Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

NAFARROAKO TRIKITIXA, EGUN IGARO BERRIAZ

 

Mikel Mundiñano

Nafarroako Trikitixa Elkarteko Lehendakaria

Berria, 2004-06-26

 

        Ukatzerik ez dago trikitixaren, soinu txikiaren musika izara anitzez jantzia dagoela, erromeria eta halako festaren batean jotzetik, herriko jai, omenaldi eta edonolako ospakizunetan ezinbesteko protagonista bilakatu dela; gorabeherak gorabehera.

        Esandakoaren lekuko izan genuen ekainaren 20an Barañainen ospatutako Nafarroako VII. Trikitixa Eguna. Aurten ere posible izan da Trikitixaren Eguna aurrera ateratzea. Lehen-lehenik, egun horren antolaketa lanetan buru-belarri aritutakoak aipatu gabe ezin gintezke hasi, dudarik gabe, haien lanak posible egin duelako ospakizun hau. Nafarroako Trikitixa Elkartearen izenean, gure esker onena, beraz, Barañaingo guraso eta antolatzaile guztiei.Bigarrenik, zorionak bertan aritutako ikasle, irakasle, guraso eta trikitizaleei. Barañain doinu gozo eta alaiez jantzi genuelako, giro aparta eta bikaina nagusitu zelako Barañaingo karriketan. Bejondeigula!Sakana, Bera, Iruñea, Goizueta, Lekunberri, Viana eta beste hainbat lekutako eskolak elkartzeaz gain, gonbidatu berezi batzuk ere izan genituen. Kataluniatik soinu txikia ikasten dabiltzanak, hain zuzen ere; eskerrik asko, benetan.Hala ere, egun emankor guztiek dute bere anekdota txarra, eta guk ere horietako bat aipatu nahi dugu. Errespeturik ez daukan batek, bere etxeko leihotik bi arrautza bota zituen ikasle talde baten kontra. Erraza da gero, etxeko leihotik edozer bota eta aurpegirik eman gabe ezkutatzea. Lotsagarria eta arbuiagarria! Antolaketa ona eta giro aparta nagusitu ziren, oro har, Trikitixa Egunean, baina are garrantzitsuagoa dena: euskal kultura eta trikitixa munduak gaztetxoenetan piztu dezakeen ilusioa, edota ikasle ezberdinen, eskola ezberdinen hartu-emanen garrantzia azpimarratu nahiko genituzke.Garrantzitsuak diren heinean, zentzu horretan, bideratu nahi dugu Nafarroako Trikitixa Elkarteak aurrerantzean finkatu nahi duen bidea. Jarraitu beharreko bide horretan Nafarroako Trikitixa Elkartean jendeak egin lezakeen aportazioa azpimarratu nahi genuke. Irakasle, ikasle nahiz trikitizale orok ateak zabalik ditu elkartean.Guk gogoa eta ilusioa martxan jarriak ditugu. Asmo eta ideia berriak martxan jartzeko gogoz gaude, euskal kultura eta trikitixa munduaren onurarako, noski. Hori baita geure ohitura, musika, kultura, hizkuntzak, herriak merezi duena. Eutsi goiari!