Otolari! Larunbat iluntzean Iturbide baserria eztaietan zegoela dirudi. Hango alaitasuna, umorea eta edarien aukera! Trikitilari bati elkarrizketa egiteko, non Iturbiden baino leku egokiagorik?

        Bitor, hemen ikusten zaitugu, zure maisu eta panderojotzailearen erdian soinujotzen. Gaztetan bezala, orain ere, Iturbideko "eskolara" soinujotzen ikastera?

        Hementxe aurkitzen dut neure gustoko giroa. Gaztetan ere honaxe etortzen nintzen, Patxik emandako irakatsiak jasotzera. Patxi maisu eta beronen anaia Boni, nere pandero-lagun izan dira.Beraz, nere soinujotzea Iturbidetar hauei lotua dago.

        Zu ere, aspaldidanik hasia izango zara, soinujotzen.

        Jesus!! Aurreneko aldiz, Santaeskean, hamaika urterekin hasi nintzen. Bittor, prakamotxak zeuzkan garaian, berau baino soinu haundiagoa hartuta etortzen zitzaigun Iturbidera. Baina demonio hau, soinujotzen ez behar bezala saiatu, bestela, hemen inguruko soinujotzailerik onena, hau genukeen.

        Halare ibiliko zinen erromeriaz-erromeria, ezta?

        Hauek edozer gauza esango dizuete. Baina gerra aurretik, ni eta Bonik pasa gabeko erromeria asko ez da izango. Aurreneko aldiz, bizikletan, Elkanora joan ginen, gero Aittola, Ernio, Urdaneta, Altzola, Aia, Oiñaz, Korostieta eta hitz batez esanik, mendi mutur guztietara iritsi ginen.

        Erromeriak, nork eratzen zituen? Eta nolakoak egiten zenituzten?

        Oso modu berezian eta askotan bapatean. Nahikoa izaten genuen, soinua hartu eta mendibidean joaz erromeria tokira abiatzea. Ingurutako gazteek berehala biltzen ziren gure ondora. Erromeria beti, jakineko tokian ospatzen zen. Arratsalde erdirako hasi soinujotzen eta iluntzean, ia neska gazteren bati laguntzeko modua izaten genuen! Horrelaxe alaitzen genituen gure jaiak.

        Ohitura berezirik ba ahal zenuten, zuok, "Iturbide eskolakook"?

        Bai, guk, Aia aldeko zenbait ohitura ere geuretzat hartu genuen. Hauetako bat oilasko biltzea zen: soinujolea aurrean har eta baserriz-baserri oilasko eskean ibiltzen ginen. Egun batez, larogei oilaskotik gora bildu genuen, gero denak lagunartean jan. Trikitixa, Oxintxu, Azkarate, Zumarraga alde horretakoa da berez. Urolaldean, Beterriko beste soinu motelago bat zegoen; guk, egiazko trikiti doinu bizia ekarri genuen alde honetara. Gelatxok eta maisu haiek ibiltzen zuten trikitixa.

        Trikitixa jotzeagatik, zigorrik etortzen ahal zitzaiezuen?

        Bat oso izugarria. Egun hartan Txalintxon ginen; multarik ez botatzearren, Azpeitiko partetik Azkoitira pasatzea erabaki zuten. Zer gertatuko eta mila errealeko multa! Gure lagun azkoitiarrek, ordaintzeko dirurik ez zeukatela eta, genituen ardo guziak edan eta gorri-gorri egin da, zentimorik gabe utzi gintuen alazankoa!

        Gaurko trikiti giroa nola ikusten duzu Otala?

        Gustatzen zait gaurko giroa. Ez dedila gal gure soinu maitea. Gaxteei aurrera, gure bide zaharrei jarraitzeko eskatzen diegu.

        Arrateko omenaldiak poztu ahal zaitu?

        Ni baino merezimendu gehiagokoren bat egongo da omentzeko. Nik ez nuen uste aukeratuko nindutenik; baina istimatzen dut omenaldi hau eta Arratera pozik juango gara. Otelak eta Bonik berriro beste lau pieza jo dizkigute "hauek Zeruko Argiako irakurleentzak eskaintzen ditugu, esanaz". Zorionak guztioi, eskerrik asko eta Arrate aldean egun bikain bat pasa dezazuela.